Aurrekoei garaikide begiratzea

120 sortzaile baino gehiago batuko ditu martxoaren 5etik 26ra bitartean Loraldia jaialdiak. 30 saio antolatu dituzte guztira, Bilboko ia 20 gunetan, eta estreinaldiak edo lan berriak izango dira gehienak

Loraldia jaialdiaren antolatzaileak eta euskal erakundeen ordezkariak, atzo, Bilboko Azkuna Zentroan egindako aurkezpen ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«Azkenaldi honetan maiz ari da Bilbo kanpora begira; horregatik, laugarren Loraldiak barrura begiratzeko tenorea dela aldarrikatu nahi du lau haizeetara. Barrura begiratzeko leihoak zabaldu nahi ditugu. Geureari eutsi. Gugandik abiatu». Euskal kultur industria suspertzea eta sortzaileak ikusgarri bilakatzea izan ditu xede Loraldia jaialdiak hasieratik, eta ia hilabete hartzen duen programa antolatu dute aurten ere Bilbon horretarako. Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoak eman ditu programazioaren nondik norako zehatzak. Martxoaren 5ean hasi eta 26ra arte, 30 emanaldi antolatu dituzte, eta 120 sortzaile baino gehiago batuko dituzte. «Euskal kultura garaikidearen lekuko gara», laburbildu du.

Laugarren edizioa du aurtengoa jaialdiak, eta Lau sormen-haizetara leloa jarri diote horregatik programari. Proposamena egonkortuta ikusten dute antolatzaileek jadanik. Egonkortuta eta egokituta ere bai. «Krisialdi txiki bat» ere izan dutela onartu dute, halere. Bilbao 700 fundazioaren bultzadaz, 360.000 euro inguruko aurrekontua izan zuten 2016an, baina aurten ez du fundazio horren babesik jaso, eta 150.000 euro izango da aurrekontu artistikoa. Agirre: «Atera gara krisialdi txiki horretatik, eta orain esan dezakegu egonkortuta dagoela jaialdia. Orain, badakigu zein den Loraldiaren markoa, eta marko hori da edizio honek markatu duena. 2016an handiagoa izan zen, baina oraingoa ere handia da, eta gure ametsetako jaialditik hurbil dago».

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskaintzen diote babesa jaialdiari, eta, erakunde publiko horiez gain, beste hainbat enpresa pribaturen sostengua eta elkarlana ere izan dute antolatzaileek aurten ere. Tartean, BERRIA egunkariaeta Badok.eus ataria.

ABADIA, OTEIZA ETA ARTZE



Anton Abadia bidaiari eta euskaltzaleak XIX. mendean abian jarritako Euskal Lore Jokoak aipatu izan dituzte maiz antolatzaileek erreferentetzat, eta egitasmo hura XXI. mendera egokitzea da helburua, haien hitzetan. Urtero egin diote Abadiari omenaldia horregatik jaialdiaren lehen egunean, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Oier Guillanen zuzendaritzapean eta Patxo Telleria antzerkigilearen gidoiarekin, Anton Abadia, Dublinetik Hendaiara ikuskizuna taularatuko dute Txomin Hegik, Xabi Zeberiok, Mixel Ducauk eta Alaia Philips Ducau sortzaileek. Martxoaren 7an izango da hori, Arriaga antzokian. Jaialdiaren lehen edizioan Abadiaren rola jokatu zuen Aitor Mazo aktorea ere omenduko dute ikuskizunean.

Jorge Oteiza hartuko dute ardatz Kukai dantza konpainiak eta Tanttakak. Espresuki Loraldirako sortu dute Oteizak 110 pieza, eta Euskalduna jauregian eskainiko dute martxoaren 18an. Hor eta ez beste inon, jaialdiko antolatzaileek aurreratu dutenez, ikuskizuna ez baitute gerora beste inon errepikatuko. Antzokiko espaziotik kanpo eskainiko dute ordu erdiko saioa, eta hiru pase soilik eskainiko dituzte. «Harribitxi bat» izango dela esan du Agirrek.

Eta ez dira horiek izango jaialdiko omenaldi bakarrak. Orain aste batzuk hil zen Joxan Artze txalapartari eta poeta ere izango dute gogoan. Jaialdirako propio sortu dute Beñat Goiti musikariak, Adrian Puck DJak eta Aitor Zarzuelo bideogileak Isturitzetik Etiopian barrena ikuskizuna, eta uztartu egingo dituzte bertan Artzeren Isturitzetik Tolosan barrena liburuko poemak eta Bernardo Atxagaren Etiopia liburuko pasarteak. Martxoaren 16an izango da hori, Bilboko Itsasadarra itsas museoan.

Mizel Theret koreografoak, bestalde, Mikel Laboa musikariaren Lekeitioak hartu ditu oinarri martxoaren 18an Fundicion aretoan estreinatuko duen dantza piezarako.

MUSIKA OMENALDIAK



Musikariak ere izango dituzte gogoan jaialdian. Atzera begira egingo dute aurrera kasu horretan ere. Emanaldi berriak sortzeko oinarri modura hartuko dituzte hainbat euskal abeslariren figurak. Hori izango da kasua, adibidez, Imanol Lartzabalekin,Ruper Ordorikarekin eta Estibaliz Robles-Arangiz Bernaola Estitxurekin.

Martxoaren 10ean, jazzaren esparrura eramango dute Imanol Iñaki Salvador, Karlos Gimenez, Ainara Ortega eta Petti musikariek Imanol jazz emanaldian. Imanolekin batera aritu ziren zuzenean bai Salvador eta bai Gimenez, eta haren errepertorioko abestiak moldatuko dituzte.

Martxoaren 17an egingo dute Estitxuri eskainitako emanaldia, eta, kasu horretan, Robles Ajangiz familiako hiru belaunalditako kideak izango dira oholtzan musikariaren abestiak eskaintzen, eta haiekin batera izango dira Niko Etxart, Gontzal Mendibil eta Jose Mari Iriondo ere.

Omenaldi asmo argia izango du Ordorikari eskainitako saioak ere. Kasu honetan, hamaika sortzaile igoko dira oholtzara musikariaren kantak eskaintzera. Besteak beste, bertan izango dira Ken Zazpi, Mice, Ixiar Oreja, Petti, Balerdi Balerdi eta Mikel Uraken musikariak, eta baita Bernardo Atxaga idazlea ere. Martxoaren 14an izango da hori, Kafe Antzokian, Izar & Star zikloaren barruan.

Izaro musikariak Loraldian hasiko du Eason diskoaren aurkezpen bira martxoaren 8an, eta Inun musikariak ere Aingurak diskoa aurkeztuko du martxoaren 22an. Bestetik, Mursego eta Amorante musikariak elkarrekin arituko dira martxoaren 9an.

ANTZERKIA ETA LITERATURA



Estreinaldiak izango dira antzerki eta literatur ikuskizunei dagokienean ere. Silvya Plath idazle ipar amerikarraren izen bereko poema luzea oinarri hartuta Hiru emakume antzezlana estreinatuko dute 15ean. Arriaga Antzokiak egin du ekoizpen lana, eta Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria eta Ane Pikaza aktoreak zuzendu ditu Mireia Gabilondok. Mikel Martinez aktoreak, berriz, Patxo Telleria gidoigileak idatzitako Tabernaria antzerki laburra aurkeztuko du Cafe Bat Bilbao tabernan lehenengoz, martxoaren 9an.

Joseba Sarrionandiarena izango da literatur izen nagusietako bat egitarauan. Idazlearen Herejeen alaba narrazioa oinarri hartuta, izen bereko ikuskizuna eskainiko dute Euskalduna jauregian antzinako musika jotzen duen Khantoria taldeak eta Ander Lipus aktoreak [11an].

Joan-etorriak ikuskizuna ere estreinatuko dute, bestetik, 22an. Bilboko San Frantzisko auzoko bizilagunekin batera osatu dute emanaldia, eta auzora bizitzera joandako hainbat pertsonaren benetako lekukotzak ditu ardatz. Lamine Diawara musikari senegaldarrak jarriko du musika irakurketan.

Liburu aurkezpen sorta bat ere egingo dute Elkar dendetan. Xabier Amuriza, Ekaitz Goienetxea eta Danele Sarriugarte idazleek beren azken lanen berri emango dute saio horietan, adibidez.

ESTREINALDIAK



Lehenengoz eskainiko dituzte orain arte aipatutako emanaldi gehienak. Baina estreinaldi kopuru zehatzik ez dute eman antolatzaileek. «Egia esan, ez dakit ziur», aitortu du Agirrek. Kontatu ere ez dituzte egin. Izan ere, Loraldirako propio sortutako piezak sustatu dituzte lehen ediziotik, eta oraingoan ere estreinaldiak edota jaialdirako propio sortutako emanaldiak izango dira gehien-gehienak.

Nabaria da diziplinartekotasuna programan, eta urtero jaialdia ixteko antolatzen duten emanaldia da horren froga. Etorkizunari begira jartzen dute edizio bakoitzean idazle ezagun bat, eta, haren testua oinarri hartuta, emanaldi hibridoa osatzen dute gero musikari eta bertsolariek. Arantxa Urretabizkaiak idatzi du oraingoan testu futurista, eta Joserra Senperena musikaria arituko da oholtzan Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolariekin batera. Guggenheim museoan izango da hori, 25ean.

Beñat Krolem eskultoreak eta Jone Uria eta Jon Martin bertsolariek ere arte plastikoak eta bertsolaritza uztartzen dituzten pieza estreinatuko dute martxoaren 23an: Oholtza.

Erdi estreinaldia izango da Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak eskainiko dutena ere. Aurkeztua zuten Sagartu ikuskizuna kalerako formatuan, eta aretorako egokitzapena estreinatuko dute orain, 17an.

Horrez gainera, euskal kantagintzari eskainitako tailer bat, Bilbronx izeneko egitasmoa, Bego Vicario zinemagileari eskainitako proiekzio programa, eta gastronomia eta kultura uztartzen dituzten bi saio ere antolatu dituzte.

HEMEZORTZI ARETO



Bilboko «bihotza» aipatu dute antolatzaileek. Hori da Loraldiaren kokapena. Aurrekio jaialdietan ere erdigunean martxan diren hainbat aretorekin elkarlanean antolatu dute egitaraua, eta aurten inoiz baino gehiago zabaldu dute lankidetza hori, guztira, hiriko 18 aretotan ikusi ahalko baitira emanaldiak.

Transmisioa da jaialdiko antolatzaileek behin eta berriz ahotan darabilten hitzetariko bat, eta haur eta gazteentzako programa berezia ere antolatzen dute horregatik. Bizkaiko hainbat ikastetxerekin ere lantzen dituzte proiektuak horretarako. Aurten, esate baterako, Loiuko Lauro ikastolarekin, Gernikako San Fidel Ikastolarekin eta Zornotzako Zornotzako Andra Mari ikastolarekin aritu dira elkarlanean.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.loraldia.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.