Palestinako giltza, New Yorken

NBEren Segurtasun Kontseiluak mahai gainean du Jordaniak Palestinako Estatua ezartzeko aurkeztutako zirriborroa.

AEBek ez dute onartu nahi epeak zehaztuta dauzkan ezer
Israelgo lehen ministroarentzat, «diktatutako agindu bat» litzateke NBEren ebazpena.
Israelgo lehen ministroarentzat, «diktatutako agindu bat» litzateke NBEren ebazpena. JIM HOLLANDER / EFE

Samara Velte -

2014ko abenduak 19
Jirabuelta askoren ostean, Jordaniak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura igorri du Palestinan okupazioa amaitzeko eta estatu bat ezartzeko ebazpena. PAN Palestinako Aginte Nazionalak proposatutako bertsioa baino leunagoa da, baina helburu bera du: bi estatuei buruzko negoziazioetan gutxieneko baldintza batzuk bermatzea. Prozesua gauzatzeko epeak ere zehazten ditu: urtebete negoziatzeko, eta, asko jota, beste pare bat okupazioa bukatzeko. 2017a amaitzerako ez luke Israelgo Gobernuaren edo armadaren arrastorik geratu beharko Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean.

Tel Avivek haserre erantzun du: neurria «alde bakarreko urratsa» dela esan du Benjamin Netanyahu lehen ministroak, eta berak ez duela «diktatutako agindurik» onartuko: «Erabakiak ez die mesederik egingo palestinarrei; horren ordez, okertu egingo du Ekialde Hurbileko egoera».

NBEn ordezkaritza duten herrialde arabiarrek asteazkeneko azken orduan adostu zuten proposamena aurkeztea; Jordaniak ordezkatzen ditu Segurtasun Batzordean. Hark edozein egunetan erabaki dezake proposamenaren inguruan eztabaidatzea, baina palestinarrek ez dute urgentziazko bozketarik eskatuko. Aitzitik, «kide guztiekin negoziatzen jarraitzeko» asmoa adierazi du Rijad Mansur PANen ordezkari bereziak. Europako Batasuneko herrialde nagusien babesa badu jada agiriak, baina AEBak uzkur agertu dira. Etxe Zuriko bozeramaile batek iragarri du ez duela palestinarren proposamena babestuko epemuga zehazten badu.

Historikoki Palestinaren aldeko edozein ebazpeni betoa ipini izan dio Washingtonek, Israel bere aliatu kuttunaren kalterako zela argudiatuta. Orain, presioa askoz handiagoa da: alde batetik, Barack Obamaren administrazioak badaki Palestinaren aldeko ebazpen batek sutan jarriko lukeela Israelgo eskuin muturra eta horrek berehalako eragina izango lukeela martxoko hauteskundeetan. Bestetik, ezin dio izkin egin agerikoa denari: hilabeteotan, nabarmen handitu da Palestinako Estatuaren aldeko babesa Mendebaldeko potentzien artean. Azken adierazpena Europako Parlamentutik heldu da, aste honetan bertan; aurretik, Frantziako, Erresuma Batuko eta Espainiako legebiltzarrek ere onartu zuten aldeko ebazpen bana.

Negoziazioen kale itsua

Mendebaldeko parlamentuetan onartutako adierazpen gehienek argumentazio bera dute abiapuntu: AEBek antolatutako negoziazioek huts egin zutenetik «jasanezina» dela Palestinako egoera. Israelek udan Gazaren aurka eginiko erasoak gehiago handitu du nazioarteko presioa, eta Ekialde Hurbileko bi bandoak erabat urrunduta daude elkarrengandik. Ekainetik, tentsioa gori dago Zisjordania eta Jerusalemen: ohiko errepresio moldeak ez ezik, zibilen arteko erasoak ere ugaritu dira. Hori gutxi balitz bezala, hitz egiteko prest zeuden ordezkariek geroz eta gutxiago dute esateko alde banatan: Netanyahuk kabinetetik bota ditu ministro moderatuenak —tartean, negoziatzaile lanetan aritu zen Tzipi Livni Justizia ministroa—, eta palestinarrek ere geroz eta zilegitasun gutxiago aitortzen diote PANi.

Bake elkarrizketek huts egin zutenetik, nazioarteko babesa lortzeko promesak egin dituzte Mahmud Abbasek eta enparauek: hitzemandako urratsak, ordea, geroz eta gehiago atzeratu eta urardotu dituzte. Asmoa adierazi arren, PANek ez du oraindik Nazioarteko Zigor Auzitegira jo Israeli Gazako gerragatik erantzukizuna eskatzeko; eta irailean NBEra eramandako proposamenetik ere bertsio askoz leunagoa iritsi da Segurtasun Kontseiluaren mahai gainera, hango kideen oniritzia lortuko ez duen beldur.

Gazako gerran ere itzalpean geratu zen PAN, eta, haren ordez, Hamasek hartu zuen erresistentziaren egiteko nagusia; gerra amaitu zenean, alderdi horren garaipentzat jo zuten palestinar askok. Al-Fatahek gidatutako PANi, berriz, okupazioaren kolaboratzaile izatea egozten diote, Israelekiko segurtasun lankidetzari eusten diolako. Orain, Hamas ere hasia da paisaia politikoan sartzen hasteko urratsak egiten: batasuneko gobernua adostu du Al-Fatahekin, eta Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak ere talde terroristen zerrendatik atera berri du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna