Batasun argazkia, lehen aldiz

Euskararen Egunak berritasun handia ekarriko du: EAEko instituzioek eta euskalgintzak adierazpen eta ekitaldi bateratuak egingo dituzte. Euskararen alde egitera deitu nahi dute

Adierazpena bultzatu duten erakundeetako ordezkariak, atzo, Guggenheim museoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2016ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Elkarlan argazkia erakutsiko du aurten Euskararen Nazioarteko Egunak. Berritasun nabarmena. Adierazpen bat adostu dute EAEko erakunde nagusiek, eta harekin bat egin dute dozenaka eragile sozialek; tartean dira euskalgintzako erakundeak ere, Kontseilua buru. Zer egin dezaket nik euskararen alde? izenburupean, gogoeta egitera bultzatu nahi dituzte herritarrak, nork bere esparrutik euskara bultza dezan. Euskararen «berdintasun soziala» jarri dute helburutzat. Gaur zortzi ekitaldi bateratu bat egingo dute Bilbon, adierazpen hori ardatz. 500 eragilek eta norbanakok baino gehiagok babestu dute jadanik.

Guggenheim museoan egingo dute ekitaldia datorren larunbatean, eta han eman zuten horren berri atzo. Hakoba taldeak bultzatu du adierazpena; horko kide dira Eusko Jaurlaritza, hiru diputazioak, hiru hiriburuetako udalak, Eudel udal elkartea eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Haien proposamenarekin bat egin dute ondoren Eusko Legebiltzarreko bost alderdiek eta gizarte eragile andana batek.

Argazkia izango da berritasun nagusia. Batasun irudia. Euskara biziberritzeko bidean «elkarlana eta adostasuna» ezinbestekoak direla nabarmendu du Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. «Bide horretan pauso bat dira aurtengo adierazpena eta atxikimenduak». Antzera hitz egin dute gainerako ordezkariek.

Pausoak ikusten ari direla nabarmendu du Mikel Irizarrek, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak. «Esparru komunak hedatzen ari gara». Miren Azkarate Donostiako Euskara zinegotziak ere hori bera goratu du: «Bat hartzea lortu dugu».

Adostasuna lortzeko

Oinarrizko testu bat adostu dute. Hori zen helburua, pluraltasuna islatuko zuen testu bat taxutzea, Baztarrikak azaldu duenez. Beraz, aitortu du litekeena dela batzuentzat motz geratzea adierazpena, eta beste batzuentzat ñabardurak behar izatea «gehitxo» ez izateko. «Adostasun dokumentu bat da, denontzat da erosoa; denona da, eta ez da inorena. Denon eskuzabaltasunari eta adostasun egarri eta konpromisoari esker, ontzat eman dugu».

Aktibazioa nahi dute Zer egin dezaket nik euskararen alde? lelodun dokumentuarekin. «Gutariko bakoitzak egin baitezakegu zerbait». Erabilera indartzea da helburua, Baztarrikaren arabera. «Han eta hemen, honetarako eta hartarako». Herritarren rolari begiratu dio, hain justu, Azkaratek; «behetik gorako hizkuntza politikak» duen garrantzia aipatu du.

Herritarren ekarpena bai, baina Josu Labaka Uemako lehendakariak gogorarazi du erakundeek ardura dutela. «Erantzukizuna ezin da jarri herritarren borondatean soilik. Erakunde publikook ardura handia dugu. Egiten dugun hizkuntza politikaren araberakoa izango da bihar herri hau».

Aurrera begirako oinarria

Bizikidetza eta hizkuntzen berdintasuna dira adierazpenaren zutabe nagusiak. «Euskarak eta gaztelaniak, erabilerari dagokionez, legezko aitortza berdina dute, baina gizartean egoera desberdina bizi dute». Desoreka hori gainditzea ezarri dute helburu gisara.

Pauso bat izango da adierazpena. «Izan dadila benetan euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoi eta ausartetan batera aritzeko abiapuntua», adierazi du Labakak. Itxaropen hori azaldu du Baztarrikak ere: «Ahaleginak eta bi egingo ditugu aurtengo adierazpen eta deialdiaren inguruan gauzatu den akordio bidea etorkizunean are gehiago indartzeko». Atxikimenduetan lorturiko pluraltasuna goraipatu du. Espero dute horren ispilua izango dela gaur zortziko ekitaldia. Guggenheimen egingo dute, 11:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.