Hamar urte, eta odolusten

Gaur hamar urte exekutatu zuten Saddam Hussein. 24 urtez agindu zuen Iraken. AEBen inbasioak Ekialde Hurbila ezegonkortu du, eta huts egindako estatu bat bihurtu da Irak
SCOTT NELSON / POOL / EFE

Adrian Garcia -

2016ko abenduak 30
Gaur beteko dira hamar urte Irakek XX. mendean izan duen agintaririk nabarmenena hil zutela. Saddam Husseinek (Tikrit 1937- Bagdad 2006) 24 urtez agindu zuen, harik eta AEBen inbasioak presidentea kargugabetu zuen arte. Urkatuta exekutatu zuten Hussein, Irakeko auzitegi batek 148 opositore xiita torturatu eta hiltzeagatik kondenatuta. Baina «kurduen aurkako genozidioagatik» eta beste «gizateriaren aurkako krimenengatik» ere epaitu zuten. Baath alderdiak oposizio oro zokoratu zuen Iraken, eta gehiengo xiitak eta gutxiengo kurduak erreprimitu. Baina agintaria exekutatu eta hamar urtera, indarkeria sektarioak odolusten du Irak, eta huts egindako estatu bat bihurtu da. EI Estatu Islamikoak azken boladan eskualde asko galdu arren, oraindik eremu zabalak kontrolatzen ditu, Mosul hiria barne. Bestalde, Kurdistango Eskualde Autonomoa Bagdaden agintetik at kudeatzen dute.

Hutsegite geopolitiko nabarmena izan zen AEBen 2003ko inbasioa, eta Husseinen exekuzioak ez zuen balio izan trantsizio politiko lasaia egiteko. 2001eko irailaren 11ko erasoaren ondotik militarki okupatu zuten Irak, gobernuak suntsipen handiko armak zituela aitzakiatzat jarrita —gerora egiaztatu zen arma horiek ez zituela—.

Herrialdeko botere oreka apurtu zuen inbasioak, eta indar armatu xiiten eta suniten eraso sektarioek gerra zibilaren atarian utzi zuten Irak. Horrez gainera, agerian geratu zen AEBek eta Mendebaldeko potentzia militarrek ez zutela gaitasunik Ekialde Hurbileko politika nahieran moldatzeko.

Irakeko eta Siriako gerretan eragile krudel bat bihurtu denaren hazia orduan erein zen: EI Estatu Islamikoak kalifa herria ezarri du bi herrialdeen arteko muga urtuta, eta propagandarako abileziak eta basakeria mugagabeak azkar ahantzarazi du bere aurrekoa: Al-Qaeda taldea.

Husseinen ondorengo agintariek ezarri dituzten politikek zer ikusi zuzena dute EIren zabalkunde azkarrarekin. Gutxiengo sunita baztertu dute inbasioaren ondorengo gobernuek —Nuri al-Maliki xiita izan da Husseinen ondoren boterean denbora gehien egon den agintaria, 2006. urtetik 2014ra—. Horrenbestez, gehiengo suniten eremuan azkar egin du aurrera EIk, askotan tribu lokalen oniritziarekin.

Herrialdea inbaditu ondorengo AEBen jokabideak ere eragina izan du Irak huts egindako estatu bihurtzeko bidean. Baath alderdia legez kanporatu zuten, eta armada deuseztatu; Husseinen armadako ofizial eta estatu egituretako kide nabarmenak EIrekin bat egin dutela uste dute Mendebaldeko zerbitzu sekretuek.

2014ko ekainean eraso azkar batean EIk Mosul konkistatu zuenean begi bistan geratu zen armadaren ezintasuna. Hiritik ihes egin zuten apenas borrokarik egin gabe, eta armak eta ibilgailu militarrak geratu ziren jihadisten eskuetan. Sirian gertatu bezala, Iraken ere ikusi da EIren aurka egiteko indarrik eraginkorrenak kurduenak direla.

Mosul helburu

Edonola ere, AEBek gidatzen duten nazioarteko koalizioaren babes militarrarekin, eta milizia xiiten eta beste indar paramilitarren laguntzarekin, eremua berreskuratuz joan da azkenaldian armada. Iaz Ramadi hiritik kanporatu zuten EI, eta aurtengo ekainean, Fallujahtik. Orain, Mosulen jarri dituzte indar guztiak: bigarren erasoaldia hasi zuen atzo armadak, eta bi auzotan sartu zen.

Irak ez ezik, Ekialde Hurbil osoa ere ezegonkortu du AEBen inbasioak. Matxinada arabiarrak Siriara ailegatzean —Mendebaldearen aldeko jarrerarekin—, eta gerra piztean, azkar batean hedatu dira muturreko talde sunitak, oposizio laikoari erraz gailenduta. EI Iraketik sartu zen Siriara, eta egun ekialdeko gune zabalak kontrolatzen ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna