Angelu eta loturen tentsioak

Duela ia 40 urte hasitako ibilbidearen «erakustaldia» egin du Jose Ramon Anda artistak Oteiza museoan. Urriaren 1a arte egongo da ikusgai 'Kausa formala eta materia' erakusketa

Kuboa oinarritzat hartu eta haren angeluak kiribilduz, formaren interpretazio berria proposatu du Jose Ramon Andak Oteiza museoan bisitatu daitekeen erakusketan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Altzuza
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Ez dut ia marrazkirik egiten. Eskulturak diseinatzean planoetan galtzen naizelako. Buztinaedo igeltsua erabiltzen ditut horretarako», azaldu du Jose Ramon Andak (Bakaiku, Nafarroa-1948). Besteak beste, buruan dabilzkion ideiak gauzatzeko baliatzen dituen bozeto eta eskulturak batu dituzte Altzuzako Oteiza museoan urriaren 1a bitarte ikusgai izango den Kausa formala eta materia erakusketan. Orotara 100 artelanen bidez, Andaren «erakustaldia» egindute. Artistak onartu duenez, zaila egiten zaio bere artelanez mintzatzea; nahiago du bisitariak izatea ardura hori. Hala ere, igande honetan, 12:00etan, museora joaten direnei bisita gidatu baten bidez bere erakusketaren nondik norakoak azalduko dizkie Javier Balda komisarioarekin batera.

Zura da Jose Ramon Andaren materialik «kuttunena». Lantzeko material zaila izan arren, akabera ia perfektua ematen die eskulturei. Zurginak ziren aita eta baita beste hainbat senide ere. Hala, eskulturak artisauaren maitasunarekin egiten ditu. Ia 40 urtean garatu duen ibilbide artistikoan, haritza lantzearekin tematuta egon dela aitortu du: «Sentimenduengatik eta haritzarekin nuen loturagatik, eskultura asko egur horrekin egiten nituen; nahiz eta iraupena txarra izan». Onartu duenez, seta hori tarteko, haritzez egindako eskulturak zaharberritzen lan asko egin behar izan du. Arazo hori izanda, egun ia ez du haritzik erabiltzen.

Angeluak, planoen konbinazioak, hutsarekin lotutako geometriak eta kuboak dira Jose Ramon Andaren eskulturen funtsa. Museoko beheko solairuko aretoetako hormetan jarritako apalek ere bere izana erakusten dute. Bakaikun duen estudioan daukan mundua iradokitzen dute. Besteak beste, eskultura baten azken emaitza baino lehen, zenbat proba egin behar izaten dituen ikus daiteke han. Egurraz eta buztinaz gain, froga horiek egiteko igeltsua ere sarritan erabiltzen du. «Eskaiola da eskultura klasikoan egiaren gordailu, ondo eta gaizki egindakoa erakusten du».

Baina Anda zerbaitetan maisua bada, loturak egiten da maisua. Kuboa inspirazio iturri bihurtuta, zuzenak diren angeluak kiribildu egiten ditu. Gainera, eskultura eraikitzeko baliatutako egurrean arraildura bakar bat ere ez du eragiten. Baldaren irudiko, «Andaren eskulturetan ez dago marruskadurarik, tentsioa baizik». Eskulturaren arlo horri ematen dion arrazoiagatik, museoko erakusketa aretora sartu aurretik Gianbologna eskultura jarri dute. Haritzarekin egindako lana da. Hiru elementuz osatua dago, eta ia modu naturalean elkar hartuta eusten diote zutik.

Andak azaldu duenez, Florentziara (Italia) egindako bidaia batean Giambologna artistaren Sabinen bahiketa eskultura ikusteko aukera izan zuen. Erabat harrapatuta gelditu zen. Izan ere, marmolez egindako eskulturek euskarri bat behar izaten dute, eta, horretarako, oinak edota besoak erabiltzen dira. Baina, kasu horretan, artistak beste irtenbide bat topatu zuen, Sabina erasotzen duten barbaroak baliatzen baititu euskarri modura. «Eskultura ikusten dudan bakoitzean, erabat txundituta gelditzen naiz Giambolognak lortu zuen soluzioarekin», esan du Andak.

Kuboez eta angeluez gaindi, normalean baliatzen duen tonu serioa alboratu, eta. zenbaitetan, jolasteko aitzakia modura erabiltzen du artistak sorkuntza. Hala, Leonardo da Vinciren Vitruvioko gizona-ren interpretazio propioa egin du: «Beti gizona hor ikusi izan dut besoak zabal-zabal eginda preso, eta nik askatu egin dut». Hala, laukia eta triangelua baliatu eta irakurketa berritua proposatu du. Jolas horretan, egurra erabili beharrean, material metalikoen aldeko hautua egin du. Izan ere, bere burua ez du behartu nahi beti material berarekin lan egitera.

Arrazoi horregatik, heriotzarekin lotutako serie bat ere badu. Lauki eta borobilez osatutakoak dira. Hilerrietan jartzeko oroitarriak direla azaldu du. Igeltsuz egindakoak dira, eta, onartu duenez, aurrerantzean serie hori garatzen jarraitzeko asmoa dauka.

Eskulturak eta altzariak

Ziurrenik, Andaren lanen artean deigarrienak erabileraren bat duten eskulturak dira. Tartean daude kuboa abiapuntutzat hartuta sortutako hiru aulki edota bionbo itxura duen armairua. Baina ikusgai dauden altzarietan bada Andarentzat balio berezia duena. Jorge Oteiza eta biak adiskide handiak ziren, eta oriotarrak mahai bat egin zezan eskatu zion. Hauek ziren baldintzak: mahaiaren garaiera eta oriotarrak horrenbeste maite zuen whiski botila gordetzeko tiraderaren neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.