Gipuzkoan 30.000 lanpostu bete beharko dira 2020ra bitartean

Adegik baikortasun datuak aurkeztu ditu Pello Gibelalde presidentearen agurrean. Gipuzkoako patronalak Eduardo Junkera hautatuko du gaur buru, Enpresaren Egunean
Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusia (ezkerretik bigarrena) eta Pello Gibelalde Adegiko presidentea (hirugarrena), atzo, Donostian.
Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusia (ezkerretik bigarrena) eta Pello Gibelalde Adegiko presidentea (hirugarrena), atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jon Fernandez -

2018ko maiatzak 30
Baikortasuna, usaindu eta ikusi bakarrik ez, ukitu ere egiten dute Gipuzkoako patronalean. Adegiko buruek atzo ziurtatu zuten lurraldeko enpresek «aurreikuspen bikainekin» jarraituko dutela 2018an lau ardatz nagusitan: jardueran eta hazkundean, konfiantzan, salmentetan eta eskarietan. Eta baikortasuna enpleguaren arlora ekarriz, eta zenbakitan jarriz, Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia gaztei mintzatu zitzaien zuzenean: «Gazteei itxaropen mezu bat helarazi nahi nieke, aukeraz betetakoa». Haren esanetan, Gipuzkoako enpresek 11.200 enplegu aukera eskainiko dituzte aurten: 7.000 lanpostu garbi sortuko dira, eta beste 3.900 lanpostu ordezkatuko dira, erretiroengatik eta errelebo kontratuengatik. Eta Aierzak uste du enplegu gehiago sortuko dela aurrerago begira: 30.000 lanpostu, datozen hiru urteetan.

Zehaztu zuen, gainera, enplegu horietan «prestatuta dauden pertsona kualifikatuak» beharko dituztela. 11.200 enplegu aukera horietatik %50 inguru erdi eta goi mailetako lanbide heziketako tituludunei dagozkie, %32 unibertsitateko graduei eta graduondokoei, eta %18 beste era bateko ikasketei. Lanbide heziketako erdi eta goi mailetako graduetan, gainera, hamarretik zazpi lau adarretan pilatuta daude: elektronikan, mantentze lanetan, mekanizazioan eta informatikan. Pello Gibelalde Adegiko presidentearen ustez, patronalak atzo emandako informazioa «gazteek kontuan hartzeko modukoa da, zer ikasketa egingo dituzten erabakitzeko orduan».

Gipuzkoako patronalak aldiroko inkesta egin du enpresen artean, eta ondorioztatu du haien konfiantza maila inoizko handiena dela: %95ek uste dute beren merkatuak normaltasun egoeran edo susperraldian daudela. Adegik kalkulatu duenez, 2018an Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %2,8 eta %3 bitartean haziko da.

Inkestaren arabera, enpresen salmentak %4 handitu dira, enpresen %86k uste dute eskariak mantendu edo igo egingo dituztela, eta konpainien %99k langile kopuruari eutsiko diote edo handitu egingo dute. Bakarrik enpresen %1ek du asmoa lantaldea txikitzeko, inoiz Adegik inkestetan jasotako kopururik txikiena.

Hala ere, enpresariek badituzte kezkak, eta horiek bildu ditu Adegiren inkestak. Buruhauste nagusia, gaur-gaurkoz, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna da, eta enpresaburuen %44k aipatu dute. Salmenten errentagarritasunari lotutako ardurak, berriz, bigarren posturaino egin du behera. Eta hirugarren postuan geratu dira «lan kostu handiek» eta soldata igoerek eragindako arrangurak. Edonola ere, patronalak azpimarratu du hain zuzen ere soldaten igoerari buruzko kezka dela gehien igo dena urtea hasi denetik.

Junkera, Adegiko buru

Patronalaren urteko batzarraren eta Enpresaren Egunaren bezperan egin du prentsaurrekoa Adegik, Gibelaldek gidatutako azkena, gaur kargua utziko baitu, sei urteko agintaldiaren ondoren. Eduardo Junkera izendatuko dute presidente. Junkera 1955ean jaioa da Durangon (Bizkaia), eta Egile Corporation XXLren sortzailea eta presidentea da, bai eta Elkargiko eta Hegan klusterreko presidenteordea ere.

Gaur goizeko ekitaldian Juanjo Mena BBC Philarmoniceko zuzendaria eta CAFeko buru Andres Arizkorreta izango dira gonbidatuak. Lidergoaz mintzatuko dira bi-biak enpresarien aurrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna