LABek dio lan gaixotasunek urtean 1.000 langile hil ditzaketela

Azaldu du laneko istripu batean hildako langile bakoitzeko lan gaixotasunez hemezortzi hiltzen direla. Sindikatu guztiek salatu dute prekaritateak eragina duela laneko istripuetan

Donostiako Bilbo plazan hainbat pertsona bildu ziren atzo LABek deitutako mobilizazioan. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Lan Osasunaren Nazioarteko eguna da gaur, eta sindikatu denak kalera atera ziren atzo lan arloan dagoen prekaritatea salatzeko. Euren arabera, prekaritatea eta laneko istripuak lotuta doazelako. Horregatik atera ziren kalera, baina bakoitzak bere aldetik egin zuen aldarrikapena. LABek Donostian egin zuen bere ekitaldi nagusia, eta, han, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak datu argigarria eman zuen: Europako Lan Osasunaren agentziaren arabera, laneko istripu batean hiltzen den langile bakoitzeko, laneko gaixotasunen eraginez hemezortzi hiltzen dira. Kalkulu hori Hego Euskal Herrira ekarri, eta urtean laneko gaixotasunen eraginez 1.000 hiltzen direla azaldu zuen. «Kopuru hori ez da onargarria bere burua modernotzat duen gizarte batean».

Datu horien atzean mutualitateen eta patronalen politikak daudela salatu zuen, ez dituztelako laneko jatorria duten gaixotasunak era horretan identifikatzen, eta osasun publikoak artatu behar izaten ditu gaixo horiek. Horregatik kritika egin zien erakunde publikoei, estatistika ofizialek ez dutelako laneko gaixotasunen eraginez hildako langilerik zenbatu urte hauetan guztietan. «Ez dute horrela egin, 1993. urtetik amiantoaren eraginez 1.494 pertsona hil diren arren». Horregatik, erakundeen «pasibotasuna» salatu zuen. «Ez die patronalari aurre egin nahi, eta horregatik dira eurekin hain otzanak».

ELAk kritika hori zabaldu egin zuen Bilbon egindako ekitaldian. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak ezker politikoari dei egin zion «edukirik gabeko adierazpenak ez onartzeko Eusko Legebiltzarrean». Hain zuzen, atzo laneko osasunaren inguruko adierazpen bateratu bat onartu zen han, eta bere garaian negoziazio kolektiboaren eta soldata arrakalaren inguruan egin zen bezala edukirik gabekoa dela salatu zuen. «Adierazpen horiek ez dute Jaurlaritza ezertara behartzen, ez dute ezertarako balio». Haren arabera, ez ditu enpresak ezertara behartzen, eta, horregatik, adierazpen «arinak» direla esan zuen. «Jaurlaritzarentzat laneko segurtasuna eta osasuna ez dira lehentasunak», eta horren lekuko jarri zituen bere menpe dituen obra publikoetan azpikontratekin lan egitea.

Euskadiko CCOOk Confebasken egoitza parean egindako elkarretaratzean gogora ekarri zituen urtea hasi denetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildako hamahiru langileak. Loli Garcia idazkari nagusiak hala adierazi zuen: «Istripuen kasuan icebergaren punta besterik ez da datu hori». Horregatik, enpresei eskaera egin zien prebentzio neurri gehiago hartu ditzaten. Ildo beretik, Raul Arza UGT-Euskadikoidazkari nagusiak eskaera egin zion patronalari: «Lan prebentzioan gehiago inbertitu behar du, Euskadin ezin delako egunero gaixo agiria jasotzen duten 160 istripu egon». Hori horrela baldin bada, lan baldintza kaskarrak eta behin-behinekotasunak eragina duela salatu zuen.

Laneko heriotzen jaitsiera

Eskaera eta aldarrikapenak ugariak izan ziren atzo sindikatuen aldetik. Denak atera ziren kalera. Bestelakoa izan zen Confebasken ekarpena. Hainbat idatzi bidali zituen hedabideetara, eta, horietan, besteak beste, laneko heriotza kasuen jaitsiera nabarmendu zuen. Azken 25 urteetan erdira jaitsi dela. Horretaz gainera, «lan eremu osasungarriak sortzeko bidean alde denek euren ekarpena» egin behar dutela gogorarazi zuen. Izan ere, laneko eremu osasungarria duten enpresak lehiakorragoak direla nabarmendu zuen: «Enpresa seguru eta osasuntsuek enpresa errentagarriagoak sortzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.