Palestina garaile lagunartekoan

Argentinako futbol selekzioak ez du jokatuko Israelen kontra, Jerusalemen. Palestinak presio egin du ez jokatzeko. Mehatxuak salatu ditu Argentinako Futbol Federazioak

Yibril Rayoub Palestinako Futbol Federazioko presidentea, atzo egindako agerraldi batean. ATEF SAFADI / EFE.
jakes goikoetxea
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Presioak eragina izan du: Argentinako futbol selekzioak uko egin dio larunbatean Israelen kontrako lagunarteko futbol partida jokatzeari, Jerusalemen. Palestinatik zuzendutako mezuak eta Bartzelonako protestak —Argentina han ari da Munduko Kopa prestatzen— jokalarienganaino iritsi dira, eta partida bertan behera utzi dute. «Ez joatea da zuzenena», laburbildu du taldearen iritzia Gonzalo Higuain jokalariak. Argentinako jokalariek eta senideek norgehiagoka bertan behera uzteko mehatxuak jaso dituzte, Jaime Tapia AFA Argentinako Futbol Federazioko presidenteordearen esanetan, eta horrek eragin du erabakia.

Israelgo Gobernuko zenbait ordezkarik Argentinaren aurkako partida bihurritu eta baliatu nahi izan dute Jerusalemen hiriburutza indartzeko. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iazko abenduan jakinarazi zuen Jerusalem hartuko zuela Israelgo hiriburu ofizialtzat, eta Tel Avivetik bertara eraman du enbaxada.

Berez, Haifan jokatu behar zuten lagunarteko futbol partida, baina Miri Regev Kultura eta Kirol ministroak bultzatuta, Jerusalemera aldatu zuten —Haifako estadioak ikusle gehiagorentzako lekua dauka—. Regevek Israelgo estatuaren sorreraren 70. urteurreneko ekitaldien testuinguruan kokatu zuen futbol partida, eta garaipen politiko, diplomatiko eta mediatikotzat jo zuen Argentinaren bisita Jerusalemera. Ministroak propio aipatu zuen Lionel Messi argentinarren izarrak muin emango ziola Deitoreen harresiari, juduen lekurik sakratuenari, Palestinari kendutako lurretan.

Lagunarteko lehia Jerusalemera eramateak Palestinako ordezkarien haserrea eragin zuen. «Israel tresna politiko gisa erabiltzen saiatu da Messi eta gainerako izarrak», salatu du Yibril Rayubek, Palestinako Futbol Federazioko presidenteak. Argentinak Israelen jokatzea onartuko luke, baina ez Jerusalemen: «Denek denen kontra jokatu dezakete, baina nazioartean onartutako mugen barruan, baita Israelen ere; okupatutako lurretan partidak antolatzeak, ordea, nazioarteko legediak eta giza eskubideak urratzen ditu». Palestinak Malvinen okupazioa ospatzearen parekoa da, Husni Abdel Wahed Palestinaren Argentinako enbaxadorearen iritziz.

Argentinaren erabakia «zuzena» dela uste du Palestinako Futbol Federazioko Nazioarteko arduradun Susan Shalabik. «Jerusalemera orain etortzea, mundu guztia Trumpek egin duenarekin haserre dagoenean, oso larria da»,

2030erako boikota

Argentina partida bertan behera uztera bultzatzeko presioak bi iturri izan ditu: Palestina eta Bartzelona. Palestinako Futbol Federazioak boikot mehatxua egin zion Argentinari, Jerusalemen Israelen aurka jokatuz gero: Argentinak, Uruguaik eta Paraguaik antolatu nahi dute 2030eko Munduko Kopa, eta Palestina prest zegoen hautagaitza horren kontrako kanpaina bultzatzeko herrialde arabiarretan eta musulmanetan.

Bartzelonan, Palestinaren aldeko ekintzaileek bozgorailuak eta gorriz tindatutako kamisetak erabili dituzte jokalarien kontzientziak astintzeko.

Israelgo Gobernua saiatu da Argentinako selekzioari atzera eginarazten. Benjamin Netanyahu lehen ministroak Mauricio Macri Argentinako presidenteari deitu zion herenegun gauean. Jokalariek ez zutela jokatuko erantzun zion gobernuari.

Hugo Moyano AFAko presidenteordearentzat, «zuzen» jokatu dute: «Gizaki moduan ezin da inolaz ere onartu hainbeste jende hiltzen duten leku horietan gertatzen dena». Guilad Erdan Israelgo Segurtasun Publikoko ministroak «bortizkeriari eta terroreari» men egitea leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.