Ia 800 enpresa eta 1.400 autonomo galdu ditu Arabak krisiaren ondorioz

Herrialdeko enpresak «unerik txarrena» orain igarotzen ari direla ohartarazi du SEA patronaleko idazkariak

Juan Ugarte, SEA patronaleko idazkari nagusia, eta Aitor Otaola, zuzendariaren albokoa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2013ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Zenbakiak jarri dizkio Arabako SEA patronalak krisiaren triskantzari. 2008. urtetik, 783 enpresa itxi dira herrialdean, eta 1.400 langile autonomok proiektua bertan behera utzi dute. SEAren ustez, gainera, gainbehera ekonomikoa hasi zenetik, «unerik txarrena» igarotzen ari dira orain Arabako enpresak.

Herrialdeko 300 enpresari egindako inkestaren emaitzak aurkeztu zituen atzo patronalak. Ezkor izateko arrazoiak erruz aurki daitezke enpresaburuek eman dituzten erantzunetan. Esaterako, lau enpresatik hiruk uste dute merkatua atzeraldian dagoela eta datorren hilabeteotan berdin jarraituko duela. Azken urteotako emaitzarik txarrenak dira. Eraikuntzaren egoera kritikoa da, eta enpresen %96k atzeraldi handia dagoela adierazi dute.

Eskaeren eta fakturazioaren murrizketa ia %30 da, aurreko urteko datuekin alderatuta. Espainiako merkatura egindako salmentak %70 jaitsi dira. Esportazioek itxura hobea dute, eta %47k gehiago saldu dute atzerrian.

Eskaeretan eta salmentetan espero den jaitsierak ondorioak izango ditu enpleguan, ñabardura batzuekin. Enpresen %29k laster kaleratzeak egitea aurreikusi dute. Joan den urteko uztailean inkesta berean egondako ehunekoa baino lau puntu gutxiago dira. Datozen hilabeteotan, kaleratzeren bat espero dute enpresaburuen %35ek, iazko uztailean baino zortzi puntu gutxiago.

Egoerari erantzuteko, neurriak hartzea eskatu die administrazioei Juan Ugarte SEAko idazkari nagusiak. Aldaketarik ez badago urtearen joanean Arabak 3.000 langabe gehiago izango dituela aurreikusi du. Populazio Aktiboaren Inkestaren arabera, Araba da orain langabezia tasarik handiena duen Euskal Herriko lurraldea (%18), eta langabe kopurua %60 handitu zen 2012 urtean.

Finantzaketa eske

Enpresa gehienek inbertsioei eusteko borondatea dute, SEAren inkestaren arabera. Hori lortzeko, laguntza eskatu die Ugartek erakunde publikoei. Besteak beste, eskatu du kontsumoa eta inbertsioa sustatzeko neurriak martxan jartzea. Era berean, baldintza onak dituzten maileguak eskaintzea galdegin du, finantzaketa bermatzeko. «Une kritikoa da, eta premiazko neurriak behar ditugu», Ugarteren aburuz.

Alderdi politikoei lankidetza areagotzeko eta akordioak lortzeko eskatu die SEAk. Ildo horretan, PPk eta EAJk Gasteizko Udaleko aurrekontua onartzeko erdietsi duten ituna goratu du. Beste erakundeetan ere bide berari jarraitzea espero du.

Jaurlaritzak eta aldundiek iragarri duten zerga erreformarekin, berriz, kezkatuta dago patronala. «Enpresa lehiakorrak nahi baditugu, ezin dira gehiago zergapetu», ohartarazi du Juan Ugartek. Erakundeek euren altxortegi arazoak enpresen kontura konpontzeko «tentazioa» egon daitekeela uste du, «etorkizunaren kalterako izan daitekeela pentsatu gabe». Aldaketak baleude, enpresek ordaindu behar dituzten kotizazioak eta zergak «arintzea» nahiko luke SEAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.