«Desadostasunen» ondorioz

Trumpek Tillerson kaleratu du, eta CIAko zuzendaria izendatu du AEBetako Estatu idazkari. Argudiatu du bere pentsatzeko «eraren antzekoa» duen norbait nahi duela kargurako

Trump AEBetako presidentea eta Tillerson Estatu idazkari kargugabetua, iaz, Filipinetan. BULLIT MARQUEZ / EFE.
ander perez zala
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bien arteko zatiketa agerikoa zen. Gobernua osatu eta gutxira hasi ziren Donald Trump AEBetako presidentearen eta Rex Tillerson Estatu idazkariaren arteko ika-mikak, politika egiteko bi estilo ia kontrajarri aurrez aurre ari baitziren, oldarkorra bata, lasaiagoa eta pentsakorra bestea. Harremana txarra zen, bien arteko distantzia handiegia, eta iazko uztailean filtraturiko mezu batek baieztatu zuen bi politikarien arteko talka: bien arteko borroka baten ostean, Tillersonek, etsita, bere lantaldearen aurrean«ergeltzat» jo zuen AEBetako presidentea. Trumpen erantzuna umiliagarria izan zen Tillersonentzat: «Uste dut informazio hori faltsua dela, baina, hori esan badu, koefiziente intelektualak konparatzea besterik ez dugu, eta ziur esan diezazuket nork irabaziko duen». Trump presidente denetik, 30 bat kargugabetze eta dimisio izan dira Etxe Zurian, eta atzo beste bat gehitu zen zerrendara, Tillerson Estatu idazkari kargutik kendu duela iragarri zuenean. «Desadostasunak genituen, eta aspaldidanik aipatu genuen aukera hori», argudiatu zuen AEBetako presidenteak. Tillersonek, ordea, ez daki zer arrazoi dauden erabaki horren atzean.

Trumpek erabakia jakinarazi eta ordu batzuetara mintzatu zen Tillerson prentsaren aurrean. Behin ere ez zuen aipatu AEBetako presidentea, baina esan zuen bere kargugabetzea jendaurrean jakinarazieta hiru ordura jakin zuela erabakia, hegazkinean zegoela. Lankideei eta aliatuei eskerrak ematera mugatu zen, eta bere agintean emandako aurrerapausoak nabarmendu zituen, Ipar Korearekiko presioa, esaterako: «Asko dago egiteko».Atzo arte Estatu idazkari zenak postu horretan jarraitu nahi zuen, baina orain «herritar pribatu bat» izango dela ziurtatu zuen: «Martxoaren 31n utziko dut kargua».

Data horretatik aurrerako, CIAko zuzendari Mike Pompeo hautatu du Trumpek Estatu idazkari izateko, bere pentsatzeko «eraren antzekoa» duen pertsona bat; Pompeok libre utziko duen kargurako, Gina Haspel CIAko zuzendariordea proposatu du AEBetako presidenteak, Thailandiako kartzela sekretuetako tortura kasuekin zerikusia izan duen agente ohi bat. Orain, AEBetako Senaturi dagokio bi hautagaiei baiezkoa ematea; Haspelen kasuan, CIAk bere historian lehen aldiz izango luke emakumezko zuzendari bat.

Hainbat izan dira Trumpen eta Tillersonen arteko talkak. Esaterako, Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorenak eginiko proposamenari baietza eman zion Trumpek, Tillersoni aholkua eta iritzia eskatu gabe, eta horrek agerian utzi zuen beste behin ere bien arteko harremana; Tillerson Afrikan zegoen une horretan, eta ez zuen zerikusirik izan erabakian, AEBen atzerriko politiken burua izan arren. Iranekin adosturiko akordio nuklearraren inguruan eta Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioaren inguruan ere, bien arteko desadostasunak handiegiak ziren.

Ikusteko dago AEBen nazioarteko politikak zein aldaketa izango duen datozen hilabeteotan, hain justu Siriako gatazkaren etorkizuna eta Ipar Korearekin egingo dituzten elkarrizketak mahai gainean daudela.

Kargugabetze gehiago

Tillersonekin batera, Trumpek Steve Goldstein Estatu idazkariordea kaleratu zuen atzo. Baina ez da bakarra: John McEntee AEBetako presidentearen laguntzaile pertsonala ere kaleratu zuen atzo, eta Immigrazio Zerbitzuen eta Aduana Kontrolerako eledun James Schwabek dimisioa eman zuen, ezin ziolako «gehiago eutsi» Trumpen eta AEBetako fiskalburu Jeff Sessionsen «gezurrak» esateari.

AEBetako Senatuko Alderdi Demokrataren bozeramaile Chuck Schumerrek salatu egin zuen Trumpen gobernuaren «egonkortasunik eza», herrialdea ahultzen duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.