Eskultura hutsa baino gehiago

Miguel Angel Oribe eskultoreak 'Harrapatutako arkitekturak' inauguratu du Donostiako EHUko Andrestegi aretoan. Arkitektura du inspirazio, eta hutsunez bete du erakusketa

Miguel Angel Oribe eskultorea Harrapatutako arkitekturak erakusketako hainbat lanekin. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Askotan egin nahi izan duen erakusketa inauguratu berri du Migel Angel Oribe eskultoreak, Donostiako EHUko Carlos Santamaria eraikineko Andrestegi aretoan. Betidanik izan du arkitektura inspirazio iturri, eta 2006tik aurrera are gehiago landu du ildo hori. Noiz edo noiz erakutsi izan ditu egindako obrak, baina lehen aldia da arkitekturaren kontzeptuaren pean bilduma oso bat erakusgai duela. Oriberen lanak Harrapatutako arkitekturak du izena, eta guztira 27 obra izango dira ikusgai apirilaren 13ra bitarte. Hormak, zutabeak, eraikinen planoak... Horiekin guztiekin egin du jolas artistak, hori izan baitu iparra: sormenetik abiatutako arkitektura lanen proposamena egitea. Egin duen hori, hortaz, ez da eskultura hutsa.

Arkitekturaren elementu horiekin nola jolastu: horixe da Oribek eskulturekin adierazi nahi duena. Horretarako. funtsezko kontzeptu bat landu du: hutsunea. Leihoek, zuloek, ateek... Guztiek hausten dute eskultura zurrunen eta material pisutsuen itxitasuna: «Kanpokoaren eta barnekoaren artean mugarik ez dagoela irudikatzea gustatzen zait, eta, aldi berean, murruen barneko hutsuneetako bizileku horiek topatu nahi ditut». Horregatik, «bertan babes hartzeko moduko espazio berriak» sortu nahi izan ditu. Horretarako, materiala ez da eragozpena izan. Burdina, zura, collageak... Artistak edonolako adierazpideak erabili ditu erakusketa prestatzeko. Xedea da zulo horiek bete daitezkeela irudikatzea.

Hutsuneen kontzeptua esanahi materialetik harago ere badoa: «Kutsu poetikoa ere badu; eskulturen barnean sar gaitezke, eta babesa bilatu». Hain justu, zenbait serie aurkeztu ditu erakusketarako, eta horietako bat da Aterpeak. Babesguneak sortu ditu burdinazko eskulturetan, eta azpimarratu du eraikin arkitektonikoak liratekeela eskala handiagoan eginez gero: «Bizitzeko moduko espazioak dira, eta ez soilik fisikoki. Haur gineneko garaietara bidaiatzen dugu hor barnean; geure burua topa dezakegu, eta gune horiek lasaitzeko baliatu».

Oriberen lanak, hortaz, dinamikoak dira: «Ez dut nahi areto batean erakutsi eta kito egin. Nahi dut jendea etorri eta topatzea arkitekturaren eta eskulturaren arteko elkarrizketa hori. Irudika dadila norbera lanen barnean, alde batean, bestean...». Areago: solasaldia, izan, izango du; EHUko arkitekturako ikasleekin hain justu. Unibertsitatearekin lankidetzan antolatu du erakusketa, bi diziplinen arteko zubiak sendotzeko.

Arkitekturako ikasleak

Andrestegi aretoa ez da ohiko espazio bat, eta unibertsitatearekin lotura estua duten obrak soilik jartzen dituzte ikusgai. Oribek egindako lana ezin aproposagoa izan da erakusketa antolatu dutenen begietan, eta artistak ere gogo onez hartu du proposamena: «Erakutsi nahi diet badagoela tarte bat sormenerako, funtzionaltasunaz harago».

Bi diziplinak uztartzeko saiakera bat egin du erakusketarako. Haren arkitekto kuttunek egindako eraikinen planoak hartu ditu, eta moldatu egin ditu, collage teknikaren bitartez. Erreferente gisa hartu ditu Van der Roherena, Aalto Niemeyerrena eta Tadao Andorena, esate baterako. Eskulturari dagokionez, agerikoa da Jorge Oteizaren eragina.

Bestalde, badu proiektu bat buruan; Hormak serieko proiekturen bat arkitekturako ikasleekin garatzea: «Asmo bat besterik ez da, baina asko gustatuko litzaidake eskala txikian ditudan lanak tamaina handiagoan egitea». Modu horretan arkitekturaren eta eskulturaren erabateko fusioa gertatuko litzatekeela uste du: «Irudikatzen ditut haurrak jolasten, eta hutsuneak eta sortzen diren espazioak aprobetxatzen».

Prozesuaren garrantzia

Ezin ditu, ordea, lan guztiak tamaina handian ekoitzi: «Ez dut konplikatu nahi, eta gainera mugikortasunagatik ezin dut». Horregatik, berebiziko garrantzia ematen dio sortze prozesuari: «Denbora hartzen dut lanak osatzeko. Ez dut abiada bizia maite». Egiten duenarekin disfrutatzea lehentasuna dela azpimarratu du.

Gainera, inauguratu berri duen erakusketa berezia da, nolabaiteko omenaldia egin baitie gogoko dituen bi diziplina eta pasio handiei: eskulturari eta arkitekturari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.