EEEn geratzearen aurka bozkatu dute Erresuma Batuko diputatuek

'Brexit'-aren ostean Europako Ekonomia Esparruan jarraitzearen kontra egin dute. Mayk ez du ganberan frogatu beharko ea pausorik eman duen aduana batasuneko kide izateko
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, bilera batean, Komunen Ganberako bozketen aurretik.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, bilera batean, Komunen Ganberako bozketen aurretik. EFE

Ander Perez Zala -

2018ko ekainak 14
Michel Barnier EB Europako Batasunaren brexit-erako negoziatzaileak hainbatetan adierazi du Erresuma Batuarentzat «aukerarik onena» dela EEE Europako Ekonomia Esparruan geratzea —merkatu bakarrean— eta aduana batasunean jarraitzea EBtik ateratzen denean. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagia, ordea, ez dira aukera horren aldekoak, eta atzo beren jarrera eta alderdiarena islatu zen Komunen Ganberan. Lorden Ganberan ezarritako zuzenketa horren bozketan, diputatuen gehiengoak, 327k, bozkatu zuten EEEn geratzearen aurka; Corbynek bere diputatuei esan zien bozketan abstenitzeko, eta, gehienek hala egin zuten arren, 90ek boto diziplina hautsi zuten, horietako 75ek zuzenketaren alde bozkatzeko, eta 25k kontra. Emaitza, beraz, baikorra izan zen Mayrentzat.

Atzoko saioan hainbat zuzenketa mahai gainean jarri zituzten arren, EEEaren ingurukoaz gain, aduana batasunari buruzko bat nabarmendu zen. Zuzenketaren arabera, Londresek frogatu beharko zuen ganberan zein pauso eman dituen negoziazioetan Erresuma Batua aduana batasuneko kide izateko. Bozketa horretan ere, diputatuek zuzenketa bertan behera utzi zuten, baina oraingoan tarte estuagoarekin: zuzenketaren kontra bozkatu zuten 325ek, eta alde 298k. Dena den, agerian geratu zen berriz ere bi alderdi nagusietako diputatuen artean zatiketa handia dagoela, eta etorriko diren bozketetan gehiago nabarmendu daitekeela.

Konpromisoan atzera

Brexit-aren legeari buruzko eztabaidaren lehen egunean, herenegun, porrot handi bat saihesteko kontzesio garrantzitsua egin zuen Mayk: akordiorik adostu ezean, parlamentuak zeresan handiagoa izango duela, eta Bruselarekin dituen negoziazioetan Londresen jarrera gidatzeko ahalmena izango duela gai horren inguruan. Gainera, haren alderdiko diputatu europazaleei zin egin zien gobernuak berak aurkeztuko zuela hori ahalbidetzeko zuzenketa, astelehenean Lorden Ganberan egingo den saioan.

Bada, Mayk atzera egin du, eta Downing Streeteko 10.etik atzo adierazi zuten gobernuak ez duela «eskuak lotuko dizkion ezer» eskainiko ganberari. Betiere iturri horien arabera, Erresuma Batuko lehen ministroak diputatu horiei esan zien bi aldeek «soilik kontsultak» izango dituztela gai horren inguruan; espero bezala, erantzun horrek haserrea eragin du, diputatu europazaleek atzoko zuzenketaren aurka bozkatu baitzuten Mayk berea aurkeztuko zuela zin egin zielako. Gobernuak gaur jakinaraziko du edukia, baina badirudi konpromisoak gutxi iraun duela, eta haserreak jarraituko duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ander Perez Zala

Informazio osagarria