Ez dauka erdibiderik

Ander Iturraspek denboraldi ikusgarriak izan ditu, eta denboraldi hitsak: mutur batetik bestera ibili da euskarri dotorea. Etzi, Las Palmasen kontra, 300. partida jokatuko du Athleticen elastikoarekin.
Ander Iturraspe, atzo, Lezaman entrenatzen.
Ander Iturraspe, atzo, Lezaman entrenatzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Haritz Gallastegi -

2018ko otsailak 7

Nekez topa daiteke bere kirol ibilbidean Ander Iturraspek (Abadiño, Bizkaia, 1989) baino gorabehera gehiago izan dituen jokalaririk. Onena eta txarrena eskaintzeko gai da. Hala uste dute, behintzat, hura gorengo mailan zuzendu duten entrenatzaileek. Athleticen daramatzan hamar denboraldietan, taldeko nagusia izateko dohainak erakutsi ditu bolada batzuetan, baina zelaian ia agertu ere ez da egin beste sasoi batzuetan. Etzi, Las Palmasen aurka, 300. partida jokatuko du Athleticekin.

San Mamesen ere ez dira ados jartzen harekin. Jarraitzaile askorentzat hamaikakoan lekua bermatua izan beharko lukeen euskarria da. Iturraspek Athleticen ez jokatzea luxu bat dela pentsatzen dute. Baina kontrakoa iritzi diotenak ere ez dira gutxi. Jokatzen hotza delako eta, batez ere, jarraitutasun faltagatik, taldean ez daukala lekurik esaten dute horiek. Eztabaida aspaldikoa da.

Iturrasperen talentua ez du inork zalantzan jarriko. Futbolean erraz jokatzen duen erdilaria da. Teknika ona dauka, eta baloia duenean argitasuna ematen dio Athleticen jokoari. Aurkariaren armiarma sarean lehen zuloa aurkitzeko aproposa da. Sortzeko gaitasuna dauka. Hortaz, esan ohi da Iturraspe ondo ari denean Athletic ere ondo ari dela.

Baina Iturraspek baldintza egokiak behar ditu bere dohainen berri emateko. Konfiantza handia behar du. Garrantzitsu sentitu behar du jokorik onena azaleratzeko. Eroso ez badago, asko jaisten da haren maila. Bidean galtzen da. Gainera, gauzak ondo ateratzen ez zaizkionean, ez da taldeari beste arlo batzuetan laguntzeko gaitasuna duen futbolari bat. Ez da oldarkorra, ez du jokatzen grina handiz, eta ez da baloi bakoitza bere kirol ibilbideko azkena izango balitz bezala borrokatzen duten horietakoa ere. Gisa horretako futbolariak estimatuak izaten dira bai entrenatzaileen artean, baita talde zuri-gorriko zaleen artean ere. Mikel Rico izan daiteke adibiderik garbiena. Baina Iturraspe ez da horrelakoa.

Konfiantza sentitu behar du

Iturraspe ondo zaindu behar da martxan jarri eta taldearen motorra izan dadin. Jose Angel Ziganda Kuko-k ahalegin hori egiteko borondatea erakutsi du. Denboraldi-aurrean, prentsa aretoan, haren aldeko keinuak egin zituen: «Iturrasperekin ilusio handia daukat», esan zuen udako lagunarteko baten ondoren. Futbolari «berezia» dela ere adierazi zuen beste agerraldi batean.

Aukera izan duenean, haren aldeko apustua egin du. Sasoi hasieran arazo fisikoak izan zituen, eta Mikel Vesga, Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria izan zituen aurretik. Baina, aspaldian, Iturraspe da zelai erdiko nagusia. Ricok lan zikina egiten du, eta hari egokitzen zaio erasoko jokoa antolatzea. Oraingoz, bere kirol ibilbidearen antzekoa izan da sasoi honetan egin duen ekarpena: neurketa osoak egin ditu, baina izan dira gutxi agertu den partidak ere. Bartzelonaren kontrako partida eta, batez ere, Alavesen kontra jokatutakoak oso onak izan ziren. Laudorioak jaso zituen. Iturraspe onena bueltan zela zirudien. Gasteiztarren kontrako lehiaren ostean, Iturrasperi berari galdetu zioten horren inguruan: «Bueltan ni? Ez, ni ez naiz inoiz joan», erantzun zuen, ohiko patxadarekin. Beharbada, segida izateko aukerarik eman ez dioten etengabeko lesio txikiak eta entrenatzaileen babes falta egongo dira erantzun horren atzean.

Joaquin Caparrosek eman zion Espainiako Lehen Mailan debutatzeko aukera, 2008ko irailean. Baina Caparrosek ez zuen haren alde egin. Hala, bere balioa erakusteko aukeren faltan, Athletic utzi eta Sportingera joatear egon zen. Baina etxean geratu zen, eta Marcelo Bielsa fitxatu zuen klubak. Haren kirol ibilbidean mugarri izan zen, Iturrasperen onena atera baitzuen. Taldearen iparrorratz bihurtu zuen, eta Athleticek Europa ligako eta Espainiako Kopako finalak jokatu zituen denboraldian ikusgarria izan zen nola jokatu zuen Iturraspek. Ernesto Valverderen lehen urtean ere antzera ibili zen. Vicente del Bosquek 2014ko Brasilgo Munduko Koparako lehen zerrendan sartu zuen, baina gero ez zuen eraman.

Ordutik gaur arte, ordea, gain behera joan da haren kirol ibilbidea. Valverdek konfiantza galdu zuen haren jokoan, eta San Joseren sendotasunaren alde egin zuen. Nafarrak baliatu egin zuen aukera, eta Iturraspek oharkabean pasatu ditu azken hiru sasoiak. 29 urte betetzear da, eta baliteke futbolak eskain diezaiokeen azken trena izatea oraingoa. Ezin jakin aukera aprobetxatuko duen, Iturraspe ezberdina baita. Athleticeko gaztetxoetan ari zela, taldea utzi eta herriko taldean lagunekin jokatzea lehenetsi zuen. Urtebete baino ez zuen iraun beroaldiak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

510 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban eta Gipuzkoan, aldiz, igo egin dira.

Neurri zorrotzagoak iragarri ditu Espainiako Osasun ministroak

Berria

Diskotekak eta gaueko tabernak itxita egongo dira Hego Euskal Herrian. Gainerako taberna edo jatetxeek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero berririk sartu.

Rafael Bengoa, artxiboko irudi batean ©Gorka Rubio / Foku

«Mikrokonfinamenduak» ezartzearen alde dago Bengoa

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak aztarnari falta dagoela azpimarratu du. Uste du agerraldiak egotea herritarren portaeraren eta administrazioaren kudeaketaren ondorioa dela.

Bilboko Birjinetxe zentroa. Bertara eraman dituzte positibo eman diuten egoiliarrak. ©Raul Bogajo/FOKU

Gallartako zahar etxe batean 16 positibo atzeman dituzte

Berria

Hamaika egoiliar eta bost langile kutsatu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna