Iranek hil amaierarako nahi ditu akordioari eusteko berme zehatzak

Teheranek pizgarri ekonomikoei buruzko neurriak eskatu dizkie Alemaniari, Frantziari eta Erresuma Batuari. Datozen asteetan erabakiko du itun nuklearrean jarraitu ala ez

Abbas Araghchi Irango Atzerri ministroa, atzo Vienan egindako bileran. FLORIAN WIESER / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
«Egia esan, ez gaude ziur», adierazi zien Irango Gobernuko funtzionario batek kazetariei, atzo Vienan, bilera gelara sartu aurretik. Hau da, zalantzak dituztela itun nuklearrean jarraitu ala ez. Donald Trump AEBetako presidenteak joan den maiatzaren 8an jakinarazi zuenetik AEBak Irango akordio nuklearretik aterako zirela, Erresuma Batuko, Frantziako, Txinako eta Errusiako ordezkariak, 2015eko uztailean adostutako itun nuklearraren beste sinatzaileak, atzo bildu ziren aurrenekoz. Eta behin akordiotik aterata Trumpek zigor ekonomikoak iragarri dituenez Iranekin negozioak egiten segitu nahi duten enpresa eta norbanakoentzat,akordioan jarraitzea deliberatu aurretik itunak babestutako pizgarri ekonomikoei buruzko berme zehatzak eskatu dizkie Teheranek Alemaniari, Frantziari eta Erresuma Batuari. Hil amaierarako eduki nahi du «irtenbide praktiko» batzuen berri.

Gainera, belarrietatik tira egin die Iranek Europako herrialde sinatzaileei, iruditzen zaiolako denbora «alferrik» galdu dutela Trump konbentzitzeko ahaleginean. EB Europako Batasunak esan izan du lehentasun duela Iranen inbertsioak dituzten batasuneko enpresak babestea. Duela hamar egun bildu ziren Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroa eta Federica Mogherini EBKo diplomazia burua, eta akordioari eusteko asmoa agertu zuten. Mogherinik zehaztu zuen, hala eta guztiz ere, «zaila» izango dela.

Ali Khamenei Irango lider gorenak Trumpek berria eman eta hurrengo egunean eskatu zituen EBren bermeak akordioan jarraitzeko. Aste honetan bertan, joan den asteazkenean, zehatzagoa izan zen Khamenei, eta itunean jarraitzeko hiru baldintza jarri ditu. Batetik, eskatu dio EBri babestu dezala Iranen petrolio salmenta AEBen zigorretatik, eta jarraitu dezala, gainera, hari petrolioa erosten. Bestetik, eskatu die Europako bankuei zaindu dezatela Iranekiko harreman komertziala, herrialdea nazioarteko ordainketen Swift sisteman mantenduz. Eta, gainera, esan die Frantziari, Alemaniari eta Erresuma Batuari, ez daitezela ahalegindu misil balistikoei dagokienez beste programa bat adosten. Txinak eta Errusiak bat egin dute Khameneiren planteamenduarekin. Hori guztia laburbildu zuen, atzo, Irango Gobernuko funtzionarioak, Vienan: «Atmosfera seguru bat behar dugu Iranekin negozioak egiten jarraitu ahal izateko, eta espero dugu europarrek hori eskaintzea».

Bien bitartean, AEBek mehatxatzen jarraitzen dute. Orain aste batzuk iragarri zuen zigorrak berrezarriko zituztela, eta Mike Pompeo Estatu idazkaria areago joan zen astearen hasieran: «Inoizko zigorrik gogorrenak izango dira». Ekialde Hurbilean duen «portaera» alda dezala exijitu diote AEBek Irani. Hain zuzen, AEBak itunetik ateratzeak epe ertainera eta luzera ondorio negatiboak eduki litzake, batik bat Ekialde Hurbileko oreka politikoan. Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak, berriz, Iranek bere konpromisoak betetzea jarri dute baldintzatzat akordioan jarraitzeko.

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia ari da ituna zaintzen, eta herenegun bertan jakinarazi zuen Iran itunean adierazitakoa errespetatzen ari dela Iran. 2015eko akordioak finkatu zuen Irani zigorrak kenduko zizkiotela, baldin eta bere programa nuklearra arintzeko neurriak hartzen bazituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.