Muslim aske utzi du Txekiak, baina estradizioaz ebatzi gabe

Siriako kurduen lider ezagunena ezingo da EBtik atera. Kurduak ez dituztela «isilaraziko» adierazi du. Epailearen erabakiak «terrorismoa» babesten duela salatu du Turkiak

Dozenaka pertsona bildu ziren atzo auzitegiaren aurrean, atxiloketarengatik protesta egiteko. MARTIN DIVISEK / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Turkiako Auzitegi Gorenak «terrorismoa» egotzita, Salih Muslim Siriako PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko buru ohia Pragan atxilotuta zegoen joan den larunbatetik. Siriako kurduen lider ezagunenak Pragako Udal Auzitegian deklaratu zuen atzo, eta hango epaile batek aske utzi du. Dena den, kautelazko neurriak jarri dizkio. Izan ere, eskatzen dion aldiro auzitegira jo beharko du, eta, gainera, ezin izango da EB Europako Batasunetik atera; ez behintzat, epaileak estradizio eskaeraz ebatzi arte—Finlandian bizitzeko baimena du—. Izan ere, haren estradizioa eskatu du Turkiak, eta fiskala ere iritzi berekoa da. Beraz, Txekiako Ministerio Publikoak eskaera egin ondoren hartuko du erabakia epaileak. Auzitegiko bozeramailearen esanetan, hilabete inguru iraun dezake prozesuak.

Auzitegitik atera zenean, Turkiaren jarrera izan zuen ahotan Muslimek: «Botere judizialaren bitartez bideratu zuten ni atxilotzeko agindua. Auzitegira eraman ninduten. Hori ezin da egin. Beste herrialde bateko herritarra naiz». Muslimek gaineratu zuen auzitegiko epaileak hori hartu zuela kontuan, eta aske utzi duela. Bide batez, Turkiako Gobernua kritikatu zuen: «Afrini buruzko elkarrizketak edukitzen ari gara Europan, eta isilarazi egin nahi gaituzte. Ez dute arrakastarik eduki, ordea. Europak legeak ditu, printzipioak, denak ez daude Turkiako Estatuaren menpe. Ezin ditu kurduak isilarazi». Siriako Iparraldeko Federazioko gobernuko kide da TEV-DEM Gizarte Demokratikoaren Mugimendua alderdia, eta alderdiko kanpo harremanetarako bozeramailea da Muslim; horregatik ari da lan diplomatikoa egiten Europan. Orain pare bat aste, esaterako, Europako Parlamentura joan zen.

Eta, noski, Ankara ez dago ados Pragako epaileak egindako hautuarekin. Pentsatzen du «terrorismoa» babesten duela Muslim aske utzita. Halaxe adierazi zuen, atzo, Bekir Bozdag gobernuaren bozeramaileak— jatorri kurdua du—. «Nazioarteko legediaren kontrakoa da». Haren ustez, Pragaren eta Ankararen arteko harremanei «negatiboki» eragingo die. Egindako «hutsegitea» lehenbailehen «zuzendu» dezala eskatu dio epaileari Abdulhamit Gul Justizia ministroak. Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak, berriz, mehatxu egin dio Muslimi, esanez «doan tokira doala» jazarriko diotela.

Ankarako goi kargudunak Muslimekin bildu ziren 2013an eta 2014an, hura PYDko presidentekide zenean. 2016ko azaroan, baina, Siriako kurduen lider ezagunena atxilotzeko agindua eman zuen Turkiako Gobernuak. Urte hartako otsailean armadako kideen autobus bati egindako atentatua gertatu zen Ankaran, eta haren egiletza PKK Kurdistango Langileen Alderdiari egotzi zion Recep Tayyip Erdogan presidentearen gobernuak. Muslimi leporatzen dio PKKrekin harremana izatea. Hura atxilotzearen truke 850.000 euro agindu izan ditu Turkiako Gobernuak.

Afringo egoera

Muslim atxilotuta zegoela protesta egiteko, dozenaka pertsona bildu ziren atzo auzitegiaren aurrean eta Txekiako Barne Ministerioaren aurrean, eta oihu egin zuten Erdogan «faxista» bat, «diktadore» bat eta «terrorista» bat dela.

Muslimen estradizio ahalegina gertatu da, hain zuzen, Turkiak Siriako kurduen Afrin kantonamenduaren aurka erasoaldi militarra hasi eta hilabete pasara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.