Independentzia gogoan

Getzetik Iruñera arteko martxa antolatu dute gaurko, Nafarroa orain dela 500 urte estatu bat zela gogora ekartzeko
Nabarralde elkarteak Ausa Gaztelun ere egin zuen iaz Nafarroako estatuaren aldeko ekitaldi bat.
Nabarralde elkarteak Ausa Gaztelun ere egin zuen iaz Nafarroako estatuaren aldeko ekitaldi bat. ZIRIKA IRRATIA

Erredakzioa -

2011ko ekainak 26
1512. urtetik, konkistatu zutenetik, estatu bat izateari utzi zion Nafarroak. Datorren urtean beteko da konkistaren urteurrena, eta borroka hura gogoan izango dute nafarrek. Noain 2011 jardunaldien barruan, Getzetik atera (Galar) eta ibilaldia egingo dute gaur, Iruñera arte. Bidean, hainbat ekintza antolatu dituzte goizetik arratsaldera bitarte. 09:30ean elkartuko dira parte hartzaileak, Getzen, eta martxa 10:15ean abiatuko da, Ulibarrenaren monumentutik. Bazkalaurretik Iruñera iristea espero dute, 13:00 aldera gutxi gorabehera. Burgoen plazan txangoaren amaiera ekitaldia egingo dute; han, ikuskizunak, pregoia eta otordutxo bat antolatu dituzte.

Ondoren, bazkaria egingo dute salestarren eskolan, eta aldez aurretik erreserba egiten dutenek bakarrik izango dute han bazkaltzeko aukera. Musika eta dantzaldia izango dira jaia amaitzeko: The Trikiteens taldea ariko da salestarren eskolan. Gaur ez da, dena den, orain 500 urte gertatu zena gogora ekarri duten lehen eguna. Astean zehar hainbat hitzaldi izan dira, Iturralde-Nabarralde zikloaren barruan. Jokin del Valle de Lersundi, Iñaki Lasagabaster, Floren Aoiz eta Juan Jose Ibarretxe izan dira hizlariak.

'ORAIN 500 URTE ESTATU GINEN'

Noiz. Gaur, 09:30etik 16:00etara.

Non. Getzetik (Galar) Iruñera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna