Goya bihurtzear zegoen Goya

Francisco Goyak Madrilgo gortean emandako aroa biltzen duen erakusketa bat ireki du Bilboko Arte Ederren museoak. 96 pieza batu dituzte, tartean 11 euskal herritarri egindako erretratuak
Emakume bat Bilboko Arte Ederren museoak Goyari eskaini dion erakusketako artelan esanguratsuenetako bati begira: <em>Oilo itsua</em>.
Emakume bat Bilboko Arte Ederren museoak Goyari eskaini dion erakusketako artelan esanguratsuenetako bati begira: Oilo itsua. MIGUEL TOÑA / EFE

Iñigo Astiz

2018ko otsailak 14
Profezia bat idazten ari zenik susmatu ere egin gabe idatziko zuen Manuel Quintana poeta madrildarrak eskaintza xume hura 1804an, lagunari oparitu berri zion liburuaren lehen orrian, baina bete-betean asmatu zuen iragarpenean: «Goya, etorkizunean jendea atzerritik etorriko da zure lanak ikusteko. Gainera, Rafael berri baten modukoa izango zara: zuregandik edango dute artistek. Etorkizuneko artearentzako eredua izango zara». Hamarkadak joan dira ordutik, eta hazi besterik ez da egin Francisco Goya margolariaren itzala (Fuentetodos, Espainia, 1746- Bordele, Frantzia, 1828). Gaur egun asko dira, Quintana poetak bezala, Goya handienen parean jartzen duten arte historialariak, eta erakartze ahalmen horren erakusle da Bilboko Arte Ederren Museoak orain eskaini dion erakusketa. Artistaren beraren eta garai bertsuan Madrilgo gortean zebiltzan beste hainbat sortzaileren 96 margolan bildu dituzte guztira, eta lan horien artean daude Goyak Euskal Herriko 11 pertsonari egindako erretratuak ere. Margolanez gainera, ibilbidean Goyaren hamahiru eskutitz original ere jarri dituzte ikusgai, artistaren nortasunaren erakusgarri. Goya eta gorte ilustratua izendatu dute bilduma, eta maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik.

«Oso gutxi dira artearen historian Goyaren mailan daudenak: Rafael, Michelangelo, Tiziano, Rembrandt, Rubens, Velazquez, Goya. Besteren bat ere bai agian, baina ez dakit». Manuela B. Menak lehen lerroko sortzaileen arteko lehenengoen artean kokatu du Goya. Madrilgo Prado museoko XVIII. mendeko Pintura eta Goya ataleko kontserbazio burua da, eta berak antolatu du Goyari buruzko erakusketa, Gudrun Maurer kontserbatzailearekin batera. Menak zehaztu duenez, Pradoko funtsak dira erakusketaren oinarri nagusia, nahiz eta badauden Bilboko Arte Ederren museoko lan batzuk eta beste hainbat bilduma pribatutako piezak ere.

Erregearen margolaria

Margolan guztiek Goyak Madrilen Karlos III.aren eta Karlos IV.aren gortean emandako sasoia laburbiltzen dute. Sei atal tematikotan banatu dute ibilbidea: hasi artistak bere sorterriari eskainitako margolanekin, eta buka Goyak euskal herritar boteretsu sorta bati egindako erretratuekin. Baina, margolanez gainera, sortzailearen nortasuna erakusten duten gutunak ere bildu dituzte Bilbon. Zehazki, Goyak Martin Zapater lagunari idatzitako hamahiru eskutitz dira, eta, Menaren arabera, eskutitz bidezko hartu-eman horrek osatu du erakusketaren bizkarrezurra.

Mugarri bat erakusten du, adibidez, Goyak Zapaterri 1786ko uztailaren 7an bidalitakoak: «Martin nirea», hasten zen eskutitza. Hitzez hitz:«Erregearen margolaria naiz, hamabi mila errealekin. Ez dut astirik, baina kontatuko dizut: Erregeak Bayeuri eta Maellari agindu zien aurki zitzaketen bi margolaririk onenak ekartzeko, tapizak eta jauregian gertatzen den oro margotzeko, freskoan nahiz olioan. Bayeuk bere anaia izendatu zuen, eta Maellak ni. Erregeari esan zioten, eta erabakia hartu zuten; eta, nik ezer jakin gabe harrapatu ninduten, zer gertatzen ari zen jakin gabe ».

Eskutitz horiek aurrez jendaurrean sekula erakutsi gabeak ziren, eta, beraz, bisitariak Bilbon ikusi ahal izango ditu lehengoz dokumentu original horiek. Gortean gora egin ahala bizi izandako nekeak eta pozak irakur daitezke bi lagunen arteko gutun horietan. «Goyarik gertukoena eta intimoena ikusten da hor», zehaztu du Menak. «Haren nortasunaren berri ematen dute eskutitz horiek, eta baita gortean nagusi zen lehia giroaren berri ere».

Betoker eta inozo

Goya 1775ean heldu zen Madrilera, 29 urte zituela. Haren koinatuak konfiantzazko norbait behar zuen eskutan zerabiltzan margolanekin laguntzeko, eta ehiza koadro batzuk eginda lortu zuen pintoreak lehenengoz gortean sartzea. Zehazki, Goyak bederatzi kartoi egin zituen El Escorial jauregia dekoratzeko, eta hortik hasi zuen goraldia Karlos III.aren gortean, Karlos IV.aren agintaldian ganberako margolari izatera heldu zen arte. Ehizarekin hasi zen dena, eta erakusketan ere horregatik abiatu dute ibilbidea ehiza koadro horiekin, lehen aretoa Zaragozari buruzko margolanei eskaini ostean.

Hain zuzen ere, lehen areto horretan topa daiteke erakusketako lan nabarmenetako bat: Karlos III.aren ehiza erretratu ikusgarria. Idealizazioaren antipodetan dago artistaren lana: artistak irribarre inozoz, betoker eta zimurtuta irudikatu zuen erregea. Monarkiaren zimenduak mugitzen ari ziren Europan sasoi hartan, burgesia indarra hartzen zihoan, eta, ondorioz, Goyaren margolanak aldaketa giro horren lekukotza ere ematen du. Transformazio sozial horien guztien ondorio ere badelako, zintzoaren zintzoz, burlati izateko itxura ere baduen Goyaren errege-erretratu hori.

Baina ez da hala, oraingo honetan. Erakusketako komisarioak eman du azalpena. Eta, haren hitzetan, irudian ez dago erregearen aurkako burlarik. «20ko hamarkadako bibliografia nagusian zabaldu zen ustearen kontra, Goyak ez zuen inor epaitzen bere erretratuetan. Goyak ez du epaitzen, definitu egiten du. Erretratatzen dituen pertsonaien sakoneraino sartu, eta harrapatu egiten ditu».

Badira erakusketan Goyaren lan esanguratsu gehiago ere. Bertan dira, besteak beste, Oilo itsua koadro erraldoia, Herrixkako iruzurtia margolana, eta sasoi hartan indarra hartuz zihoan gizarte batasun ilustratuaren ideia gorpuzten duen Mahats bilketa olioa ere. Guztira, artistaren 32 margolan bildu dituzte, eta gortearen inguruan zebiltzan beste artista batzuenak dira zintzilikatu dituzten gainontzeko koadroak.

Erakusketaren beste asmoa Goyak sasoi hartan ezagututako artea erakustea izan da, eta horregatik bildu dituzte gortean lanean aritzen ziren beste artista horiek ere. Gainera, artista horietako asko sortzaile garrantzitsuak dira. Bildumaren parte dira, esate baterako, Luis Paret, Mariano Maella, Jose del Castillo, Antonio Carnicero eta Lorenzo Tiepolo.

Nekeza da bataren eta besteen arteko konparazioa, halere. «Oso zaila da Goyaren ondoan egotea», onartu du erakusketako komisarioak. «Normalean, txikiago bilakatzen dira bere ondoan dauden lanak. Baina oraingo honetan ez nuke esango gaizki ateratzen direnik, azken batean Goyak jarraitu zuen estetika baten parte baitira».

Garai hartan hasi zen zabaltzen klaserik gabeko gizarteen ideia ilustratua, eta ohikoak izaten ziren gorteko kideak eta herri xehea elkarrekin irudikatzen zituzten koadroak. Borboien programa politikoaren parte ziren ideia horiek nolabait ere, eta, horregatik, Goyak ere egin zituen gisa horretako margolanak. Baina, Menaren hitzetan, bada garai hartan indarra hartzen hasi zen beste gai piktoriko garrantzitsu bat ere: emakumea. «Herri xehearekin batera, bestela agertu zen emakumea ere lehenengoz, eta areto bat ere badu horregatik. Rol berria izan zuten andrazkoek».

Goyaren euskal herritarrak

Berez, Madrilgo Prado museoak eta La Caixa banketxearen fundazioak Zaragozan (Espainia) erakusteko soilik antolatu zuten erakusketa, baina ibiltari bilakatu zuten, eta hala heldu da Bilbora. Gainera, bilduma osatu egin dute, propio. Aurreko geldialdietan ikusgai jarritako artelanez gainera, aparteko atal bat ere antolatu dute Bilbon, Goyak euskal herritarrei egindako erretratuekin. Baina ez da apeta hutsa: haren erretratugintzaren zatirik handiena hartu zuten euskaldunen irudiek, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak zehaztutakoaren arabera. Haren hitzetan, erretratuen artean euskal herritarrei eskainitakoak dira nagusi. «Horrek erakusten du euskal ordezkariek gortean zer garrantzia zuten».

Guztira, 11 dira euskal erretratu horiek, eta bertan dira, besteak beste, Migel Muskitz Goienetxe markes eta kondeari, François Cabarrus baionarrari, Bernardo Iriarteri, Jose Maria Magallon Armendariz San Adriango markesari eta Leocadia Zorrillari egindako erretratuak. Katalogo gehigarria ere kaleratu dute, atal horri buruzko ikerketa batekin.

«Boom bat bizi du gaur egun». Hil zenetik ia bi mende diren arren, oraindik ere hazten darrai Goyaren sonak, erakusketako komisarioaren hitzetan, eta Prado museoan ikusitakoa jarri du horren adibidetzat. Mena: «Orain dela hamarkada batzuk sartu nintzen museoan, eta orduan Goya ez zen orain bezain garrantzitsua, eta ez genuen gaur egun eduki behar dugun kontu eta babes bera edukitzen». Haren hitzetan, oraindik ere lilura pizten du artistak sortzaile garaikideen artean. «Oraindik ere bizirik balego bezala begiratzen diote artista garaikide batzuek Goyari, teknikan, konposizioan, koloreetan eta irudimenean oraindik harekin lehiatu beharko balute bezala. Haietako batzuk haserretu ere egiten dira, hark lortutakoa lortu ezin izan dutelako».

1804an, Quintana poetak liburu baten lehen orriko eskaintza modura mozorrotu zuen profezia: «Rafael berri baten modukoa izango zara: zuregandik edango dute artistek».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna