Lopez: «Erabakitzeko eskubideak haustura eragingo luke gizartean»

Autogobernuari buruzko lantaldean hizlari aritu da lehendakari ohia, eta estatu federala defendatu du.Anna Simo: «Bakoitzak bere iritzia emateak ezin du hausturarik eragin»

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkidea, Patxi Lopez agurtzen, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2014ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Autogobernuari buruzko lantaldeak beste saio bat izan zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Jada 18 hizlarik parte hartu dute, atzoko biekin: Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Anna Simo Kataluniako Parlamentuko presidenteordea eta ERCko eleduna. Bata, erabakitzeko eskubidearen kontra mintzatu zen :«Gizartean haustura eragingo luke». Bestea, alde: «Norberak bere iritzia emateko aukera izateak, bozkatzeko aukera izateak ez luke sekula hausturarik eragin behar».

Patxi Lopezek behin baino gehiagotan aipatu zuen haustura hitza bere atzoko jardunean. Gogorarazi zuen PSOEk Espainiako Konstituzioaren erreforma defendatzen duela, baina «estatu federal» bati begira. Lopez alderdi horretako Ekintza Politikorako eta Herritartasunerako idazkaria da gaur egun. Haren iritziz estatu federala baita «gaurko estatu deszentralizatuaren» bilakaera logikoa. Eta, harentzat, eredu federalak batu egiten du, eta ez hautsi.

Atzera begira ere jarri zen Lopez atzo, eta, Gernikako Estatutua onartu zela 35 urte beteta, «hausnarketarako garaia» heldu dela esan zuen. Badakiela non egon denhutsegiterik garrantzitsuena: transferentziak atzeratzea zorigaiztokoa izan dela autogobernuarenzat. Ezinegona eta konfiantzarik ez izatea sortu duela atzeratze horrek, eta alderdi nazionalisten barruan, gainera, beharrezkoa ez zen biktimismoa.

«Ezberdinen arteko akordioen beharra» nabarmendu zuen Patxi Lopezek. Haren iritziz, askok nahi lukete EAEk gaur egun duen autogobernu eredua, baina ohartarazi zuen demokrazian badirela bozkatu ezin diren zenbait gai. «Botereak mugak ditu, eta horiek dira jokoaren arauak. Independentzia ez da ezeren erantzuna gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan», nabarmendu zuen lehendakari ohiak.

Oso bestelako iritzia du Anna Simok, Kataluniako Parlamentuko presidenteordeak. Esan zuen Kataluniak erabili dituela estatuaren barruan «ainguratzeko» bide guztiak, baina ez duela bakar batek ere funtzionatu, eta gaur egun abian dela Espainiarekiko deskonexioa.

Eta erabakitzeko eskubidearen aldeko sentimendua dutenak gehiengoa direla gaur egun, autonomiaren aldeko apustuak kale itsura eraman dituelako. Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari buruz emandako ebazpenean jarri zuen Simok mugarria. «Ordutik aurrera, Kataluniako alderdi gehienen helburua Kataluniaren etorkizuna herritarren esku uztea izan da». Horregatik gomendatu zien euskal alderdiei, autogobernuari buruzko erabakiak gehiengoen bidez hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.