Krisia eta emakumeen iraultza

Krisi ekonomikoak emakumeengan izan dituen eragina eta ondorioak aztertuko dituzte gaur Bilbon
Irudian, Ruth Iturbide, gaurko jardunaldiko hizlarietako bat.
Irudian, Ruth Iturbide, gaurko jardunaldiko hizlarietako bat. BERRIA

Ainhoa Arano -

2012ko martxoak 6
Zifrak esanguratsuak dira. Emakumeek indartsu ekiten diote unibertsitateko ibilbideari: ikasle gehienak dira emakumeak, eta nota onenak lortzen dituzte, masterrak eta gradu ondoko ikasketak barne. Katedradunen %16,8 bakarrik dira, ordea, emakumeak. Eta lan merkatuan zer? Txandakako kontratuak eta soldata eskasak. Emakumeen urteko batez besteko soldata gizonena baino %22 apalagoa da; eta gutxieneko soldata edo gutxiago irabazten duten emakumeak gizonak baino hiru bider gehiago dira, %15,2. Hori guztia aski ez delarik, orain urteetan lortutako eskubide sozialei eta garapen ideologikoari mehatxu egiten dien munduko krisi ekonomikoari egin behar dio aurre iraultza feministak. Hala, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauaren barruan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian Krisiaren ondorioak emakumeengan jardunaldia antolatu dute gaur. 19:00etan hasiko da. Hasteko, Oihane Agirregoitiak Economía feminista bideoa aurkeztuko du. Ondoren, Gaur egungo krisiaren eragina emakumeengan mahai ingurua egingo dute. Hizlariak Mertxe Larrañaga Euskal Herriko Unibertsitateko ekonomia eta genero irakaslea eta Ruth Iturbide Nafarroako Unibertsitate Publikoko gizarte eta genero ikerlaria izango dira. Gero, eztabaida irekiari utziko diote lekua.

'KRISIAREN ONDORIOAK EMAKUMEENGAN'

Noiz. 19:00etan.

Non. Bidebarrieta liburutegian, Bilbon.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna