Klasiko bihurtzen hasita

Itxaro Bordaren '%100 basque' nobelaren irakurraldia egingo dute bihar 11 orduz, Bilboko Arriaga antzokian. Hendaian, berriz, Lander Garroren 'Gerra txikia' irakurriko dute gaur

Itxaro Bordaren %100 basque irakurriko dute bihar 400 lagunek, Bilboko Arriaga antzokian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Lehen orriko lehen hitzak. «Luzaz berant oheratu naiz, haspiturak kateztatu Marcel gaixo hura ez bezala. Hara, ene gaurko ipuina, literatura tradizio finko, ohoretsu eta unibertsalean kokatzen dudala, perpaus soil baten bidez». Hala abiatzen da Itxaro Borda idazlearen %100 basque (Susa, 2001) eleberria, eta hitz horiekin abiatuko dute Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Literatur Klasikoen X. Irakurraldian, bihar. 08:00etan hasita, hamaika orduz, 400 lagun elkartuko dira Bordaren lana txandaka irakurtzeko, Bilboko Arriaga antzokian. Hendaiako mediatekan, berriz, Lander Garroren Gerra txikia (Susa, 2014) irakurriko dute 145 lagunek gaur, Akelarre euskal kulturaren aldeko elkarteak antolatutako irakurraldi publikoan. Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria omentzeko ekitaldia ere egingo dute eguerdian.

Bilbo Zaharrak antolatzen duen hamargarren irakurraldia da aurtengoa, eta emakumeek gaur egungo literaturan duten protagonismoa aldarrikatu nahi dute urtemugarekin. Bordaren lana aukeratu dute horretarako. Pedro Alberdi jardunaldiaren antolatzailearen arabera, ausarta da %100 basque nobela. Euskaldunen eta euskal kulturaren izaerari buruzko hausnarketa egiten du liburuak, eta irakurketa jarraituaren liburuen zerrendara gehitzea erabaki dute horregatik. «Mezu indartsua du liburuak, bai politikaren aldetik eta baita gaurko gizartearen identitatearen aldetik ere». Bordaren lanarekin, bigarren aldiz taularatuko dute emakume baten lana Bilbo Zaharra euskaltegikoek; hain zuzen, duela bost urte irakurri zuten Arrantza Urretabizkaia idazlearen Zergatik panpox.

Inprobisazioak leku gutxi izango du bihar Arriagako agertokian. Alberdiren hitzetan, liburua lantzen aritu dira azken asteetan Bilbo Zaharreko ikasleak, eta eztarriak ondo zorroztuta irakurriko dituzte Bordaren hitzak. «Euskaltegiko ikasleek eskoletan landu dute liburua. Estilo eta hizkuntza aldetik, ohituta gauden estilotik urruntzen da %100 basque, eta hiztegia lantzeko saiakera berezia egin dugu horregatik». Alberdik azaldu du Bordak eleberrian lantzen duen hiztegia tokikoa dela, eta hainbat hitz ez direla Orotariko Euskal Hiztegian agertzen. Sakela izeneko aplikazioa sortu du Bilbo Zaharrak Bordaren nobelan agertzen den hiztegiaren zalantzak argitzeko. «Orotariko hiztegian agertzen ez diren 300 hitz baino gehiago bildu ditugu aplikazioan». Erabilgarri dago jada. «Hiztegiaz gain, puntuazioa eta esaldien osaera ere ezberdin da. Horrek egiten du guretzat testua zaila izatea».

Edonola ere, ez da Ipar Euskal Herriko hizkera oinarri duen liburu bat taularatzen duten lehen aldia. Axularren Gero (1643) izan zen, hain zuzen, duela hamarkada bat Bilbo Zaharra euskaltegiak klasikoen irakurketa jaialdiko estreinako aldian irakurri zuen lehen liburua. Gerora etorri dira Juan Antonio Mogelen Peru Abarka (1804) eta Jon Miranderen Haur besoetakoa (1959).

Hamargarren irakurraldia

Esperimentua izan zen duela hamar urte egindako lehenengo Klasikoen Irakurketa Jarraitua, baina errotuta dago jada. «Gu geu ere klasikoak bihurtu gara azken hamar urteetan». Sorreratik mugarri izan diren liburuak aukeratu dituzte Bilbo Zaharra euskaltegikoek jardunaldirako. «Klasikoak deitzen diegu, baina azken urteetan aldatu egin da joera hori, edo akaso bestelako eduki bat eman behar zaio klasiko hitzari. Egia da gaur egun daramagun abiadurarekin liburu bat klasiko bihurtzen dela bost urtean. Edonola ere, ekitaldia abiatu genuenean, gure asmoa zen inflexio puntua markatu duten ala garrantzitsuak izan diren euskarazko liburuak irakurtzea».

Biharko ekitaldiaz gain, hainbat jardunaldi egin dituzte azken egunetan. Gaur, Bordak berak solasaldi bat egingo du , eta literaturan egindako hizkuntza hautuaz arituko da 19:00etan, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan. Irakurraldian ere izango da idazle baxenabartarra. Hain zuzen, hark hartuko du irakurketa jarraituaren lehen txanda, 08:00etan. Jarraian, testigua hartuko diote, besteak beste, Bilbo Zaharra Euskaltegiko ikasleek, Bilboko hainbat ikastetxetako ikasle eta irakasleek, zenbait kultur eragilek eta zenbait ostalarik. Zuzeneko irakurketez gain, nazioarteko Euskal Etxeetan grabatutako bideoak ere izango dira.

Etxeberriari omenaldia

Grabazioekin abiatuko da gaurko Hendaiako irakurraldia ere. 09:00etan hasiko da ekitaldia, eta aurrez egindako 78 bideo jarriko dituzte goizean: besteak beste, Baiona, Ahetze, Donibane Lohizune (Lapurdi), Pasaia, Donostia (Gipuzkoa) eta Iruñetik bidalitakoak. Eguerdiko atsedenaldian, omenaldia egingo diote Hasier Etxeberria idazleari. Izan ere, Etxeberriaren Inesaren balada(Elkarlanean, 2001) izan zen irakurri zuten lehen nobela. Esker ona adierazteko ekitaldia egingo diote 13:45ean. Ondoren abiatuko dute arratsaldeko irakurraldia. Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak eta Sustrai Colina bertsolariek izango dute bigarren saioari hasiera emateko ardura.

Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko xedearekin antolatu zuen Akelarre elkarteak lehen jardunaldia, duela zortzi urte. «Euskara ikasten dutenentzat plaza polita da». Lehen alditik hona, hazi egin da ekitaldia, parte hartzaileak bikoizteraino. Antolatzaileen arabera, euskal literaturaren obrak eta idazleak ezagutaraztea ere bada ekitaldiaren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.