Etxeko langileen herenek ez dute atseden hartzeko aukerarik

Barneko langileen kasuan, %85ek astean legez ezarritako 60 ordutik gora egiten dute lan.Laneko gaixotasunak aintzat hartzeko eskatu dio Etxeko Langileen Elkarteak Osalani

Lorea Ureta eta Isabel Otxoa, atzo, etxeko langileen urteko balorazioa egiten. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hiru urte igaro dira etxeko langileak Gizarte Segurantzan kotizatzen hasi eta euren egoera erregulatzen hasi zenetik. Pauso handia izan zen hura, eta gaur egun langileen kopuru handi batek kontratua dauka, eta Gizarte Segurantzan izena emanda dago. Etxeko Langileen Elkarteak 510 kasu aztertu zituen iaz, eta horietatik ateratako datuen arabera, enplegatzailearen etxean lo egiten zuten behargin ia denak daude egoera horretan, eta egunez aritzen direnen kasuan %70,5, 2014. urtean baino zortzi puntu gehiago. Egoera hobetu egin dela onartu du Isabel Otxoa elkarteko bozeramaileak, baina oraindik etxeko langileek ezkutuko ekonomian lan egiten dutela ere gogorarazi du. Hain zuzen, egunez lan egiten ez duten beharginen herenak daude egoera horretan. «Oraindik badago zer hobetua», argitu du.

Ez da gutxiagorako Otxoak dioena. Izan ere, barneko langileen %85ek ez zuten egindako lan ordu kopuruen ordainetan zegokien gutxieneko soldatarik jaso. Eta ez hori bakarrik: egun osoz etxean aritzen diren langile horien %78k astean 60 ordutik gora egin zuten lan, legezko muga 60 ordukoa denean. Horrek bat egiten du beharginei dagozkien atseden orduen inguruan bildutako datuekin. Elkartean jasotako testigantzen arabera, barneko langileen herenek ez daukate atsedenik hartzeko aukerarik. Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza lanetan aritzen dira langile horiek, «eta, ondorioz, eguneko lanez gain gauetan ere jaiki behar izaten dute pertsona horiei laguntzeko». Alegia, egun osoan aritzen dira beharrean.

Egoera horrek, gainera, atzerritarren profila duela nabarmendu du Otxoak. Etxeko langileen %65 atzerritarrak dira, eta horietako askok Espainiako herritartasunalortzeko kontratua behar izaten dute. Horregatik, enplegatzaileakegoera hori baliatzen dutela eta «merituak» egitera bultzatzen dituztela salatu du. Astean 81 ordutik gora lan egiten duten behargin guztiak atzerritarrak izan ohi dira. «Mendekotasun egoera oso gogorrean daude langile horiek».

Erakundeei eskaera

Etxeko langileek gaixotzeko eskubidea izan dezatela ere eskatu dio elkarteak Osalan laneko segurtasunerako erakundeari. «Etxeetan lan egiten duten emakumeek, beren baldintzengatik, arriskua daukate gaixotasun profesionalak izateko. Eta horri ez zaio erantzunik ematen erakundeen aldetik», salatu du Otxoak. Artatu beharreko pertsonaren ohea lurretik zein distantziara egon behar den ebatzita dago legez, esaterako; baina, ondoren, ikuskaritzarik ez da egiten langileek behar egiten duten esparruetan. «Kontuan hartu behar da etxebizitza eremu pribatu bat izateaz aparte lantoki ere bihurtzen dela behargina han dagoenean». Horregatik, Osalani eskaera egin die egoera hori erregulatu dezaten. «Duela sei hilabete bildu ginen eurekin, eta ezezkorik eman ez baziguten ere, euren erantzunaren zain gaude oraindik».

Bestelako adibiderik ere jarri ditu elkarteak. Etxetik apenas atera gabe behar egiten duten langileen kasuan —askotan buruko gaixotasunak dituzten pertsonak zaintzen dituzte—, neke psikologikoa oso handia dela diote,atsedena hartzeko betarik izaten ez dutelako. «Kasik ez dira etxetik ateratzen, eta zaindu beharreko pertsona oihuka edo gauzak errepikatzen aritzen da». Halako egoeretan medikura jo duten beharginei ez die jatorri profesionaleko gaixotasunik tramitatu. «Halako egoerak kontuan hartu behar dira, etxeko langileek ere gaixotzeko eskubidea daukatelako».

Gizarte Segurantza

Erakundeei beste eskaera bat ere egin die etxeko langileen elkarteak. Gizarte Segurantzan izena ematearen truke enplegatzaileei laguntzak ematea. Etxeko langile bat gaixotzen denean «ez dauka gaixo baimenik hartzeko aukerarik», eta kasu horietan kaleratua izateko arriskua izaten dute. Izan ere, «beste pertsona bat kontratatu behar izanez gero, bi langileren Gizarte Segurantza ordaindu behar du enplegatzaileak».

Ez hori bakarrik, haurdun geratu diren behargin askoren kasuak jaso dituzte elkartean.«Kasu horietan, gainera, ez litzateke bien Gizarte Segurantza ordaindu beharko, erakundeek euren gain hartzen dutelako. Enplegatzailearen gogo txarra agerian geratzen da kasu horietan». Horregatik, erakundeei bide horretan lan egiteko eskaera egin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.