Martxoak 8: greba feminista

Erretiroa hartzeko urrun

Erretiratu eta pentsiodunen elkarte batzuek ere bat egin dute mobilizazioekin, adineko andreen beharrak ikustarazteko. Feminismoaren «olatura» igotzeko deia egin dute
Bi andre, Bilboko Zazpi Kaleetan atzo eguerdian eginiko protestetan.
Bi andre, Bilboko Zazpi Kaleetan atzo eguerdian eginiko protestetan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu -

2018ko martxoak 9
Utziak dituzte ordaindutako lanak, baina ez bestelakoak. «Gu ere emakume langileak gara», diote. Horregatik eta «beste hainbat motiborengatik» jarraitzen dute «feminismoan ere» militatzen. «Hori gurekin eramango dugu beti». Baita atzoko eguna ere. Hala diote Maria Serranok eta Marian Esnaolak, erretiroa hartua duten bi donostiarrek. Mugimendu feministak atzorako Bulebarrean deitu zuen eserialdian parte hartu zuten, haien antzeko adin tartean eta egoeran dauden ehunka emakumerekin batera. Bospasei andrez osaturiko talde batean topatu zituen BERRIAk.

«Emozio handia». Hala laburbildu zuen Esnaolak momentu horietan bizitzen ari zena. «Ez nuen halakorik espero, baina atzo [herenegun], nire adineko batzuei galdetu nienean zer egin behar zuten, grebarekin bat egingo zutela esan zidaten. Zer edo zer ondo egiten ari garen seinale da hori». Serranorentzat ere «ikusgarria» zen une horretan Bulebarra gainezka ikustea. «Niretzat, pozgarriena da hainbeste gazte ikustea».

Adinekoak ere bazeuden han, «eta asko», nahiz eta elkarrizketatuek aitortu dutenez, «zailagoa» izaten den talde hori mobilizatzea. «Baina hori gertatzen da gizonezkoekin, bereziki», dio Serranok. «Mobilizazioan nintzela, hausnartzen aritu naiz, guk, emakumeok, bat egiteko dugun indarrari buruz. Begiratu, bestela, sortu den konplizitateari. Hemen, adin guztietakoak gaude».

«Erreleboa» badagoela ikusita, «itxaropentsu» azaldu dira biak. «Adinekook batzuetan ikuspegi ezkorra dugu gazteen inguruan; bada, kasu honetan erakutsi digute nahi dutela, eta gai direla», adierazi du Serranok. Esnaolak ere nabarmendu du «loraldi moduko bat» bizi duela feminismoak, eta «harro» sentitzen da horrekin. «Egon ziren urte batzuk mobilizazio handikoak, alor guztietan eta baita emakumeen borrokan ere; gero, etorri zen geldiune bat, eta orain badator olatu handi bat, aprobetxatu behar duguna». Uste du, dena den, «beste klabe batzuetan» ulertzen dutela feminismoa oraingo gazteek. «Guk gure garaian genituenekin konparatuta, beste ezaugarri batzuk dituzte lan munduarekin haiek dituzten arazoek, indarkeriarekin loturikoek... Baina, halere, mobilizatzen dira, eta guk bat egin behar dugu euren aldarrikapenekin».

Esnaolarentzat oso garrantzitsua da «belaunaldien arteko zubiak» eraikitzea, eta adin guztietako emakumeen kezkak eta arazoak «hizketan jartzea». «Baina ezin dugu haien lana oztopatu gure aldarrikapenekin, baditugu gure taldeak horretarako».

Ondorio hori atera du Esnaolak Martxoaren 8ko mobilizazioak prestatzeko batzarretan parte hartu ondoren. «Gure eskaerak oso zehatzak dira —pentsioena, esaterako—, eta ulertzen dut haientzat pixka bat urruti gelditzea gai hori». Dena den, azpimarratu du egungo feminismoak aintzat hartzen dituela adinekoen kezkak eta beharrak. «Oso kontzientziatuta daude, besteak beste, gure artean dauden biolentzia kasuekin, eta asko laguntzen digute».

Horrekin bezala, uste du «denbora kontua» dela gazteek kontuan hartzea pentsioen auzia eta beste eskaera batzuk. «Ikusiko dute haiek gure adin eta egoerara iristean gu baino okerrago egongo direla, egun bizi duten prekarietatea dela-eta, dituzten lan baldintzengatik... oso zaila izango dutela erretiro duin bat hartzea. Ikusiko dute hori, zoritxarrez».

Bat dator Serrano. Azaldu du haiei gertatu bezala, egungo lan legediak ere «zigortu» egiten duela emakume izatea, eta are gehiago ama izan nahi duena. Soldata arrakalaz gain, nabarmendu du lan baimenak eskatzeak edota orduak murrizteak geroko pentsioetan eragin handia duela. Arrakala «betikotzen» dela: «Bi aldiz zigortzen gaituztela».

Zaintzaile edo errudun

Duintasuna erretiratu eta pentsiodunen elkarteko kide da Serrano, eta azaldu duenez, badute emakume talde bat beraien behar eta eskubideak defendatzeko, eta elkarteko gizonezkoak «kontzientziatzeko». Hitz hori «klabea» da, bere iritzian.

Serranok salatu ditu erakundeek eta komunikabide handiek adineko andreen inguruan zabaltzen dituzten mezuak. «Zaintzaile gisa hartzen gaituzte». Bikotekideak zaintzeko, zaharragoak direnak, seme-alabak zein ilobak. «Instituzioek jarri beharko lituzkete baliabideak, Mendekotasun Legearen bitartez, edota lana eta familia uztartzeko, baina gu erabiltzen gaituzte horretarako. Eta ez badugu egiten, erruduntasun sentimendua sortzen digute; horregatik ere badiot kontzientziarena».

Erakundeen jarrerarekin oso kritikoak dira biak. «Babesten dituzte mobilizazio hauek eta gero diskurtso hori zabaltzen dute», dio Esnaolak. Eta Serranok: «Anbibalentzia horrek egiten du min gehien, horrek sorrarazten duelako 'ondo ari naiz, ez' zalantza, eta, gero, erruduntasuna. Argudio argiak behar dira. Martxoaren 8an diotenarekin koherenteak izan behar dute instituzioek».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna