Alternatiben Herria hirugarrenez egingo dute ekainean, Iruñean

2015eko urrian Bilbon egin zen bigarren edizioa, eta asmoa da orduko guneen egitura errepikatzea. Eredu alternatiboak ezagutzea eta herri aktibazioa dira helburu nagusiak
Alternatiben Herriak atzo Iruñean egindako batzarra.
Alternatiben Herriak atzo Iruñean egindako batzarra. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar

2017ko urriak 12
«Ezin gara zain geratu». Egungo sistema kapitalista gainditu eta haren alternatiba eraikitzeko gogoeta proposatu nahi du Alternatiben Herriak. 2015eko urrian bigarren edizioa egin zen Bilbon, eta datorren urtean Iruñeak hartuko du lekukoa. Ekainaren 2an egingo dute, eta atzo haren oinarriak jartzeko lehen batzarra egin zuten Kondestable jauregian. Antolatzaileen arabera, «gogo handia zegoen» Iruñean egiteko. Oraindik orain zortzi hilabete falta badira ere, lehen lantaldeak osatu dituzte, eta herritarrei parte hartzeko gonbita egin diete. Iruñeko Alde Zaharrean hiru gune berezi sortu nahi dituzte.

Atzoko batzarrean Nafarroako gizarte mugimenduko hainbat ordezkari elkartu ziren Iruñeko Kondestablearen jauregian: hala nola, Bilgune Feminista, ELA, LAB, Steilas, EHNE Nafarroa, Ernai , Ekologistak Martxan, Sortzen, Atacc, Kontseilua, kontsumo taldeak...

Amaia Zufia Bilgune Feministako ordezkariak Alternatiben Herriaren ibilbidea azaldu zuen. Haren esanetan, krisi garaian sindikatuek deitutako greba orokorren aldia «agortutzat» eman zenean, bestelako eredu ekonomikoa eraikitzeko prozesu parte hartzailea ireki zen. 2014an haren oinarriak zehaztu ziren, eta Eskubide Sozialen Gutuna osatu zen. Lehen ekinaldietako bat izan zen Iruñean aldaketa sozialaren alde egin zen manifestazioa.

Era berean, 2013an Parisen klima aldaketaren aurkako goi bileraren testuinguruan, mundu osoan alternatiben herriak antolatzeko deia egin zen. Klima aldaketa gauzatu ez dadin sistema ekonomikoa bera aldatu behar dela zen funtsa; Euskal Herriaren kasuan, Baionan egin zen lehen Alternatiben Herria, 2013an.

Bilboren bidetik

Hitzordu hark bat egin zuen denboran Eskubide Sozialen Gutunarekin; 2015eko udazkenean bigarren edizioa egin zen Bilbon. Baionakoarekin alderatuta, ikuspuntua zabaldu zuten, eta ingurumenaz gain bestelako ardatz sozialak aintzat hartzeko erabakia hartu zuten. Bost gai edo gune nagusi eratu zituzten, eta guztietan, modu transbertsalean, ikuspegi feminista kontuan hartu zuten: bizitza duina; alternatiba ekonomikoa; euskara eta hezkuntza; natura, energia eta elikadura burujabea; eta demokrazia.

Zufiaren arabera, Iruñean eskema bera baliatuko dute, baina aldaketak egiteko gertu daude. Gaur egun sistema kapitalista gainditzerik ez dagoenez, hiru helburu nagusi izango ditu 2018ko edizioak: trantsizioa egiteko egun abian diren alternatibak ezagutzea, eragileen arteko sareak eraikitzea, eta herri mugimenduaren aktibazioa. Alternatiben Herriaren blogean manifestu bat dago, eta bat egiteko zein parte hartzeko aukera dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna