Ezegonkortasunaren frontea

Israelek azken urteotako bonbardaketarik handienetakoa egin du Sirian. Tel Avivek erran du Iranek suziriekin Golango gainean eraso diola. Teheranek ez du adierazpenik egin

Ezegonkortasunaren frontea.
mikel rodriguez
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Fronte eta parte hartzaile askotariko gerra erraldoia da Siriakoa. Urte hasieran arreta gune nagusiak ipar-ekialdean eta Damasko hiriburuaren inguruan izan dira; alde batetik, Turkiak Kurdistango Afrin barrutiaren aurka egindako inbasioan, eta, bertzetik, Siriako armadak Errusiaren laguntzarekin talde armatu islamista suniten aurka egin dituen setioetan. Hego-ekialdean dago bertze puntu beroenetako bat, eta azken orduotan tentsioa anitz handitu da Israelek atzo goizaldean Siria bonbardatu ondoren. Tel Avivek erran du Iranen eraso bati erantzun diola, baina Teheranek ez du deus adierazi. «Espero dugu atal hau ixtea, eta mezua ongi ulertu izana», adierazi du Avigdor Lieberman Israelgo Defentsa ministroak. Siriako Atzerri Ministerioaren arabera, ordea, Israelek «bertze fase bat» hasi du «gatazka zuzenerantz».

Sirian gerra hasi zenetik (2011), Israelek eraso anitz egin ditu mugaren bertzaldetik misilekin edo artilleriarekin, baita aire erasoak ere. Bai Israelgo bai Errusiako iturrien arabera, ordea, azken urteotan egin duen erasorik handiena izan da azkenekoa. Israelgo armadak ohar batean erran du Iranen «dozenaka helburu militar» jo dituela; horien artean, Kiswah hirian zuen ustezko logistika militarreko base bat, eta Damaskoko Nazioarteko Aireportuan zituen ustezko armategiak. Errusiako Defentsa Ministerioak dioenez, Israelek 28 hegazkin erabili ditu aire erasoetan, eta 70 misil jaurti ditu. Siriako armadak telebista publikoan adierazi du Siriako hiru militar hil direla erasoetan, eta erran du radar estazio bat eta armategi bat suntsitu dituztela —oposizioko Siriarako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, 23 dira hildako militarrak, «siriarrak eta siriarrak ez direnak»—. Iranek ez du deus erran erasoen inguruan, eta hango berri agentzia ofizialek Siriaren eta Israelen arteko eraso truke baten gisan azaldu dute gertatutakoa.

Azken eraso katea joan den asteartean hasi zen, Donald Trump AEBetako presidenteak Irango akordio nuklearra bertan behera utziko zuela jakinarazi zuen egun berean. Siriako Gobernuak Israeli leporatu zion Damasko ondoan misilekin eraso bat egitea. Tel Avivek ez zuen deus erran horri buruz, baina Israelgo armadak Golango gainean alerta egoera ezarri zuen. Eskualde hori 1967an inbaditu zion Israelek Siriari, eta kontrolpean du orduz geroztik.

Errusiarekin harremanetan

Hain zuzen, asteazken arratsean Siriatik hogei suziri jaurti zituzten Israelek okupatzen duen Golango gaineko zatira, Tel Aviven arabera. Lieberman Defentsa ministroak erran zuen tiro bakar batek ere ez zuela helbururik jo. Jonathan Conricus koronelak, berriz, erantzule zuzen bat aipatu zuen: Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileko jenerala —EI Estatu Islamikoaren aurkako gerran Irango indarrak eta milizia xiitak zuzendu ditu Soleimanik, eta bai miresleek eta bai etsaiek pertsona ia mitiko bihurtu dute—. Israelen bertsioaren arabera, Golango gainean erasoak jasan ondotik erabaki zuen erantzutea. Conricusek erran duenez, Errusiari aitzinetik jakinarazi zioten.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa herenegun bertan elkartu zen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin Moskun, erasoak baino ordu batzuk lehenago. Alemania naziaren aurkako garaipenaren 73. urteurreneko ekitaldietara gonbidatu zuen Putinek, Israelgo lehen ministro bati inoiz egindako lehenbiziko gonbidapena. Itzulerako bidaia egin aitzinetik, Netanyahuk kazetariei adierazi zien Putini erran ziola «beharrezko ekintza guztiak» eginen zituztela «Iranen erasotik defendatzeko». Gaineratu zuen ez zuela «oinarririk» pentsatzeko Errusiak eragotzi eginen lukeenik Israelen halako ekintza bat. Atzo mezua berretsi zuen Netanyahuk: «Ez dugu utziko Iranek presentzia militarra edukitzea Sirian».

Gaitzespena Irani

Mendebaldeko estatu nagusiek gaitzetsi egin dute ustez Iranek Israeli egindako erasoa. AEBek adierazi dute Israelek «defendatzeko eskubidea» duela. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, ordea, Teherani ez ezik, Tel Avivi ere eskatu zioten «neurritasuna» mantentzeko. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak bat egin du dei horrekin.

Siriako Gobernuak dituen aliatu handienak dira Errusia eta Iran, eta haien laguntzari esker lortu du talde armatu islamista sunitei gain hartzea. Israelek Ekialde Hurbilean duen etsai handienetzat du Iran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.