Bizikidetza gorrotoaren gainetik

1936ko gerrak hautsitako Villabonako gizarte ehuna herri xeheak berriro nola josi zuen erakusten du Bertha Gaztelumendiren 'Negar franko egingo zuen aitak' dokumentalak
Xabier Urmeneta gidoigilea, Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendaria, atzo, Donostian.
Xabier Urmeneta gidoigilea, Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendaria, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2015eko apirilak 24
Villabonara jo zuenean Negar franko egingo zuen aitak dokumentala ontzera, bi galdera zeuzkan buruan jira eta bira Bertha Gaztelumendik —Mariposas en el hierro (2012) izan zen bere estreinako dokumentala—. Batetik: zer gertatu zen han 1936ko gerraren ondoren? Nola bizi ziren elkarrekin irabazleak eta galtzaileak? Bestetik: nola lortu zuten herritarrek gudaren aurretik zeukaten elkarbizitza berreskuratzea? Eta hipotesi bati tiraka hasi zen lanean: «Herritarren artean, ez genuen ikusten benetako lubakirik Espainiako gerraren ondorioz». Horrek erakusten du, filmaren egilearen iritzian, herri xehearen ekimenez berriro josi zutela puskatu zena, herrira gosea, tristura, beldurra eta isiltasuna ekarri zituena. Behin lana bukatuta, badauzka erantzun batzuk, eta konturatu da alde batekoek zein bestekoek elkarren arteko bizikidetza lehenetsi zutela, gorrotoaren eta mendeku egarriaren ordez.

Donostiako XIII. Giza Eskubideen Zinemaldian emango dute gaur (16:30), eta Gipuzkoako Diputazioaren Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritzak abiarazitako Zaharrak berri programaren bultzadari esker osatu dute.

Gaztelumendiri iruditzen zaio oso zabalduta dagoela uste bat; alegia, gipuzkoar gehienak errepublikanoak eta abertzaleak zirela, eta ez zegoela eskuineko indarrik lurraldean. «Historia aztertuz gero, ordea, ikusten duzu bazeudela». Horien ahotsa ere jaso nahi izan zuen dokumentalean, baina frankisten aldekoek ez zuten gonbidapena onartu. «Ahulezia» hori aitortzen dio proiektuari. «Gure gizartea ez dago prest, oraindik, memoria inklusibo baten alde lan egiteko».

40 minutu pasatxoko dokumentalean mintzo direnak hiru belaunalditako kideak dira: gerran 6-7 urte zituztenak, haien seme-alabak eta gaur egungo gazteak. Haien herrikideen azalpenak-eta entzunda, gazteek «irakaspen garrantzitsua» jaso dezaketelakoan dago: «Ondo etorriko zaie gertatu zenaren berri edukitzea, etorkizunean, balizko gatazka sozial edo politiko bat baldin badago, aurrekoek nola jokatu zuten jakiteko».

Orain ia 80 urte, jendea hil zuten Villabonan —dokumentalean argitzen dutenez, 28 errepublikanoen aldekoak ziren, eta 22, frankisten bandokoak—, espetxealdiak, erasoak eta fusilamenduak egon ziren, eta emakumeek hainbat eraso pairatu behar izan zituzten. Baina hori guztia gertatuta ere, gizarte ehundura josi zuten atzera herritarrek: «Esaterako, eskola berera joanez eta bertan sakoneko diskriminaziorik nozitu gabe, edota aisialdian elkarrekin nahastuz». Eta, gainera, norbanakoen elkartasun keinu «gurutzatuak» ere eman ziren. «Batzuek besteei lana eskainiz eta gose zirenean lagunduz», besteak beste. Horrek hautsi zuen bi bandoen arteko «harresia», zuzendariaren aburuz.

Batez ere gazteei zuzendutakoa da Negar franko egingo zuen aitak, «material pedagogikoa» duena. Gaztelumendik pentsatzen du «nahiko deskonektatuta» daudela oro har. «Dena den, begiak irekitzen dituztenean, eta haien aitona-amonak zeinen borrokalariak izan ziren jakiten dutenean, hunkitu egiten dira, eta miresmena sentitzen dute haiengatik». Badira dokumentalean zenbait lekukotza hunkigarri, sasoi hartan galtzaileek bizi izan zuten tristuraren, sufritutako minaren eta gosearen erakusle. «Izugarria da, orain arte ez dute horri buruz hitz egin. Hainbestekoa zen errepresioa, jasan beharreko pisua...», hausnartu zuen Gaztelumendik atzo Donostian, pelikularen aurkezpenean.

Villabonako Aritza kultur elkarteari eta hango udalari eskerrak eman zizkien, eta gogoratu zuen gaurko emanaldia doan dela —Viktoria Eugeniako leihatilan eskuratu daitezke gonbidapenak—, eta ondoren solasaldia egongo dela filmean parte hartu duten hiru pertsonarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna