Londresen parlamentuari eraso diote, eta lau pertsona hil dituzte

Auto batekin oinezkoak harrapatu ditu erasotzaileak, eta horietako bi hil ditu. Ondoren legebiltzarrean sartzen saiatu da, eta polizia bat hil du. Segurtasun indarrek tiroz hil dute.

Poliziak hartu du parlamentua, eta gunerako sarrerak itxi ditu.
Poliziak hartu du parlamentua, eta gunerako sarrerak itxi ditu. ANDY RAIN / EFE

Adrian Garcia -

2017ko martxoak 23

Londres hirigunean izua zabaldu da, gizon batek hainbat oinezko harrapatu baitzituen atzo arratsaldean Westminsterko zubian. Horietako bi hil ditu, gutxienez. Autoak parlamentuko hesiaren aurka jo du ondoren, eta barrura sartzen saiatu da: polizia bat hil du labana sartuta. Segurtasun indarrek tiroz hil dute gero, polizia iturriek zabaldu dutenez. Scotland Yardek «eraso terrorista» izan dela esan du, eta herritarrei eskatu die leku jendetsuak saihesteko. Hogei bat pertsona zauriturik daude, larrialdi zerbitzuen arabera; horietako hainbat «oso larri». Bertan behera utzi dute une hartan egiten ari ziren saioa parlamentuan; Theresa May lehen ministroa legebiltzarrean zen une horretan, asteroko galdera saioari erantzuten.

Lekukoek azaldu dutenez, Hunday motako auto gris bat oinezkoak harrapatzen hasi da. Kazetari ugari zeuden inguru horretan, eta zuzenean kontatu dute ikusitakoa. «40 edo 50 pertsona korrika hasi dira; zerbaitetik ihesi zihoazen», azaldu du AFPko editore batek. Independent egunkariko beste kazetari batek unean bertan argitaratu du Twitter sare sozialean: «Oihuak, tentsioa. Tiro hotsak. Polizia toki guztietan».

Zabaldu dituzten irudietan jende ugari ikus daiteke lurrean botata, zaurituta, parlamentu pareko espaloian. Tamesis ibaira erori den zauritu bat erreskatatu dute.

Parlamentuan zeuden diputatuak, kazetariak eta herritarrak ordu luzez atxiki ditu Poliziak, iluntzera arte. May autoz ebakuatu dute erasoaren berri jakin bezain pronto. Lehen ministroak larrialdiko bilerara deitu du, neurriak hartzeko, eta Poliziak ikerketa bat hasi du; erasotzaileak konplize bat izan duela uste du. Oraindik ez dituzte aipatu erasotzailearen arrazoiak. Europako beste hainbat herrialdetan ere atentatuen aurkako alerta igo da, eta badaezpadako neurriak hartu dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna