Ezkutukoak erakusteko

'Ez gara Palestinaz ari' ikuskizunak barnerako bidaia bat proposatzen du, bertsoa, musika eta antzerkia nahastuz

Aitor Atxega, Imanol Kamio, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde, Ez gara Palestinaz ari aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
«Antzeko bidea» egin dute azken urteotan Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek beren barne munduei eta buruei begira, eta konturatu dira hainbat «kezka eta gaitegi» konpartitzen dituztela. Konturatu dira euren barne munduko elementuekin mezu bat plazaratzeko desira ere partekatzen dutela. «Ondo eta gaizki bizitzen» laguntzen dieten elementuak dira horiek, Muñoaren ustez. Eta mezu hori Ez gara Palestinazari ikuskizunaren bidez zabaldu nahi dute. «Bai bertsolariak garelako, baita gure kulturagatik ere, oso ohituta gaude gai estratosferikoez hitz egiten: gai sozialez, politikoez... Ihes egiten diogu, ordea, geure buruaz hitz egiteari». Ezkutukoak erakustera datoz haien mezuarekin. Eta hori «indartzeko», musikarekin eta antzerkiarekin jantziko dute. Andoaingo Bastero gunean estreinatuko dute, etzi (20:00).

Muñoaz eta Lizarraldez gain, Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariek parte hartuko dute ikuskizunean. «Edertzeko jantzi bat behar zuen ikuskizunak, eta horregatik erabaki genuen musika baliatzea». Atxegak gitarra joko du, eta, gainera, bi bertsolariei lagundu die sortak musikatzen eta doinuak aukeratzen. Kamiok, berriz, akordeoia eta pianoa joko ditu. Harengana jo dute bi bertsolariek, koru zuzendaria ere badelako Kamio, eta bi ahotsetara kantatu nahi izan dutelako ikuskizunaren zenbait zatitan. Umorea ere gehituko diote taularatutakoari, «mezu sakonak eta trinkoak arintzeko», Muñoaren esanetan.

Mezu hori eraikitzeko baliatu dituzten gaiak barru-barruan sortzen direnak dira. Batetik, esaterako, haurtzaroa. «Nola eragin zigun, nola eraiki...». Bestetik, «askotan zama bat bihurtzen dena: egoa». Askatasuna ere izango dute mintzagai. «Baina askatasun pertsonala. Aske izateko ditugun arazoak, beldurrak, desirak, aukerak...». Beldurrak izango dituzte hizpide, baita gizontasuna ere. «Gure gizonkeriak agerian utziz gizontzeko bidea egin nahi dugu». Muñoakpentsatzen du ikuskizunak egingo duela bere ekarpena, «ez gaudelako horrenbeste biluztera edo kontatzera ohituta». Lagun batek bertsolariari esan dio «biluzte artistiko bat» izango dela.

Horren bidez, «hainbat galdera» piztea da Ez gara Palestinaz ari-ren helburuetako bat. Norberaren barne mundura bidaiatzera gonbidatu nahi dute ikuslea, «gure kezkak haiek dituztenekin konektatu ahal izateko». Halere, badaki Muñoak publikoak beste bide bat har dezakeela, eta haiek «epaitu» ditzakeela. «Askotan ezkutuan erabiltzen ditugun hainbat gauza aterako ditugu publikoaren aurrean, eta guk arrisku hori hartuko dugu».

«Emankorrak», edo ez

Pentsatzen du muzin egiten diogula gure beldurrak, desirak, konplexuak, frustrazioak eta minak konpartitzeari. Lizarralderen ustez, «oso gutxi» hitz egiten da norberaz, pertsonak, «ondoen», bere buruaz hitz egin dezakeela uste duen arren. Badaki «probokatzailea» izan daitekeela ikuskizunaren izenburua. Baina, Muñoaren iritziz, haien intentzioa ez da gai politiko edo sozialei pisua kentzea. «Gutaz aritzeak duen garrantzia nabarmentzea da gure asmoa». Euskal Herria, sozialismoa eta feminismoa, adibidez, «gertuko» gaiak iruditzen zaizkio: «Halere, gure baitatik pixka bat ateratzen dira».

Bi urte daramatzate bertsolariek ikuskizuna prestatzen, eta garai emankor eta «ez-emankorrak» pasatu dituztela aitortu dute. Izan ere, segurtasunik eza eta beldurrak sentitu dituzte prozesuan. Horregatik, joan den abenduan aurrestreinaldi bat egin zuten, Zarautzen. Aditu batzuk eta entzule soilak deitu zituzten. «Kontrastatu egin nahi genuen», azaldu du Lizarraldek. Eta esperientzia baliagarria izan zen, beldurrak «neurri batean» txikitzeko balio izan zielako, ezkutukoak erakusteak dakarren zama arintzeko aprobetxatu zutelako. Basteroko estreinaldiaren ondoren, martxoaren 1ean Oiartzungo udaletxera eramango dute ikuskizuna, eta apirilaren 19an, berriz, Larraulgo elizara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.