Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Arratsaldeko jarduna areagotuko du Osakidetzak, listak txikitzeko

Publizitatea

Gizartea

Arratsaldeko jarduna areagotuko du Osakidetzak, listak txikitzeko

Itxarote zerrendak laburtzeko plana ondu du Osakidetzak. Arratsaldeko jarduna indartu nahi dute, langileei orduak pagatuz. Listak handitzean pribatura jotzeko aukera ere aipatu dute
Ebakuntza gela bat, Osakidetzaren erietxe batean. Artxiboko irudia.
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-11-15 / Garikoitz Goikoetxea

Ebakuntza edo kontsulta bat egiteko zain daudenen kopurua jaisteko plan bat egin du Osakidetzak. Hainbat neurri jaso ditu itxarote zerrendak laburtzeko proposamenen artean, eta tartean badira zeresana jarri ohi dutenak ere. Batetik, arratsaldeko jarduna bultzatu nahi dute; goizean soilik ez, arratsaldean ere egitea ebakuntzak eta kontsultak. Proposamen txostenean autokontzertazio kontzeptua aipatu du Osakidetzak; alegia, sistema publikoko bertako langileak hartzea beren ordutegitik at lan egin dezaten, aparteko ordu gisa. Bestetik, klinika pribatuetara jotzeko aukera ere aipatu dute: «goraldietan», zerrendak handitzen direnetan, «paziente batzuk itundutako zentroetara bideratzeko aukera». Aztertu egingo dute sistema hori.

Gaur du proposamena aurkeztekoa Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Agerraldia du Eusko Legebiltzarrean, eta hango taldeei aurreratu die dokumentua. BERRIAk eskuratu du.

Itxarote zerrendei buruzko azterketa egin dute. Espainiak ezarritako gehienezkoetatik behera dago Osakidetza arlo guztietan. Alderaketa egin dute: kontsultetan eta ebakuntzetan zenbateko atzerapena daukan Osakidetzak, eta zenbatekoa Espainiak. Hara aldea: ebakuntzetan 50 eguneko atzerapena du Osakidetzak, eta 115ekoa Espainiak; espezialisten kontsultetan, 27 egunekoa dauka Osakidetzak, eta 72koa Espainiak.

Zahartzea eta teknologia

Espainiaren aldean egoera hobea izan arren, Osakidetzak aitortu du itxarote listena erronka handia dela. «Gero eta ebakuntza kirurgiko, kontsulta eta proba osagarri gehiago agintzen dituzte medikuek». Bi motibo ikusi ditu horren oinarrian: batetik, biztanleria zahartzea; bestetik, teknologiaren aurrerapenak. Biak lotuta daude: teknologia hobetzearekin, gero eta gutxiago dira adinarekin lotutako indikazioak. Hori diote datuek. 2014 eta 2016 artean, igo egin da jarduna: kanpo kontsultak %2,9 gehitu dira —118.000 kontsulta gehiago—, eta ebakuntzak, %11,5 —20.000 operazio gehiago—.

Nola aurre egin gorakada horri, hainbat arlotatik ekitea proposatu du Osakidetzak. Batetik, arratsaldeko jarduna indartzea dago, horretarako propio langileak hartuta —martxan da halako egitasmo bat—. Datorren urterako, adibidez, aurrekontu proiektuan 18,2 milioi euro jarri dituzte itxarote zerrendak jaisteko. Traumatologian egin nahi dute indar berezia, han baitaude atzerapenik handienak —34 egun kontsultarako, eta 60 egun ebakuntzarako—. Bestetik, klinika pribatuetara bideratzea pazienteak, jarduna handitzen denean. Bi horiekin batera, egin dituzte kudeaketarekin lotutako beste proposamen batzuk ere. Batetik, ebakuntzak lehenesteko irizpide berriak proposatzea —hiru maila daude orain: arrunta, lehentasunezkoa edo premiazkoa—. Bestetik, zerrenda bateratuak sortzea ebakuntza sinpleen kasuan, pazientea ez dagokion ospitalean operatu ahal izateko. Prozedura hobetzea ere jaso dute.

Kontsulten esparruan, handitu egin nahi dute lehen arretan proba osagarriak eskatzeko aukera, besteak beste. Kontsulten arloan ere aipatu dute «goraldi» garaian «deribazioak» egin ahal izatea.

2018ko aurrekontuen proiektua aurkeztua du Jaurlaritzak, eta, itxarote zerrendekin lotuta, azpiegitura planak ere baditu. Ebakuntza gelak hobetuko dituzte Basurtuko ospitalean, eta gela berriak egingo Urdulizko erietxean.

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak