Musika barrokoarekin kalakan

Kalakan hirukotea L'incontro bikotearekin atera lana aurkezten ari da, lau disko elkartzekoak dituen proiektu zabalago baten lehen atala. Musikari baten kolaborazioarekin ari dira sortzen atal bakoitza

Kalakan hirukoteak eta L'incontro bikoteak Lamin izeneko lana osatu dute elkarrekin, eta zuzenean ari dira aurkezten. ANNIE ARRABIT.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Jantziaren irudia erabiltzen du Kalakan taldeko Jamixel Bereauk L'incontro bikotearekin abiatu elkarlana azaltzeko. Hari esker «dotoreago jantziak» direla deritzo. Lamin diskoa (Saroia) dute emaitza. Azkenaldi honetan zuzenekoetan aurkezten ari direna. Itziar Lujanbio Ernabidek eta Francesca Romana Di Nicolak osatua da bikotea. Oboea jotzen du Lujanbiok, eta harpa Romanak. Haiekin batera musika barrokoan murgildu da Kalakan hirukotea. Baina, aldi berean, L'incontro «Kalakan-en munduan» sartu dela uste du Bereauk.

Horren adibide izan daitezke diskoan agertzen diren Sagarra jo eta Kantuz kantuak. Kalakan-ek aspaldian kantatzen ditu. Aldi honetan, berriz, beste kolore bat hartzen dute: «Harparekin eta oboe batekin ondoan, soinua aldatzen da. Gure kantatzeko manera ere aldatzen da, berez. Giroa aldatzen den bezala». Bereauren irudiko: «Dena pixka bat airean gelditzen da. Hor baduzu harpa bat, eta harpa horrek ematen du finezia hori. Oboea ere airean da. Gu, berriz, gure perkusio eta ahotsekin nahiko lurrean gara. Oso telurikoak. Batzuetan, kasik tribalak ere bai». Airean diren instrumentu horiekin kantatzen hastean, aldiz, «energia berezi batekin» aritzen direla dio. «Hartzen zaitu eta eramaten zaitu gora».

Kantuz eta Sagarra jo kantuez gain, beste kantu herrikoi batzuk ere badituzte sartuak disko berrian. Eta, azkenean, euskal kantu herrikoi zenbait musika barrokotik ez direla hain urrun ohartzeko aukera ere ematen du nahasketa horrek, Bereauren ustez. Euskal musikak, bereziki dantzen mundukoak, baduela barrokotik. Barrokoa, Bach, Vivaldi edo Haendel konpositoreen garaikoa; XVII. mende bukaera eta XVIII. mende hasierako garaia hura.

Eta hurbiltasun hori nolabait frogatuz edo, hiru konpositore horien zenbait musika zati bere gisara moldatu ditu boskoteak. Adibidez, zuzenekoan ematen duten Bachen Minueto. Kalakan taldeko Xan Errotabeherek txirula gehitzen diola, alkimiak hartzen duela berretsi du Bereauk.

Lamin diskoa lau atalez osatu proiektu zabalago baten lehen zatia du Kalakanek. Ura du sinbolo. Hirukia, buruz beheiti. Izan ere, aitzineko Elementuak diskotik elementuen kontzeptuarekin ari da taldea. Eta orain lau elementuak lau diskotan deklinatzekoak dira, kolaborazioen bidez. Lehena dute L'incontro bikotearekin. Lamin, hortaz: «Neskekin baikara. Eta lamina, gainera, urarekin lotua da». Gainerako elementuei dagokienez, lurraren sinboloa Luis Peixoto artista portugesarekin dute partekatzekoa. Da terra izendatua dute proiektua. Eta funtsean, jadanik hasiak dira zenbait zuzeneko ematen.

Iñaki Salvadorrekin abiatua dute hirugarren bidea, suarena. Harekin, Kalakan jazzarekin nahasten da. Iaz elkartu ziren lehen aldiz Sarako leizeetan. Mikel Laboari omenaldia egitea ere bada asmoa, Salvador hamabost bat urtez ibili baitzen Laboarekin. Azken proiektua haizeari lotua da, Alexander Arkhincheev mongoliarrarekin pentsatua. «Mongoliarrak haizearen populua dira. Beren kantatzeko moduan ageri da. Haizearekin badute lotura handi bat». Eta horrekin ere hasiak dira. Hots, proiektuak ez ditu eskas hirukoteak.

Kalakanen iturria ez da amaitzekotan, Bereauren ustez: «Hogei urte badira musikari profesionala naizela. Esperientzia pixka bat badut, eta badakit non diren talde baten bizitzako zepoak». Taldea eta kideen gogoa elikatu behar dela dio, baita «musika eta estilo ezberdinak ikertu ere. Beti kuriositate hori atxikitzeko. Ilusioa atxikitzeko. Azkenean, bikote batean bezala da; behar duzu harremana elikatu, proiektu batzuekin eta». Publikoa ere zaindu behar baita. Ez dadin nardatu: «Nire ustez, jendea nardatzen da zu nardatzen bazara lehenik. Ez duzulako gehiago indar hori transmititzen. Hori publikoak sentitzen du. Ez baita gehiago fitsik pasatzen». Horrelakorik ez gertatzeko, badu errezetarik: «Zure lana egin behar duzu. Horretarako behar duzu gogoarekin aritu. Presio pixka batekin. Hori atxikitzeko behar dituzu desafio txiki berri batzuk». Aldi honetan, beraz, barrokoa dute desafioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.