Pauso bat atzera, «indartzeko»

Bilbo Basketen helburua Urrezko LEB ligan lehiatzea da. Sei milioi euro inguruko zorra du, eta hartzekodunekin negoziatzen ari da. ACBko jaitsiera funtsa da taldearen arnasa

Bilbo Basketeko jokalariak zaleak agurtzen, jaitsi ziren egunean. M. TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Retabet Bilbao Basket ez da desagertuko, oraingoz. Administrazio kontseiluaren helburua hurrengo sasoian Urrezko LEB ligan lehiatuko den talde indartsu bat osatzea da, ACBra ahalik eta bizkorrena itzultzeko. Egitasmoaren traba nagusia, baina, taldeak pilaturiko zor handia da: sei milioi euro ingurukoa —2016-17ko sasoiaren amaierako datua da—. Egun, hartzekodunekin negoziatzen ari da zor hori ahal bezain beste gutxitzeko eta salaketak eragozteko. Hartzekodun nagusia, dena den, Bizkaiko Ogasuna da; hari 2,8 milioi euro zor dizkio, eta uztailean hasi beharko luke zulo hori zortzi urtean estaltzeko prozesua.

Koldo Mauraza Bilbo Basketeko presidenteak eta Carlos del Campo diruzainak atzo eman zuten administrazio kontseiluaren asmoen berri. Bizkaia Arenako prentsa aretoa akziodun eta kazetariz bete zen, eta agintariek baikortasun mezua zabaldu nahi izan zuten: «Atzerapauso bat da, ACBra iraganeko zamarik gabe itzultzeko», laburbildu zuen Maurazak. Egoera, baina, ez da hain erraza, eta, Urrezko LEB ligan diru sarrerak asko murriztuko direnez, ia ezinezkoa dirudi epe motzean zorra gutxitzea. Aurrerago begiratuta, halere, asmoa urtero milioi bat euroko zorra kentzea litzateke, azken urteetan lortu dutena baino askoz gehiago.

Administrazio kontseiluko kideek, lehenbizi, argitu nahi izan zuten zorra ez dela handitu eurek taldearen agintean eginiko lau urteetan. Sei milioi euro ingurukoarekin hartu zuten 2013-14ko sasoi amaieran, eta, onartu zutenez, euren gabeziarik handiena hori ez murriztea izan da. Sei milioietatik, gainera, 4,5 epe motzean ordaindu beharreko zorrak dira.

Lehenbizi Bizkaiko Ogasunarekin hitz egin behar du Bilbo Basketek. Ogasunak zortzi urteko epea eman zion 2,8 milioi euroko zorra kitatzeko, eta, akordio horren arabera, uztailetik aurrera 50.000 euro ordaindu beharko lituzke hilabetero. Egungo egoeran ezinezkoa den betekizuna. Eta gero datoz beste hartzekodunak: jokalariak, langileak, ordezkariak, hornitzaileak... Haiekin «negoziatzen» ari dira, eta haiek baretzeko, dirua ACBtik jasotzea espero du taldeak. Oraingoz hartzekodun konkurtso aurreko egoeran sartuta dago taldea.

LEBera jaisteagatik Bilbo Basketek 1,6 milioi euro jasoko ditu ACB ligatik, bere garaian jarritako igoera eta jaitsiera funtsetik. Zein epetan kobratu aztertzen ari da kontseilua. Manresak, esaterako, sasoi honetan erdia jaso du, 750.000 euro. Del Campok esan zuenez, funts hori da hartzekodunei eskainiko dieten bermea. «Funts hori hartu, eta akordio bat lortu. Ez dago besterik; bestela, denda itxi, eta etxera».

Funts horretatik kobratzen aurrenekoak jokalariak dira, eta sasoi honetakoei bi soldata zor zaizkie gutxienez. Hori ordainduta, beste hartzekodunen zorra kentzea da asmoa. Funtsak, bere osotasunean, Ogasuna ez diren hartzekodunekin pilaturiko zorraren erdia kentzeko ematen du. Alegia, batek baino gehiagok diru dezente barkatu beharko du. Hori bai, ACBra igotzea lortuko balu, Bilbo Basketek itzuli egin beharko luke funtsetik jasotakoa.

Hurrengo sasoira begira, talde indartsua izan nahi du Urrezko LEB ligan, milioi bat edo 1,2 milioiko aurrekontuarekin. ACBko talderen batek jarraitzeko baldintzak beteko ez balitu ere, ez lukete toki hori onartuko. Akziodunen kalkuluen arabera, bazkide guztiek abonamendua berritzen badute, kopuru horietan egongo dira, eta, gainera, babesle askok jarraitzeko asmoa erakutsi diete. LEB ligan ez dago telebistaren diru sarrerarik, eta publizitatea ezin da prezio berean saldu. Izen emateko epea uztailaren 6an bukatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.