Portugalgo sutearen egoera «arduratzeko modukoa» da

Larunbatean piztutako suteak 64 hildako eragin ditu oraingoz. Gobernuak dio ez dela arrazoiez hitz egiteko garaia, eta oposizioak azalpen politikoak eskatu ditu

Portugalgo sutearen egoera «arduratzeko modukoa» da.
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Castelo Branco, Coimbra eta Leiria eskualdeetan 2.000 behargin dabiltza lanean, joan den larunbat arratsaldean Portugalen erdian piztutako sutea itzaltzeko ahaleginean. 64 hildako eragin ditu oraingoz —135 dira zaurituak—, eta suhiltzaileak beldur dira kopuru hori ez ote den handituko. Ansiao da suteak kalte egindako herrixketako bat, eta Rui Rocha hango alkateak dio suhiltzaileak oraindik ez direla kiskalitako zenbait baserritara heldu, hildakoak gehiago izan daitezkeela. Suhiltzaileak ere iritzi berekoak dira, eta zailtasunak dauzkate oraindik ere piztuta jarraitzen duten sugarrak itzaltzeko. «Hainbat suk piztuta jarraitzen dute, eta ezaugarri diferenteak dituzte, gainera», jakinarazi zuen, atzo, Eliseo Oliveira Babes Zibileko kideak. Adierazi zuen egoera «kezkatzeko modukoa» dela, eta denbora beharko dutela kontrolpean edukitzeko. Eguraldia, gainera, ez dute lagun, tragedia egunean bezalaxe haizeak gogor putz egiten jarraitzen duelako eta tenperaturak 35-40 graduren bueltan dabiltzalako. Hori dela-eta, atzo ikusgaitasun arazoak eduki zituzten suak kiskalitako eremuetara heltzeko.

Bien bitartean, gobernua eta oposizioa elkarri mokoka hasi dira. Antonio Costa lehen ministroak eskatu zuen, herenegun, suteari aurre egitea dela inportanteena, «bizitzak salbatzea eta etxeei eustea», eta antzera mintzatu zen Marcelo Rebelo de Sousa presidentea, atzo, Avelarren, sutea itzaltzeko lanetarako operazio gunean: «Suteari aurre egitea eta biktimak eta haien familiako kideak babestea da orain gure lehentasuna. Iritsiko da, gero, arrazoiez hitz egiteko unea». Izan ere, Babes Zibileko kideekin bildu zen atzo Pedro Passos Coelho oposizioko burua, eta tragediari buruzko azalpen politikoak exijitu ditu. Castanheira de Pera herrixkan piztu zen sua, eremu mortu batean, tximista batek zuhaitz bat jo zuelako, iturri ofizialen arabera. Iturri horien beraien esanetan, suhiltzaileak azkar heldu ziren hara, baina, han bizi direnek adierazi dutenez, orduak behar izan zituzten.

Quercus talde ekologistak komunikatu bat plazaratu zuen erantzukizunak eskatuz, eta sutea basoen administrazioan egindako hutsegiteen eta «erabaki politiko okerren» ondorioa dela salatuz. Horren harira, Paulo Fernandes Tras-os-Montes unibertsitateko irakasle basogintzan adituak hitz egin zuen Coimbrako prentsan, eta, haren iritzian, katastrofea saihestu zitekeen: «Edo gutxienez gutxitu, errepideak behar zen unean moztu izan balituzte. Datu meteorologikoak behar bezala erabili behar dira».

Hildakoetako 30 autoen barruan kiskali ziren. Sutearen berri izan zutenean, Castanheira de Peratik alde egin zuten N-236 errepidea hartuz, Figueiro dos Vinhosera heltzeko intentzioarekin. Agintariek ez zuten errepidea itxi, eta sugarrek hori harrapatu zuten, bete-betean. Lekukoen arabera, «suzko zikloi batek» hogei bat auto kiskali zituen. Bai biktimen baita talde ekologisten ustez ere, 1.000 suhiltzaile baino gehiago heldu ziren, baina instituzio ofizialek ez dute nahikoa egin basoko suteei aurre egiteko hartutako neurriak koordinatzeko.

Europako Batasunean Portugal da basoko sute gehien pairatzen dituen herrialdea. Datu ofizialen arabera, XXI. mendean soilik 2,2 milioi hektareak su hartu dute han. Halere, horri aurre egiteko aurrekontua txikitu zuen administrazioak, eta suaren kontra lan egiten dutenen %90 boluntarioak dira. Jaime Marta Soares Portugalgo Suhiltzaileen Ligako presidenteak adierazi du basogintzari dagokionean «iraultza bat» behar dela.

Portugalgo Parlamentuak badauka basogintzaren sektorea erreformatzeko asmoa. Joan den martxoaren 21etik, eukalipto legea deitutakoa tramitatzeko daude. Hori indarrean jarriko balute, 2030 arte Portugalen zuhaitz mota hori landatzea debekatuko lukete. Izan ere, eukaliptoaren hostoak bereziki suharberak dira.

EBren Elkartasun Funtsa

Espainiako, Frantziako eta Italiako suhiltzaileak eta militarrak Portugalgoei laguntzen ari zaizkie suteak itzaltzeko ahaleginean, EB Europako Batasunaren babeserako azpiegituraren bidez.

Jyrki Katainen Europako Batzordeko presidenteordea heldu zen atzo Lisboara, eta adierazi Bruselak sutearen ondoren hasi beharko dituzten berreraikuntza lanen %95 finantzatu dezakeela, Elkartasun Funtsaren bidez. «Beharrezkoa izango balitz, Elkartasun Funtsa dago. Horren azpiegitura funtsak erabil daitezke, eta EBk berreraikuntzaren kostuen %95eraino parteka dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.