Bizioen eta bertuteen artean

Norgehiagoka ala kooperazioa, gizakiak zein ote duen berezkoago aztertu du 'Gizabere kooperatiboaz' liburuan Joxe Azurmendik. Jakin Irakurgaiak bildumako 47. zenbakia da lana

Lorea Agirre Jakineko zuzendaria eta Joxe Azurmendi filosofoa, atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. JON URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
«Aspaldiko gaietara itzuli naiz». Bere ibilbidean sakon landu izan dituen bi aztergairi berriro heldu die Joxe Azurmendi pentsalariak (Zegama, Gipuzkoa, 1941): gizaberearen azterketa filosofikoari, batetik, eta kooperatibismoari, bestetik. Izan ere, kezkak ez dira aldatu: nolakoa da gizakia berez? Zer du naturalago, lehia ala kooperazioa? Edo, beste modu batera esanda, kapitalismoa ala sozialismoa? Galderak mahai gainean jarri ditu berriro ere Gizabere kooperatiboaz lan berrian. Jakin Irakurgaiak bilduman argitaratu du.

Antropologia filosofikoaren ildotik, hots, gizaberearen azterketa filosofikoaren arlotik, lehenago ere plazaratu du lanik filosofo eta idazleak, Zer gara? galdera handi horri erantzuteko bokazioarekin: Gizona abere hutsa da (1975) eta Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991) dira kezka horren lekuko. Bestalde, kooperatibismoari —eta zehazki, «Kooperatibismo Arizmenditarraren esperientziari»—heldu zion pentsalariak bere tesian, Jose Maria Arizmendiarrietari buruz ondu baitzuen azterlana —1984an argitaratua—. «Bi gai horiek ekarri ditu liburura, Darwinen pentsamenduari tiraka eta beste autore asko tartean harilkatuz, hainbat galdera mahai gainean jarriz», azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.

Kooperatibismoa sozialismoa da Azurmendirentzat, liburuaren sarreran aipatzen duenez. Haren hitzetan, esperientzia kooperatiboak pisua izan du Euskal Herrian, eta egun ere bizirik dagoen ideia bat da, ekonomia sozialak eta gisako formulazio berriek erakusten dutenez. Kapitalismoa gainditzea edo eraldatzea dute helburu halakoek, eta, Azurmendiren ustez, Kooperatibismo Arizmenditarraren esperientziak izan dezake interesik oraindik ere sozialismo berri baten eraketan.

Baina, horren guztiaren aurretik, gizakiaren izaerari dagokion galdera filosofiko-antropologikoa hor dago: zer da berez gizakia, Hobbesen otsoa otso artean, elkarrekin beti lehian ari dena, ala Rousseauren gizakume bihozbera eta lagunkoia? Zer da naturalago gizakiarengan: egoismoa eta norgehiagoka, ala altruismoa eta kooperazioa? Azurmendiren hitzetan, «bizioak eta bertuteak» ditu gizabereak, eta horien arabera portatzen da: «Errukia sentitzen dugu, justizia exijitzen dugu, karitatea praktikatzen dugu noizean behin... Eta bertute eta bizio horien arabera juzgatzen dugu mundua».

Garai batean, gizaberearen «bertuteak» erlijioak irakatsitakoak ziren, baina «Darwinez gero gutxienez», biologiaren irizpide batzuk ere sartu ziren tartean, Azurmendik azaldu duenez, eta haien artean nagusia bizi borroka da: haren araberakoa da zein aterako den aurrera. XIX. eta XX. mendeetan, «Darwinengandik Marxenganaino, fede unibertsala izan da dena dagoela eboluzioan, progreso baten bidean, eta bide horretan borroka da indar erabakigarria, borroka irabazteak ziurtatzen du eboluzioa, eta iraultza borrokaren produktua izango da, ez elkarlanarena». Teoria horien arabera, «arraza garaileak» daude, munduaz nagusitzen ari direnak, eta, adibidez, Ingalaterrak India okupatzea garapenarentzat onuragarria dela ulertzen denez, ontzat jotzen da. «XIX. eta XX. mendeetan hala ikusi da mundua, balio horien arabera juzgatu da». Darwinismo eta sozialdarwinismoaz gain, Kropotkinen tradizioa ere aipatu du, zeinak lehian ez, elkar laguntzean ikusten duen gizartearen etorkizunerako bermea.

Egun, «ez moralismotik, baizik eta biologiatik» galdera berberak egiten direla gaineratu du Azurmendik: «Zer gara gizon-emakumeok: lehiakide izan behar gara gizadi guztiak irabazteko, edo elkarrekiko kooperatzaileak? Edo beste modu batera esanda, gizakiarengan naturalagoa da kapitalismoa ala sozialismoa?». Arazoa «maila pertsonalagoan ere birpentsatu» beharra dagoela uste du. «Zer da gizona edo emakumea abere gisa? Zer da eboluzioak gizon edo emakume gisa moldatua dagoena? Hori galdetu gabe, ezin dugu eztabaidatu gizonari eta emakumeari buruz, eta bien arteko harremanez. Eta ez da biologiak finkatu duen horretan gelditzeko, baina bai gure utopian—nik utopian sinesten jarraitzen dut— kontuan hartu behar dugulako gure bilakaera naturalak eman dizkigun posibilitateak eta inposibilitateak». Biologiak jarritako «inposibilitateak» gainditzeko daudela adierazi du, baina utopiak ere errealismotik jokatu behar duela.

Erantzunik ez du ematen liburuan, baina azaldu du bere jarrera Azurmendik: «Uste dut gizakia egoista dela, elkarren laguntzaile ere badela, eta gero garatu behar duela alde bat edo bestea, ez dagoela ezer finkatuta. Gure eginkizuna da bi muturren artean bide bat hautatzea eta hori garatzea».

Sail berria martxan

Jakin Irakurgaiak saileko 47. liburua da Azurmendirena; duela hemeretzi urte hasi zen pentsamenduaren dibulgaziorako bilduma hori. Azurmendi bera da sailaren sortzailea eta arduraduna, baina lehen aldia da berak idatzitako lan bat bilduman argitaratzen dena. Urtero liburu bat plazaratzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Agirrek. Eta udazkenean beste sail bati ekingo diotela ere iragarri du: pentsamendu feminista izango du oinarri, eta Angela Davisen Emakumea, arraza, klasea izango da saileko lehen liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.