Gerra jolas, jolas gabeko gerran

Hika konpainiak 'Ilargiaren bi aldeak' antzezlana taularatuko du gaur Iruñeko Gaiarre antzokian

Miren Gaztañaga eta Amaia Pascual aktore-dantzariak, antzezlanaren une batean. GOIENA.
Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Munduko paradoxak agerian uzten ditu Hika konpainiaren Ilargiaren bi aldeak antzezlanak, haurren jolasen bidez. Gaur taularatuko dute familientzako pieza, Gaiarre antzokian, Iruñean.

Ilargiaren alde bakoitzean gaztetxo bana bizi da: lehena gerretara jolastuz dibertitzen da; bigarrenak, ordea, gerraz ahazteko egiten du jolas.

Agurtzane Intxaurragak sortu zuen antzezlana, Arantxa Iturberen testuetan oinarrituta. Haurren ulermena kolore, irudi eta sentsazio gozoekin kitzikatu nahi dute, eta, aldi berean, helduei mundu errealaren interpretazio zorrotz eta aldi berean samurra eman.

Makala disko jartzaileak musika alai eta aberatsa sortu zuen lan honetarako, eta Miriam Perez Cazabonek koreografia sortu du, Miren Gaztañaga eta Amaia Pascual aktore-dantzariak eta Maider Iabar aktore-akrobatak oholtzaren gainean gauzatzeko. Izan ere, zirkua sartu nahi zuten ikuskizunean, baina ez ikusgarri huts gisa, baizik eta istorioaren barruan. «Umorea, drama eta poetika» osagaiekin eraiki nahi zuen lana Intxaurragak, eta Iabarren akrobazietan bilatu zuen poetika. Bideo joko bortitzen eta betiko jokoen inguruko hausnarketa dago lanaren oinarrian.

'ILARGIAREN BI ALDEAK'

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Gaiarre antzokian,Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.