Baita munduaren aurka ere

Eun Sun Park da Hego Koreako selekzioko aurrelaria. Jokalari indartsua da, oso indartsua. 2013an Koreako sei taldek sexu azterketa egitera behartu zuten emakumea dela ziurtatzeko.

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Umiliagarria izan zen. Bihotzeko mina eman zidan». Azken egunotan Eun Sun Parki (Seul, 1986) maiz gogoratu diote 2013ko amesgaiztoa. FIFAk Munduko Kopan sexu azterketak egingo zituela zabaldu zen joan den astean, eta, albistearekin bat, Parken kasua azaleratu zen. Aurrelari indartsua, garaia eta ona izatea zen haren bekatua. Golegile handia. Hain handia, Hego Koreako ligako beste taldeetako entrenatzaile guztiek sexu azterketa egitera behartu zuten, hala izan ezean liga utziko zuten mehatxupean. Park, dena den, ohituta dago azterketetara.

Polemika giroan bizitzen ikasi du Eun Sun Parkek. 15 urte bete zituenetik pasatu ditu sexu azterketak. Haren gorpuzkera sendoa arrotz egiten zaie aurkariei. 1,82 metro luze da, 72 kilo ditu eta bizkar zabala du. Gorpuzkera hori, nonbait, ez dator bat aurkarien zuzendari eta entrenatzaileek duten emakumezkoen itxurarekin. «Maiz pasatu ditut sexu azterketak, Munduko Kopa batean, Olinpiar Jokoetan, beste txapelketa batzuetan... Eta inoiz ez dut izan arazorik». 2010ean egin zituen adierazpen horiek, Asiako Koparen aurretik Txinak espresuki azterketa egiteko eskatu zuenean. Txapelketa hartan, baina, deialditik kanpo gelditu zen, federazioaren ustez «mentalki prestatuta ez zegoelako».

FIFAk jokalariei sexu azterketak egiteko eskubidea duela dio arautegiak. Dena den, ez da ezagutu gizonezkoei azterketarik egin izan dieten kasurik. Parken kasua da ezagunena, baina Bilguisa eta Salimata Simpore Ekuatore Gineako selekzioko ahizpek ere jasan zuten aurkarien jazarpena. Afrikako Kopako beste aurkariek salaketa jarri zieten, eta azterketa egin behar izan zuten lehiatzen jarraitzeko. Are gehiago, 2008an, Hegoafrikan jokaturiko lagunarteko baten ondoren, eta etxeko taldearen protesten ondorioz, epaileak biluzarazi egin zituen aldagelan.

2013an iritsi zen korearraren kirol ibilbideko garai gogorrena. Koreako ligan jokatzen zuen orduan, eta golegile nagusia izan zen, hemeretzi gol sartuta. Ligako bozeramaileak eman zuen albistea: beste taldeetako kirol zuzendariak ligarekin harremanetan jarri ziren, eta liga bertan behera uzteko mehatxua egin zuten Parkek jokatzen jarraitzen bazuen. Hauts asko harrotu zuen auziak Korean, eta Seulgo alkateak babesa eman zion jokalariari Twitter bidez: «Nire esku dagoen guztia egingo dut Parken eskubideak errespeta daitezen». Hiriburuko taldean jokatzen zuen aurrelariak.

Hego Koreako liga uztea erabaki zuen Parkek. Taldeen presioak eragina izan zuen. Bolada bat egin zuen futboletik kanpo, gaizki ordainduriko lanetan, eta horrek gogortu egin zuen. Beste izaera bat eraiki zuen, eta azalean marraztea erabaki zuen: «2013ko maiatzaren 12a, aro berri baten hasiera» du tatuatua besoan. Haren sonak Europako talde ahaltsuen arreta piztu zuen, eta Rossiyankak fitxatu zuen, Mosku kanpoaldeko talde batek.

Bere mailak asko egin du gora Errusian, han ez duelako aski ahal fisikoarekin. Lehiakorragoa bilakatu da. «Hobetu egin nau Errusian jokatzeak. Jokalari garai eta indartsu asko dago han. Euren aurka lehiatzen ikasi dut». Txapeldunen Ligan, esaterako, final-hamaseirenetara iritsi zen, baina selekzioarekin lortu ditu estatistikarik onenak. Asiako sailkapen multzoko golegile onena izan zen. Sei gol sartu zituen; Japonia eta Australiako jokalaririk ezagunenek baino gehiago.

Park oso garai onean iritsi da bere bigarren Munduko Kopara. 2000n jokatu zuen lehenengoa, 16 urte eskasekin —Hego Koreak alde handiarekin galdu zituen lehen faseko hiru partidak—. Orain, baina, jokalari oso ezberdina da, eta erasoko bikote oso arriskutsua eratu du Soyun Ji Chelseako aurrelariarekin. Hego Koreako futbolak garaipen handiak lortu ditu behe mailetan. 2010ean munduko txapeldun izan zen 17 urtez azpiko txapelketan, eta egun nagusien mailako taldean daude orduko jokalari asko. Bigarren fasera iristea da selekzioaren helburua, eta Espainiako selekzioa izango du aurkari nagusi borroka horretan, bertan parte hartzen duten bost euskal herritarrekin. «Munduko Kopa da, eta maila honetan ez dago talde errazik», aztertu du multzoa Parkek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.