Arabako metalgintzan akordioa egin dute CCOOk, UGTk eta SEAk

Eragin mugatuko ituna izango da, 2015etik 2017ra, eta ez du izango erreformaren aurkako klausularik.ELAk dio gutxiengo sindikalak «historia» egingo duela, «langileak salduta»

ELAko metaleko langileen protesta bat Gasteizen, SEAren egoitzaren aurrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2015eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Erreskatatu eta saldu aditzen arteko aldeak islatzen du gehiengo eta gutxiengo sindikala banatzen dituena Arabako metalgintzan. CCOOk eta UGTk herrialde horretako metalgintzako sektoreko ituna bideratu dute, SEA patronalarekin akordiorako oinarria egin ondoren. Hala, sektorean ELA eta LAB elkarrekin baino ordezkaritza gutxiago duten sindikatuek eragin mugatuko ituna berrituko dute 2015etik 2017ra. Akordioak ez du jasotzen lan erreformaren aurkako klausularik, eta ELA sindikatuak garbi esan zuen atzo CCOOk eta UGTk Arabako sektoreko langileak «saldu» egin dituela. CCOOrentzat, sektoreko 16.000 langileak «erreskatatu» egin dituzte.

Erreskate hori, ordea, garesti aterako zaie beharginei lanaldiari begira, malgutasuna handitu egingo baitu 70 orduko poltsatik ehunekora. Erreformak enpresariei ahalbidetzen dien malgutasun gehieneko ordu kopurutik beherako poltsa izatea lorpena da CCOOrentzat, baita soldata igoerak egotea ere. Igoerak dira, izan ere, 2010ean bukatutako eragin mugatuko ituna berritzeko funtsa. Espainiako soldata igoeraren ituna kasik bere horretan ekarri dute Arabako metalgintzara CCOO eta UGT sindikatuek: 2015ean %1, 2016an %1,5 eta 2017an %1,75 igoko dira soldatak, KPI indikatzailea baztertuta.

Madrilgo akordioa Araban

«2011, 2012, 2013 eta 2014 galdutzat eman dituzte, eta horrek eros ahalmenaren galera ekarriko die langileei», azaldu zuen atzo ELAk. «CCOO eta UGT historia egiteko gertu daude Arabako metalgintzan. Morroien sindikalismoaren hautua egin dute patronalaren zerbitzura jarrita». Akordiorako oinarria sinatzen zen bitartean, auto karabanan «prekaritatea ez» leloa zabaltzen aritu zen atzo LAB, Gasteizko kaleetan. «UGT eta CCOOrekin batera Madrilgo akordioa Arabara ekarri nahi zuen SEAk; argi dago nork baliatuko duen erreforma goitik behera», esan zuen sindikatu abertzaleak.

Oso bestela ikusten dute euskal metalgintzaren taula izoztuan mugimendua eragin dutenek. «Trantsizio itun probintziala izango da hau, etorkizunean itun hobea negoziatzeko posizioan jarriko gaituena», azaldu zuen CCOOk. Eta LAB eta ELAri errieta egin zien; «antzerkiak alde batera» uzteko esan zien, eta LAB aspaldian «ELAren menpeko» dela gaineratu zuen. Abertzaleek Lan Harremanen Kontseiluak (LHK ) sindikatuen lana egin dezan nahi dutela ere esan zuen.

Arabako metalgintza sektoreko ituna berritzeko erabakia Espainiako Auzitegi Gorenak itunari buruzko ebazpena eman eta gutxira iritsi da. Gorenak Arabako Ituna indarrean zegoela ebatzi zuen maiatzean, EAEko Justizia Epaitegi Gorenaren sententzia berretsita. SEAk espero zuen seinalea zela garbi geratu da, akordioa aste gutxian iritsi baita.

Sektoreko langileek bost urte egin dituzte soldatak igo gabe, baldin eta enpresa itun batek igoera bermatu ez badie. Orain, eragin mugatuko itun berrituan jasotako igoerak eskatzeko eskubidea izango dute. Sindikatu sinatzaileen afiliatuez gain, beste langile guztiek eska dezaketelako. Hitzarmen horretatik kanpo hotz egingo duela, edo hobeto esanda, aurrerantzean ere hotz egingo duela ohartarazi zuen patronalak: «Langileak soldatak izozturik edukitzera kondenatzea da akordio honen alternatiba, eta enpresak lan gatazketara kondenatzea ere bai». Patronalak eskua luzatuta duela esan zuen, baina ELAk eta LABek ez dute akordioa sinatuko. «Enpresak asebetetzea ekarriko du, erreformak eskura jarritako guztia emanda».

Igoerak bai, KPI baztertuta

2008ko uztailean sinatu zen Araban metalgintza sektoreko azken ituna. 2008tik 2010erako egin zuten, hura ere ere eragin mugatukoa CCOO eta UGTren gutxiengoak sinatua. Gorenaren maiatzeko ebazpena ezagutu eta gero —itunaren ultraaktibitatea erreformaren gainetik dagoela argitu du—, hitzarmen berriak praktikan aldaketa gutxi jasoko dituela esan daiteke: soldata igoerak hiru urtez eta malgutasunaren lan poltsa handitzea. Soldatak 2010eko prezioetan izoztuta edukitzeari uko egingo dio patronalak, beraz, prezioak Espainiako soldaten itunaren arabera igota (2017ko berritasunaz), baina trukean bere aldeko lanorduen malgutasuna handitzea jasoko du. Eta soldata igoerak KPI jokoz kanpo utzita egingo dira, gainera, desindexatuta alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.