Nazioarteko ikertzaileak hasi dira Donetskeko ezbeharra argitzen

Alde guztiak ados daude misil batek jota erori dela Malaysiako hegazkina.

Su-etena adosteko bilduko dira aldeak.

Luhansk bonbardatu du armadak, eta hogei zibil hil dira

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 19
ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko 21 ikertzaile iritsi dira ezbeharraren gunera, hegazkina zergatik erori zen argitzeko. 75 minutuz ikuskatu zuten atzo ingurua, baina ez zuten eman ateratako ondorioen berririk. Suitzak ESLAn duen enbaxadorearen arabera, «tokiko talde armatuek» ez zieten inguru osoa ikusten utzi, eta airera tirokatu zuten. Donetsk hirira itzuli ziren, «segurtasun neurri» gisa, baina gaur dira eremura itzultzekoak. MH17 hegaldiko 298 bidaiariak hil ziren herenegun, hegazkinak lurra jotzean Ukrainako Donetsk eskualdea gurutzatzen ari zela. Baieztapen ofizialik egon ez arren, alde guztiak bat datoz lurretik jaurtitako misil batek jota erori zela.

Malaysia Airlines hegazkinaren ezbeharrak ez ditu gerra hotsak isilarazi, nahiz eta ugariak izan su-etenerako eskariak: gutxienez hogei zibil hil zituzten atzo matxinoen menpeko Luhansk hiria bonbardatzean. Halere, su-etena gertu egon daiteke. Matxinoak menia ezartzeko prest agertu dira, hegazkinaren erorketa ikertze aldera. «2-4 eguneko su-etena negoziatzen ari gara», azaldu du Andrei Purgin errusiazaleen buruzagiak. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak ere menia ezarri nahi du.

Malaysiako konpainia gaur da argitaratzekoa bidaiarien zerrenda. Halere, dagoeneko jakinarazi dute gehiengoak Herbehereetakoak zirela, 189, hain zuzen ere. Malaysiakoak 44 ziren —eskifaiako 15 kideak barne—, Australiakoak 27, Indonesiakoak hamabi eta Erresuma Batukoak bederatzi. Ihesaren ehun bat ikertzailek ere bidaiatzen zuten. Konpainiak jakinarazi duenez, Ukrainako aire kontrolatzaileek hegazkinari agindu zioten garaiera 900 metro jaistea, lurretik 10.000 metrora hegan egin arte.

ESLAk gatazkako aldeei eskatu die ikerketa ez oztopatzeko. Erakundea osatzen duten 57 herrialdeek, Ukrainak eta Errusiak barne, «ikerketa garden, sakon eta independente» baten alde egin dute. Halaber, nahi dute ezbeharraren tokia bere horretan uztea, ezer «manipulatu edo suntsitu gabe».

Errusiazaleen kontrolpeko eremuan daude Boeing-777 hegazkinaren geldikinak. Ukrainako Atzerri Ministerioak esan du dagoeneko 181 hilotz aurkitu dituztela, eta matxinoen jarrera salatu du. «Nazioarteko ikerketa galarazi nahi dute, eta kaxa beltzak Errusiara eraman nahi dituzte».

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri Ministroak ukatu egin du Moskuk kaxa beltzen gaineko interesik izatea. «Nazioarteko ikerketa garden bat lehenbailehen egitea nahi dugu». Errusiazaleak prest daude nazioarteko ikuskariak onartzeko. «Baita Ukrainakoak», azaldu du Purginek.

Bi aldeek elkarri leporatzen diote hegazkina eraitsi izana. Kievek zuzenean egin du Mosku erantzule, matxinoei armak eman dizkiolakoan. Norberak bere tesia frogatzeko frogak erakutsi ditu. Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak Youtuben jarri ditu ustez matxinoei zelatatutako telefono deiak. Dei horietan, ustezko errusiazale batek bere buruzagiari aitortzen dio hegazkin bat eraitsi dutela, Ukrainako armadarena zelakoan: «Badirudi zibilen hegazkina dela». Armak garraiatzen ote zituen galdetuta, ustezko matxinoak erantzuten dio soilik «zibilen ondasunak» daudela.

Kievek dioenez, Buk hegazkinen kontrako sistemarekin eraso zioten Malaysiako hegazkinari. Anton Geraxenko Ukrainako Barne Ministerioko aholkulariak sare sozialetan zabaldutakoaren arabera, Buk sistema hori Errusiara eraman dute, han suntsitzeko. «Erasoaren egileek Errusia nabarmen utzi dute Ukrainako An-26 motako hegazkin bat eraitsi zutela jakinaraztean». Hasieran, Ukrainako armadaren garraiorako hegazkin bat eraitsi zutela zabaldu baitzuten berri agentziek.

Matxinoek lurretik 10.000 metrora dagoen hegazkin bat eraisteko baliabiderik ez dutela berretsi dute: ukatu egin dute Buk hegazkinen sistema edukitzea.

Moskuk Ukrainaren aurkako frogak aurkeztu ditu. Defentsa Ministerioak azaldu duenez, hegazkina eroritako eremutik gertu armadaren hegazkinen aurkako sistemak detektatu dituzte. «Uztailaren 17an Buk-M1 bateriaren radarrak lanean antzeman ditugu», dio Defentsa Ministerioko oharrak. Aireko helburuei buruzko informazioa helaraz diezaiokete radarrek dibisio bateko hegazkinen aurkako bateria guztiei. «Ukrainak eskualdean dituen hegazkinen aurkako edozein bateriatatik jaurti ahal izan dira misilak».

AEBek bere egin dituzte Kieven susmoak. Barack Obama presidenteak iradoki du erasoaren atzean matxinoak daudela. «Matxinoen kontrolpeko eremutik jaurti dute misila». Bestalde, su-etenerako deia luzatu du.

Airegunea, Kieven ardura

Errusiak, berriz, Kievi leporatu dio ez ixtea aire eremua. «Zergatik bidali dute Ukrainako aire kontrolatzaileek hegazkin bat gatazka gunera?», galdetu du Vitali Txurkin Errusiak NBEn duen ordezkariak. IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteak ere Ukrainako Gobernua egin du arduradun. «Gobernuen ardura da aire konpainiei ohartaraztea aire eremua hegan egiteko moduan dagoen ala ez». Ekialdean aire eremua itxi du Kievek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna