Armairuan utzita

Abelardo Fernandezek hamabost jokalariko multzo finkoa osatu du, eta hortik kanpo daudenak oso gutxi ari dira jokatzen. Horietako asko Alavesek udan fitxatutako jokalariak dira, hala nola Bojan, Medran eta Wakaso.

enaut agirrebengoa
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Azken urteetan, Alavesen proiektua oso aldakorra da. Sasoitik sasoira, taldea goitik behera aldetzen da, eta horrek arrisku handiak dakartza. Esaterako, kukuak oker jo dio denboraldi honetako udako azokan, eta sakonerarik gabeko armairua izan da emaitza. Arropa politak erosi ditu, marka onekoak, baina jantzitegiarekin bat ez datozenak. Erosi ondoren jabetu da horretaz, eta, behar beste proba egin ostean, armairuaren hondoan utzi ditu, hautsa pilatzen. Alegia, udan fitxatutako jokalari asko ez dira taldera behar bezala egokitu, eta oso presentzia gutxi ari dira izaten.

Bereziki esanguratsuak dira Alvaro Medran, Wakaso Mubarak eta Bojan Krkicen kasuak. Jokalari entzutetsuak dira hirurak, eta Arabako taldeak gurditik tira egiteko fitxatu zituen; ordea, futbolean izenak ez dakar beti izana, eta aipatu hirukotea da horren adibide. Haien ibilbidean mugarria ezartzeko asmoz iritsi ziren Gasteizera; bada, ezartzen ari dira agian, baina txarrerako. Gozakaitz aritu ziren denboraldiaren lehen zatian, taldearen dinamika txarrak kutsatuta, eta desagertu egin dira Abelardo Fernandezekin, arabarrak Espainiako Kopatik at gelditu ostean —zigorrengatik, Abelardo jokalari guztiak erabiltzera behartuta egon zen—.

Alavesek jokoa sortzeko fitxatu zuen Medran. Valentzian aukera gutxi izango zuela ikusirik, utzita atera zen, esperientzia pilatu nahian. Nahiko txukun aritu zen urri partean, Gianni De Biasiren esanetara. Italiarraren planteamendu kontserbatzailean, erdilari espainiarra zen taldearen itsasargia. Halere, ez du Abelardoren planetan sartzerik lortu. Prestatzaile espainiarrak hamabost partida zuzendu ditu orain arte ligan, eta horietatik zortzi besterik ez ditu jokatu Medranek; titular gisa, bi bakarrik.

Wakaso, berriz, saiatua da, eta ezin uka zelaian izan den bakoitzean dena eman duenik. Horrek zaleen begikoa izateko balio izan dio; ez, ordea, nahi bezainbeste jokatzeko. Egonkortasun bila iritsi zen; horregatik sinatu zuen hiru urterako kontratua. Baina ez dirudi beteko duenik, ez baitago batere pozik azkenaldiko aukera faltarekin. Luis Zubeldiak eta De Biasik aintzat hartu zuten, baina Abelardok alboratu egin du: ligako lau lehiatan baino ez du zelairatu. Bi bider izan da titular, eta beste bitan hondarreko minutuak jokatu ditu soilik.

Are gutxiago ari da agertzen Bojan. Harat-honat ibili da Bartzelonan nerabea zela eztanda egin zuenetik, eta Alavesen ere pausatu ezinik dabil. Ingalaterrako Stoke City utzita iritsi zen, sasoi guztirako, ustez. Bada, arabarrak aurrelariari irteera bat aurkitzen ahalegindu ziren neguko merkatuan. Ez zuten lortu, eta katalanak itzalpean segitzen du. Hilabete baino gehiago jokatu gabe eman ondotik, hamalau minutu jokatu zituen joan zen astelehenean, Betisen kontra.

Maripan, Enzo, Hector…

Badira beste adibide batzuk Alavesek udan eginiko planifikazio kaskarraren. Esaterako, Guillermo Maripanek ez du berme handirik ematen defentsaren erdigunean, eta desagertu egin da Laguardia osatu orduko. Enzo Zidane, aldiz, neguko azokan irten zen, lau partida eskas jokatu eta gero. Hector Hernandezek liga hasi eta berehala hartu zuen min, eta asteon jaso du alta; Antonio Sivera Fernando Pachecoren itzalpean dago, eta Adrian Dieguez eta Ermedin Demirovic bigarren taldean dabiltza.

Hortaz, Alavesek eginiko fitxaketa askoren ekarpena oso urria ari da izaten, eta horrek alternatiba falta dakar. Hori bai, maila ari dira ematen Munir El Haddadi, Alfonso Pedraza, Tomas Pina, Ruben Duarte eta Jorge Franco Alviz Burgui, baita neguan fitxatutako John Guidetti eta Hernan Perez ere. Besteak beste, Abelardok jokalari horiengana jo du Alaves arnasberritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.