Ciudadanosek lege bat proposatu du euskara eskakizunak kentzeko

Espainiako Kongresuan tramitazioa hasi du, hizkuntza koofizialak jakitea betekizun izan ez dadin; gehienez ere, meritu. Aurka agertu dira alderdi gehienak: PPk ere ez du ondo ikusi
Albert Rivera, Ciudadanos alderdiko presidentea, artxiboko irudi batean.
Albert Rivera, Ciudadanos alderdiko presidentea, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON / EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko otsailak 14
Euskara eskakizunen eredua airean jartzeko lege proposamen bat aurkeztu dute Espainiako Kongresuan. Ciudadanos taldeak bertan behera utzi nahi du postu publikoetan euskara betekizun izatea, eta gehienez ere meritu gisara hartzea nahi du. Finean, proposamenaren oinarria da Espainiako Estatuan eskubide berberak izan behar dituztela herritar guztiek, eta inor ezin dela «diskriminatu» hizkuntza koofizial bat ez jakiteagatik. Oinarrizko legeak aldatzea ekarriko luke Ciudadanosen proposamenak —Langileen Estatutua, adibidez—, eta zuzeneko eragina luke Hego Euskal Herrian. Ez du, hala ere, babes handirik jaso oraingoz. PPk ere ez du begi onez hartu eskaria; arauek «ondo» funtzionatzen duela adierazi du.

Ciudadanosek joan den astean iragarri zuen lege proposamena, eta atzo aurkeztu zuen Kongresuko erregistroan. Balearretako Gobernuaren asmo bat trabatu nahi du lege proposamen horren bitartez —osasun publikoko langileei katalanez jakiteko betekizuna jarri nahi diete Balearretan, postua egonkortzeko—. Baina, izatez, eragina handiagoa izango litzateke, Euskal Herrira ere iritsiko bailitzateke. Izenburu hau jarri diote testuari: Enplegu publikoan hizkuntza diskriminaziorik gabe berdintasunez sartzea eta promozionatzea bermatzeko legea.

Langileen Estatutua aldatzea da proposamenaren giltzarri nagusia. Hizkuntza eskakizunak jartzeko atea zabaltzen du lege horrek gaur egun: «Administrazioek aintzat hartu beharko dute hautatutako enplegatuek lanpostuak betetzeko behar adinako gaitasuna izan beharko dutela bi hizkuntza ofizial dituzten erkidegoetan». Ez du ezer aipatzen hori egiteko erari buruz, eta hizkuntza eskakizunak jartzea da aukera bat.

Hizkuntza eta medikuak

Ciudadanosek eranskin bat jarri nahi dio estatutu horri, zehazki jasotzeko «soilik» meritu gisara hartu ahalko dela kontuan hizkuntza koofizialak jakitea. Alderdiaren iritziz, izan ere, «diskriminazioa» sortzen da orain, hizkuntza «aitzakia» gisa baliatuta.

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak ohiko adibide bat eman zuen atzo, proposamena aurkezteko agerraldian: «Ebakuntza bat behar badut edo artatu behar baldin banaute, garrantzitsua ez da hizkuntza ziurtagiri bat izatea, baizik eta bizia salbatzea». Langile publikoei «hesiak» jartzen zaizkiela nabarmendu zuen. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan horrelako hitzak erabili zituzten PSEk eta PPk.

Ciudadanosen proposamenak, hain justu ere, alderdi horiek behartuko ditu batera edo bestera jo dezaten. Alderdi sozialistaren kasuan, kontuan izatekoa da Balearretako Gobernua haiek daukatela, eta haiek ari direla osasun arloan eskakizunak jarri nahian. PPri dagokionez, aldaketa beharrik ez dagoela erantzun du lehen erreakzioan Kongresuko bozeramaileak, Rafael Hernandok: «Egungo araudiak ondo funtzionatzen du. Gauza inportanteak jarri behar dira erdigunean; adibidez, zerbitzu publikoen finantzaketa». Nolanahi ere, Riveraren ildotik, Hernandok ere esan du gaixoak «sendatzea» dela inportantea.

EAJk irmo jo du Ciudadanosen proposamenaren aurka, Aitor Esteban bozeramailearen ahotik. «Azken burutazio hori izan du Ciudadanosek. Alderdi su piztailea da, eta konfrontazio bila aritzen da. Demagogikoa eta deigarria izan daitekeen edozer erabiltzen du eskukada bat boto lortzearren».

ERCren proposamena

Ciudadanosen lege proposamenak sortu du harrabotsa, baina, izatez, hizkuntzei buruzko beste proposamen bat ere aurkeztu berri dute Espainiako Kongresuan. ERCk egin du beste lege proposamen bat, gaztelania ez beste hizkuntza ofizialak babesteko. Besteak beste, eskatu du Espainiako erakundeek berma dezatela hizkuntza koofizialak erabili ahal izatea, eta Espainiak erkidego horietan dituen zerbitzuetan «normaltasunez eta lehentasunez» erabil dezatela berezko hizkuntza.

Espainiako Gobernuak lan eskaintza publiko bat antolatua du. Joan den astean jakinarazi zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 340 postu eskaini dituela, eta ez dutela euskarari buruzko betebeharrik, Javier de Andres gobernu ordezkariak azaldu zuenez. Erabaki hori gaitzestea proposatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean.

Hizkuntza eskakizunei buruzko eztabaida aurki iritsiko da Eusko Legebiltzarrera, hain justu. Eusko Jaurlaritzak amaitua du eskakizunetan aldaketak egiteko proposamena, eta bi aste barru aurkeztekoa du parlamentuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria