Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Eta bitartean, hitza herriari

Publizitatea

Mundua

Eta bitartean, hitza herriari

Venezuelako Gobernuak hauspotutako Konstituziogilea 30ean eratuko dute, baina plebiszitu ez-lotesle batera deitu du oposizioak biharko, herrialdeak horrekin bat egiten duen jakiteko
Istiluak oposizioko manifestarien eta Guardia Nazionalaren artean, joan den maiatzean, Caracasen.
Istiluak oposizioko manifestarien eta Guardia Nazionalaren artean, joan den maiatzean, Caracasen. C. FERNANDEZ / EFE

2017-07-15 / Igor Susaeta

«Herriak erabaki dezala». Julio Borges Venezuelako Parlamentuko presidentearen hitzak dira. Joan den uztailaren 3an esan zituen, Venezuelako Gobernuaren oposizioak herritarrak hiru galderako plebiszitu batera deituko zituela iragarri zuenean. MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak biltzen du oposizioaren gehiengoa, eta, Borgesen esanetan, biharko deitutako galdeketarekin jakin nahi dute ea Venezuela Nicolas Madurok hauspotutako Batzar Konstituziogilearen alde ala kontra dagoen. Joan den maiatzaren 1ean jakinarazi zuen presidenteak, botereen arteko kontraesanak «konpontzeko» —Auzitegi Gorenak legebiltzarraren botereak bereganatu zituen martxoa amaieran, «desmen egitea» leporatuz—, konstituzioa bera aldatuko duen batzarra eratuko dutela. Uztailaren 30ean hauteskundeak egingo dira konstituzio berria idatziko duten 500 kideak aukeratzeko. Madurok ere herria aipatu zuen albistea eman zuenean: «Herriaren Konstituziogilea izango da». CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalak adierazi du biharko plebiszitua ez dela loteslea izango.

Herriari eman diote hitza bai gobernuak, bai oposizioak, eta, bitartean, joan den apirilaren hasieratik, istilu larriak gertatzen ari dira, krisi politikoa bete-betean piztu zenetik. Batez ere oposizioak antolatuta, mobilizazioak daude egunero, eta protesta egiten dutenek segurtasun indarrekin topo egiten dute. Horren ondorio diren datuak eman ditu Ministerio Publikoak: ia 100 hildako, zaurituak 1.500etik gora, eta hamaika atxilotu.

Oposizioarentzat, Maduroren gobernua da herrialdea bizitzen ari den krisi ekonomiko larriaren erantzulea. Leporatzen dio demokrazia bertan behera utzi nahi duela, eta exijitzen dio aska ditzala «preso politikoak» —Leopoldo Lopez oposizioko kidea etxeko atxiloaldian dago joan den astetik—. Beraz, 2018 amaierarako iragarritako presidentetzarako hauteskundeak aurreratzeko eskatu izan dio. MUDekoei iruditzen zaie, gainera, «estatu kolpe bat» izan zela Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. Parlamentuan, oposizioak du gehiengoa 2015eko abenduko hauteskundeetatik, baina Gorenak botere ahalmena kendu dio. Auzitegiak agindutakoaren kontra, legebiltzarra desmen egiten ari da, 2016an Amazoniako hiru estatuko diputatuek karguari zin egin ziotenetik —irregulartasunak salatu zituzten—.

«Ez dugu amore emango»

Eta Madurok berak ere uste du duela hiru hilabetetik gaurdaino gertatutako protestak «estatu kolpe bat» direla, eta «Venezuelako eskuinak» eta AEBetako Estatu Departamentuak antolatu dutela. Marco Rubio AEBetako senatariak esan berri du «zigor gogorrak» jarriko dizkiotela Venezuelari, Konstituziogilea eratzen baldin badu. Horren berri eduki eta berehala, hau esan zuen presidenteak: «Zer egingo dut? Beldurtu? Neure burua entregatu? Inoiz ez dugu amore emango».

«Errepublikak behar duen bakea lortzeko», konstituzioa aldatzea beharrezkoa da Maduroren iritziz. Hugo Chavez haren aurreko presidentearen lehen agintaldian onartu zuten konstituzioa, 1999an. Presidenteak hori berridaztea du asmo, botere publikoen arteko harremanean erreforma bat bultzatu nahi baitu. Bost botere publiko dauzka herrialdeak: legegilea, eragilea, judiziala, herritarra eta hauteskunde boterea. Legegilea legebiltzarraren esku dago, eta bertan MUDek gehiengo osoa du, bai, baina horren boterea bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak, martxoan. «Konstituzio berria aitzindaria izango da, hobetua», adierazi izan du Madurok. Agindu du, gainera, herriak, erreferendum bidez, Carta Magna berria onartzeko edo atzera botatzeko aukera edukiko duela. Hori bai, gobernuak ohartarazi du jada, hilaren 30eko bozketa boikotatzen duenak justizia militarrari aurre egin beharko diola; eta oposizioak, bestalde, gaurko kontsulta «zaindu» dezala eskatu dio fiskaltzari.

Nazioarteak, bien bitartean, estutu egiten du, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak hainbatetan tira egin dio belarrietatik Maduroren gobernuari. Estatu asko ari dira gatazkan esku hartzen, eta, Latinoamerikatik kanpo, Venezuelaren aliatu nagusiak Iran, Txina eta Errusia dira. Hego Amerikan, berriz, ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarra osatzen dutenenen sostengua du, eta, horien artean, Bolivia, Kuba, Nikaragua eta Ekuador dira nabarmenenak. Venezuelak AEE Amerikako Estatuen Erakundea uztea erabaki zuen apiril bukaeran. «Pauso erraldoi bat eman dut interbentzionismo inperiala bukatzeko», bota zuen Madurok orduan. Luis Almagro AEEko idazkari nagusiari leporatzen dio esku hartzea oposizioaren alde.

Oposizioari bultzada eman diote azken urteotan Brasilen eta Argentinan ezarritako politika neoliberalek. MUDen bueltako bozeramaileak herrialdearen sektore kontserbadoreenetako ordezkariak dira, hiriguneko klase ertain eta altuetakoak, chavismoaren (1999-2013) aurreko gobernu neoliberaletako kideak, eta Chavezen gobernuak (eta ondorengoak) haien askatasunak murrizten dituztela irizten diotenak.

Eta botere borroka horiek, nazioartearen esku hartzeak, gertatzen dira, neurri handi batean, behintzat, Venezuela delako munduan petrolio astuneko erreserba handienak dituen herrialdea. Aberastasun handia dauka, era berean, mineral estrategikoetan: urrea, bauxita, burdina, diamantea, uranioa... Eta gehitu horri biodibertsitatea, posizio estrategiko bat. Hainbat adituren ustez, mundu guztiak egin nahi du arrantza Venezuelan.

MUDen jarrera aldaketa

MUDek bultzatu du biharko plebiszitua. Batasun Demokratikoaren Mahaiarentzat, ordea, Konstituziogilearen eraketa «iruzur konstituzionala» da. Batzarra 500 kidek osatuko dute: erdiak sektoreka hautatutako ordezkariak lirateke — «langileak, komunak, misioak, indigenak», Madurok azaldu zuenez—, eta beste erdiak lurraldekako hauteskunde bidez aukeratuak. Duela hiru urte, ordea, Freddy Guevara orain parlamentuko lehen presidenteordea denarentzat herrialdea «berreraikitzeko eta adiskidetzeko» modua zen Konstituziogilea.

Hiru urte geroago, bizi-bizirik dago oraindik krisi politikoa, eta, bien bitartean, bihar herriari hitza emango diote. Oposizioak adierazi du atzerriko 200 bat hiritan ere bozkatu ahal izango dutela.

Publizitatea

Sortu kontua
Igor Susaeta Igor Susaeta

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak