Balentriatik metro batzuetara

Alex Txikon, Daniele Nardi eta Ali Sapdara bidez nahastu dira Nanga Parbateko tontorrera eginiko erasoan.

8.000 metrotik pasatu dira.

Bertan behera utzi dute bigarren saioa
Daniele Nardi, Ali Mohammad Sapdara eta Alex Txikon, Nanga Parbateko laugarren kanpalekuan.
Daniele Nardi, Ali Mohammad Sapdara eta Alex Txikon, Nanga Parbateko laugarren kanpalekuan. ALEX TXIKON

Imanol Magro Eizmendi -

2015eko martxoak 14
Alex Txikon, Ali Mohammad Sapdara eta Daniele Nardi mendigoizaletasunaren historian sartzeko zorian egon ziren atzo goizaldean. Orientazio huts batek, baina, Nanga Parbat (8.125 m., Karakorum, Pakistan) neguan igotzen duen lehen espedizioa izatea eragotzi zien. Eguraldia lagun, 8.000 metrotik gora iritsi ziren, baina bidez nahastu eta tontorrera igotzeko indar eta astirik gabe gelditu ziren. Haien asmoa gaur berriz ere saiatzea zen, baina eguraldi aldaketa datorrela ikusita, arratsaldean beheko kanpalekura itzultzea erabaki zuten. Gaur emango dituzte argibide gehiago, baina oso litekeena da berriz ez saiatzea.

Alex Txikonek atsekabetuta deitu zien atzo goizean beheko kanpalekuan zain zituen espediziokideei. Saio ustelaren azalpen luzea eman zien: «Hanka sartu dugu; nahastu egin gara. Gauez eta ilunpetan, sartu gabe pasatu dugu igo beharreko korridorea, konturatu gabe. Gora egin ordez, trabeska jarraitu dugu, gehiegi. 8.000 metrora gaude, baina leku oso harritsuan. Ez dugu denborarik atzera egin eta bide zuzena hartzeko». Mendigoizalearen ustea, dena den, ez dator bat beheko kanpalekuko kideekin. Haiek teleskopio bidez ikusi zuten saioa, eta, haien ustez, bide zuzena hartu zuten, baina haitz batzuek ez zieten utzi korridore hori ikusten.

Hirukotea 4. kanpalekura jaitsi zen gero (7.200 m.), atseden hartzeko. Kanpaleku horretatik bertatik egin zuten saioa zazpi ordu lehenago. Ordu biak aldera irten ziren, elurraren egoera ona eta ilargiaren argia lagun. «Ezinezkoa zen lehenago irtetea; hotza jasangaitza da», azaldu zien Txikonek kideei. Nanga Parbaten zero azpitik 35 gradu dute, eta, haizearen ondorioz, sentsazio termikoa are hotzagoa da. Hori da erraldoiaren zailtasun handiena: eguraldi txarra. Elurte gogorrak eta zero azpiko 40 graduko tenperaturak ohikoak dira.

Azken unean bidez nahastu arren, saioak ondorio positiboak ere ekarri zizkien. Bizkor igo eta jaitsi ziren, eta elurraren egoera ona zen. Hasieran, berriz saiatzea zen asmoa, baina arratsaldean uko egin zioten, bihar eguraldia aldatuko baita. Irrati komunikazioa ez zen ona, eta ez zuten azaldu berriz saiatuko diren edo ez, baina, negua bukatzen ari dela ikusita, litekeena da etxerako bidea hartzea. Hala uste dute, behintzat, beheko kanpalekukoek. Dena den, gaur argituko dute. Amore ematen badute, Nanga Parbat neguan igotzen saiatu den 23. espedizioa izango da. Hori bai, kontsolamendu txikia izango dute, inor ez baita hain urrun iritsi.

Arazoak hasieratik

Alex Txikonek Nanga Parbatera eginiko aurreneko espedizioa izan da hau, eta arazo ugari izan ditu. Hasieran, K2ra joateko asmoa zuen, eta hala jakinarazi zuen iazko urrian, baina, Txinako Gobernuak baimena ukatu zionez, abendu bukaeran helburua aldatu behar izan zuen. Erronka berria Nanga Parbat zen, K2rekin batera neguan inork igo gabeko 8.000 metrotik gorako beste mendia.

Helburua aldatuta, Ali Sadpara eta Muhammad Kan pakistandarrak hartu zituen bidelagun. Himalayan eskarmentu handia pilaturiko mendigoizaleak dira biak. Daniele Nardi italiarra beheko kanpalekuan batu zitzaien. Beste espedizio batekin joana zen, baina gailurrera artekoak Txikonekin egitea erabaki zuen.

Espedizioa hasieran kalkulatu baino luzeagoa izaten ari da. Txikon urtarrilaren 17an irten zen Bilbotik, eta urtarrilaren 25erako beheko kanpalekuan zen. Hasieran urdaileko arazoekin ibili zen, eta kosta egin zitzaion egokitzea. Hortik aurrera, eguraldiak ez dio bakerik eman, eta 46 egun geroago egin ahal izan du gailurrerako saioa.

Espedizioko kideek elurpean pasatu dute azken hilabetea. Elurra eragozpen handia izan da bigarren eta hirugarren kanpalekuetara eginiko errotazioetan. Duela bi aste, eguraldiak pixka bat hobera egin, eta martxoaren 3an edo 4an gailurrera iristea espero zuten. Baldintzak kolpetik aldatu ziren, baina, eta bertan behera utzi behar izan zuten. Atzoko saioa ere ezustekoa izan zen, aurreikuspenak ordu gutxitan egin baitzuen hobera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna