Nafarroako barometroa. Alderdien erreakzioak

Baikortasuna eta mesfidantza

Aldaketarako nahia ikusi dute EH Bilduk eta Podemosek datuetan.

UPNk, PPk eta PSNk zalantzan jarri dute inkesta, eta maiatzean bestelako emaitzak lortuko dituztela iragarri dute
Zabaleta Aralarkoa, Adanero UPNkoarekin eta Martin PPNkoarekin hizketan, Parlamentuko korridoreetan.
Zabaleta Aralarkoa, Adanero UPNkoarekin eta Martin PPNkoarekin hizketan, Parlamentuko korridoreetan. JESUS DIGES / EFE

Lohizune Amatria -

2014ko azaroak 22
Navarrometro-aren datuak jakin eta gutxira, harrituta azaldu dira prentsaren aurrera alderdi gehienetako eledunak. Aldaketarako aukera antzeman dute Bildu, Aralar, Ezkerra eta Geroa-Baiko parlamentariek. UPNko, PSNko eta PPko ordezkariek, berriz, zalantzan jarri dituzte datuak. Maiatzean erantzuna bestelakoa izango dela ziur dira horiek. Podemos Ahal Dugu, berriz, pozik da emaitzarekin, lehen indar gisa aurkezten baitu inkestak. Hala ere, ez da konforme.

PATXI ZABALETA



Aralarko parlamentaria

«Gehienen nahia da Nafarroan aldaketa politikoa izatea»



Aldaketarako nahia eta erregimenari zigorra antzeman ditu Patxi Zabaleta Aralarko parlamentariak inkestako datuetan. «Aldaketaren alde dauden alderdiak dira boto maila handiena lortu dutenak», esan du. «Erregimenaren indarrak izan dira, berriz, inkestak gehien zigortu dituenak».

Aldaketa izango da EH Bilduren erronka. «Gehienen nahia da Nafarroan aldaketa politikoa izatea», azaldu du Zabaletak. Ahalbidetzeko, indar politikoen arteko akordioak behar dira, haren ustez: «Nafarrek ez lukete ulertuko aldaketa aurrera eramateko akordiorik ez izatea».

MAIORGA RAMIREZ



Bilduko parlamentaria

«Erregimenaren protagonistak izan dira gehien zigortuak»



Inkestaren datuetatik ondorio garbi bat atera du Bilduk: «Aldaketa badator». Hala azaldu du Maiorga Ramirez parlamentariak: «Ez dago dudarik, aldaketarako nahia eta beharra dagoela erakutsi digu jendarteak». Aldaketa «erreala» da, haren ustez.

Inkestako datuen arabera, EH Bildu izango litzateke bigarren indarra. Eta emaitza UPN eta PSN alderdien aurkako «agerizko» zigorra izan da, Ramirezen esanetan: «Erregimenaren protagonistak izan dira gehien zigortuak». Horregatik, aldaketa gauzatzeko helburuarekin lan egingo dutela argitu du.

JOAN BOSCH



Iruñeko Podemos Ahal Dugu-ko eleduna

«Ez da gure meritua izan; haiena da, hondamena eragin dutelako»



Twitter bidez eman du lehen iritzia Nafarroako Podemosek: «Izugarrizko indarra ematen digu #Navarrometro-ak, baina ez gara konformatzen. Lan galanta hemendik aurrera. Baina benetako aldaketa badator». Hemezortzi eserleku lortuko lituzke alderdiak inkestaren arabera. Lehen indarra izango litzateke.

Gehiago direla uste dute, baina, alderdiko kideek. Hala azaldu du Joan Bosch Iruñeko Podemos alderdiko eledunak: «Oraindik urria da boto intentzioa». Harritu egin du alderdiak babes gehiago lortu ez izana; haren ustez, egoera soziala oso txarra delako. «Ez gara kasualitatez iritsi egungo egoera sozialera». Boschen ustez, gainontzeko alderdiei esker izan dute emaitza: «Ez da gure meritua izan; haiena da, hondamena eragin dutelako». Podemos bide demokratikoa dela argitu du, eta politika egiteko bestelako era baten alde bozkatutako dutela. «Injustiziara eraman gaituzten politika ekonomiko eta sozialen ondorio izan da emaitza».

CARLOS GARCIA ADANERO



UPNko parlamentaria

«Konbentzituta nago, UPN izango da gehien bozkaturiko indarra»



Seguru mintzatu da Carlos Garcia Adanero UPNko eleduna: «Maiatzean bageunde kezkatuko nintzateke, baina azaroa da, eta inkesta bati buruz ari gara». Alderdiak lortuko lukeen emaitza «aztertzeko modukoa» da, eledunaren ustez. UPNk hemeretzi parlamentari ditu, eta inkestaren aurreikuspenak betez gero, zortzi lortuko lituzke.

Maiatzean emaitza ezberdinak nahi ditu Adanerok; eta, horretarako lan egingo dutela esan du: «Gai izan beharko dugu 2011n UPNren alde bozkatu zutenak konbentzitzeko». Bide beretik jarraituko dutela esan du; inkestak ez duela alderdiak zehaztutako bidea aldatuko. Maiatzean boto gehien lortuko dutenak izango direla dio: «Konbentzituta nago, UPN izango da gehien bozkaturiko indarra».

JUAN JOSE LIZARBE



PSNko parlamentaria

«Ez dira nahi ditugun emaitzak, ezta espero genituenak ere»



Ez zituen emaitza horiek espero Juan Jose Lizarbe PSNko parlamentariak: «Ez dira nahi ditugun emaitzak, ezta espero genituenak erez». Bost eserleku aurreikusten ditu inkestak PSNrentzat, 2011n baino lau gutxiago. Datuak «errespetuz» aztertu behar dira, haren hitzetan. Hala ere, ez du «oso sinesgarritzat» jo inkesta. Eskuineko indarrek lortuko lituzketen eserleku kopuruak jarri ditu zalantzan: «Ezin dut sinetsi eskuina hautesleen %10era murriztu izana». Datuek azaltzen dutena baino emaitza «askoz zabalagoa» espero du Lizarbek, eta PSNk egiten ari duen lanaz fio dela argitu du.

MANU AIERDI



Geroa-Baiko parlamentaria

«Azkar eta sakonki aldatu dute nafarrek beren iritzia»



Harritu egin dute emaitzek Geroa Baiko Manu Aierdi: «Azkar eta sakonki aldatu dute nafarrek iritzia». Arraroa da, harentzat, aldaketa hain nabarmena izatea. «Egoera garatuz doa: orain gure alde bozkatu dute, baina hurrengoan baliteke gure alde ez egitea». Halere, ona da, parlamentariak esanetan; «zoragarria».

«Maiatzean dugu erronka nagusia; sei hilabete zirraragarri ditugu aurretik», aitortu du Aierdik. Inkestaren arabera, bi eserleku galduko lituzke Geroa Baik. Baina, emaitza ezberdina izan daitekeela uste du: «Lantaldea badugu, proposamenak ditugu, eta animoa eta gogoa ere bai».

JOSE MIGUEL NUIN



Ezkerrako parlamentaria

«Beste erantzun bat aurreikustea, engainatzea litzateke»



Zazpi urteko krisi ekonomikoaren ondoren, ondorio politikoak ezinbestekoak dira, Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunaren esanetan. «Gizarteari egin zaion mina izugarria da». Navarrometro-ak ondorio horiek erakutsi ditu, haren ustez. «Beste erantzun bat aurreikustea, engainatzea litzateke». Nafarroan aldaketarako «eskaria» oso indartsua dela dio. Alderdi bitasunaren porrota antzeman du datuetan, eta aldaketa bultzatuko duten alderdien gorakada. Inkestaren arabera, eserleku bat galduko luke Ezkerrak.

ANA BELTRAN



PPko parlamentaria

«Podemos babestu dute, baina alderdiak ez du planteamendurik»



Inkesta gai serioa da, Ana Beltran PPko parlamentariaren ustez. Harritu egin dute datuek. Lau eserleku ditu egun PPNk parlamentuan; inkestaren arabera, bakarra lortuko luke. «Ez dira maiatzean hautetsontzietan izango diren datuak».

«Zigortzeko erantzunak» eman dituzte galdetuek, Beltranen ustez: «Podemos babestu dute, baina alderdiak ez du planteamendurik Nafarroan, eta ez du hautagairik aurkeztu». Zalantzan jarri ditu ere beste alderdien datuak: «Arraroa da nafar zentro eskuinak lehen 23 eserleku izatea eta orain 9».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna