Azpikontratatutako langileak ere babestuko ditu Hoteletako itunak

Sindikatuek bertan behera utzi dute Gipuzkoako hoteletako greba deialdia, Adegirekin lan hitzarmen berria adostu baitute. Inflaziotik gorako soldata igoerak izango dituzte
Donostiako Maria Cristina hotela, artxiboko irudi batean.
Donostiako Maria Cristina hotela, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU

Iker Aranburu -

2018ko maiatzak 19
Zerbitzu asko kanpoko enpresen esku uztea gero eta ohikoagoa den garai honetan, langileen eskubideak bermatzeko mugarri izan daitekeen itun bat lortu dute Gipuzkoako hotelen sektorean. Sindikatuek eta Gipuzkoako Hotelak-Adegi patronalak adostu dute sektoreko langile guzti-guztiei ezarri behar zaiela hitzarmen berria. Hau da, ez soilik zuzenean hotelek enplegatzen dituzten langileei, baita hotelek lan batzuetarako kontratatzen dituzten langileei ere. Gipuzkoako hoteletako 2.000 langile inguru daude gaur egun, eta horietatik 250-300 inguru dira zerbitzu enpresei kontratatutakoak. Batez ere gelen garbiketa, mantentzea eta tabernak dira azpikontratatzen diren lanak.

UNTWO Turismoaren Munduko Erakundeak datorren astean Donostian egingo duen bilkuraren itzalpean negoziatu dute enpresen eta langileen ordezkariek lan hitzarmena. Hitzordu hori presio gisa erabili dute ELA (ordezkaritzaren %65,6), CCOO (%17,9), LAB (%14,9) eta UGT (%1,5) sindikatuek, hiru eguneko grebara deitu baitzuten batzarra egin behar zen egunetan, hilaren 24tik 26ra. Egun horiek hautatu izana kritikatu zuen Alfredo Retortillok, Jaurlaritzako Turismo sailburuak.

Presioak emaitza ona izan du sindikatuentzat: eskaera nagusietako bat osorik lortu dute —langile guztiek lan baldintza berak izatea—, eta ez dira oso urrun geratu bigarrenean, soldatei dagokienean. Ez dutenez soldata igoerarik izan 2014an azken lan hitzarmena agortu zenetik, sariak KPIa gehi %8 igotzeko eskatzen zuten, eta KPIa gehi %2,5 eskuratu dute. «Soldatek gehiago igo beharko lukete, baina lortu dugu galdutako erosahalmena berreskuratzea», ziurtatu zuten atzo Maddi Aspiazu ELAko ordezkariak, Donostian. Zehatzago esateko, 2017an eta 2018an inflazioa +%1 igoko dizkiete soldatak, eta inflazioa gehi %0,5 datorren urtean.

Lan hitzarmenak beste puntu batzuk ere jasotzen ditu. Horrela, etxebizitza turistikoetako langileei ere zabalduko zaie lan hitzarmenaren babesa. «Irregulartasunak bukatuko dira horrela», diote sindikatuek. Gainera, 30 langiletik gora dauzkaten hoteletan, langileek bi jaiegun gehiago izango dituzte. Lan hitzarmena 2019 artekoa da, baina, akordio berri bat ez badago, beste hiru urtez luzatuko dute (aurreraeragina).

Patronala, zatituta

Aspiazuk aldarrikatu du akordioa «aitzindaria» dela, eta egonkortasuna emango diela sektoreko langile askori. Gipuzkoako Hotelak-Adegi ere pozik dago. «Uste dugu akordioak erakusten duela komunikazioaren, elkarrizketaren eta erantzukizunaren bidea dela egokiena enpleguaren kalitatea hobetzeko, enpresen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko eta lurraldearen garapen ekonomikoa laguntzeko». Uste du sektorea «estatuaren abangoardian» jarri dela, bi aldeek egindako «ahalegin bateratuaren» bitartez, «gure lurraldean turismoa hedatzen ari den honetan».

Adegikoak dira sindikatuek zerbitzu asko kanpoko enpresen esku uztea leporatutako hoteletako batzuk; besteak beste, Donostiako Londres eta Zenit.

Baina hitzarmenak patronala zatitu du. Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak ez du ituna izenpetu. Esan du ados dagoela azpikontratatutako enpresetako langileei ere ituna aplikatzearekin, baina soldata igoera gehiegizkoa iruditzen zaiola, «ostatuetan errealitate desberdinak daudelako».

Edonola ere, akordioa langile guztiei ezarriko zaie, Adegik gehiengo osoa baitu patronalaren ordezkaritzan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna