EEEn geratzearen aurka bozkatu dute Erresuma Batuko diputatuek

'Brexit'-aren ostean Europako Ekonomia Esparruan jarraitzearen kontra egin dute. Mayk ez du ganberan frogatu beharko ea pausorik eman duen aduana batasuneko kide izateko

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, bilera batean, Komunen Ganberako bozketen aurretik. EFE.
ander perez zala
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Michel Barnier EB Europako Batasunaren brexit-erako negoziatzaileak hainbatetan adierazi du Erresuma Batuarentzat «aukerarik onena» dela EEE Europako Ekonomia Esparruan geratzea —merkatu bakarrean— eta aduana batasunean jarraitzea EBtik ateratzen denean. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagia, ordea, ez dira aukera horren aldekoak, eta atzo beren jarrera eta alderdiarena islatu zen Komunen Ganberan. Lorden Ganberan ezarritako zuzenketa horren bozketan, diputatuen gehiengoak, 327k, bozkatu zuten EEEn geratzearen aurka; Corbynek bere diputatuei esan zien bozketan abstenitzeko, eta,gehienek hala egin zuten arren, 90ek boto diziplina hautsi zuten, horietako 75ek zuzenketaren alde bozkatzeko, eta 25k kontra. Emaitza, beraz, baikorra izan zen Mayrentzat.

Atzoko saioan hainbat zuzenketa mahai gainean jarri zituzten arren, EEEaren ingurukoaz gain, aduana batasunari buruzko bat nabarmendu zen. Zuzenketaren arabera, Londresek frogatu beharko zuen ganberan zein pauso eman dituen negoziazioetan Erresuma Batua aduana batasuneko kide izateko. Bozketa horretan ere, diputatuek zuzenketa bertan behera utzi zuten, baina oraingoan tarte estuagoarekin: zuzenketaren kontra bozkatu zuten 325ek, eta alde 298k. Dena den, agerian geratu zen berriz ere bi alderdi nagusietako diputatuen artean zatiketa handia dagoela, eta etorriko diren bozketetan gehiago nabarmendu daitekeela.

Konpromisoan atzera

Brexit-aren legeari buruzko eztabaidaren lehen egunean, herenegun, porrot handi bat saihesteko kontzesio garrantzitsua egin zuen Mayk: akordiorik adostu ezean, parlamentuak zeresan handiagoa izango duela, eta Bruselarekin dituen negoziazioetan Londresen jarrera gidatzeko ahalmena izango duela gai horren inguruan. Gainera, haren alderdiko diputatu europazaleei zin egin zien gobernuak berak aurkeztuko zuela hori ahalbidetzeko zuzenketa, astelehenean Lorden Ganberan egingo den saioan.

Bada, Mayk atzera egin du, eta Downing Streeteko 10.etik atzo adierazi zuten gobernuak ez duela «eskuak lotuko dizkion ezer» eskainiko ganberari. Betiere iturri horien arabera, Erresuma Batuko lehen ministroak diputatu horiei esan zien bi aldeek «soilik kontsultak» izango dituztela gai horren inguruan; espero bezala, erantzun horrek haserrea eragin du, diputatu europazaleek atzoko zuzenketaren aurka bozkatu baitzuten Mayk berea aurkeztuko zuela zin egin zielako. Gobernuak gaur jakinaraziko du edukia, baina badirudi konpromisoak gutxi iraun duela, eta haserreak jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.