Itzulera amaigabe bat

Jaime de los Riosek 'Moving Pictures' lan berria aurkeztuko du gaur Donostiako Koldo Mitxelenan. Algoritmo infinitu bat sortu du, obra etengabe birsortzeko. Teknologia, zientzia eta artea uztartu ditu
Etengabe mugitzen ari den pantaila bat da De los Riosen obra berria.
Etengabe mugitzen ari den pantaila bat da De los Riosen obra berria. J.C RUIZ / ARP

Maider Galardi F. Agirre

2018ko otsailak 15
Ilun dago Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneko ganbarako aretoa. Apenas bereiz daitezkeen lurra, pareta eta gela erdian dagoen pantaila handia. Halako batean, pantaila urdintzen hasi da, eta hodei moduko batzuk sortu dira segidan. Izan zitekeen William Turner pintore erromantikoaren koadro bat. Beste kolore eta forma batzuk hartu ditu oihalak. Oraingoan, espresionismoaren pintzel pasaldiak nabarmenak dira. Argiak piztu, eta beste irudi bat ageri da gelan; Moneten koadro baten kutsua du. Etengabe aldatzen da pantaila, eta ez da berriro aurreko diseinua ikusteko aukerarik izango. Informatika bidez sortutako algoritmo infinitu bat da Jaime de los Rios artistaren Moving Pictures azken obra mugiarazten duen motorra.

Zientzia, teknologia eta artea uztartzen ditu artistak. Aurrez ere egin du gai beraren inguruko hausnarketa. Areago, Arteklab arte eta zientzia laborategi irekiaren sortzailea da, eta, nazioartean hainbat proiektu eginda, etxera itzuli da De los Rios: «Proiektu hau pertsonala eta hunkigarria da; Koldo Mitxelena aukera dut, Donostiako arte garaikideko egoitza, nire obra aurkezteko». Aurrera begirako itzulera amaigabe bat ere bada obra: batetik, bertan beste lan batzuk egitea gustatuko bailitzaioke, baina baita beste hainbat arrazoirengatik ere. Teknologia berriaren bidez erreproduzitu ditu Del los Riosek garai bateko obra handi eta pintura esanguratsuen kutsua duten irudiak.

Hori da artistak mahai gainean jarritako paradoxarik handiena: «Lan berriaren erdigunean pantaila bat izateak zentzu erabat politikoa du». Espazio propioa hartu duela dio: «Subjektibizatu eta kolonizatu egin gaituzte». Baina, gailuari koadro itxura emanda, artistak zentzua irauli du erabat: «Pantaila erraldoi horrek etengabe erreproduzituko ditu kolore amaiezinak, eta ikusleak bere modura interpretatu ahal izango du begi bistan duena. Izan ere, ez da aukerarik izango irudi bera bi aldiz ikusteko. Gelara noiz sartu diren: horrek zehaztuko du zer ikusten duten».

Egindako lana ez da samurra izan. Urtebetez aritu da etengabe mugitzen ari diren pintura horiek sortzeko algoritmoak osatzen. Hain justu, pantailaren beste aldean ikus daitezke lanerako erabilitako proiektorea eta ordenagailua. «Nik guztiok eskura ditugun gailuekin egiten dut artea», azaldu du. Uste du pintura elitista bilakatu dela, eta horregatik egin du aldarria: teknologia berrien bidez, atzera begirako bat bota, eta zenbait pintoreri erreferentzia egitea: «Jendeak zenbait margolariren obrak identifikatuko ditu, nahiz eta sortzez berriak izan».

Horregatik, azpimarratu du obrak jendeak sortuko duela: «Margolariek istanta harrapatzen dute, eta gero betiko iraunarazi. Obra honetan, istanta gertatzen da, baina gero galdu egiten da. Norberak izango du aukera une hori irudikatzeko». Horretan ere irauli egin du prozesuaren zentzua. Ganbarako obraz gain, kulturguneko solairu nagusian ere jarri du beste pantaila bat, «espresionistagoa». Eta, zikloa amaitzeko, katalogoa dado itxuran banatuko du, obraren irudi pusketez osatuta: «Zoriak zer-nolako garrantzia duen irudikatu nahi nuen horrela». Hortaz, hiru hankaz osatutako lana aurkeztu du De los Riosek. Badaki «arriskatua» dela.

Ideia trukearen garrantzia

«Ez dut ulertzen obra hau». Esapide horrek tristura ematen dio artistari. Haren esanetan, arteak jendea ahaldundu behar du, eta, horregatik, kontzeptu zabaleko obra proposatu du: artearen korronte nagusien zertzeladak nabarmenak dira, baina aro garaikideko tresnak erabili ditu lana osatzeko.

Koldo Mitxelenako ganbarak ematen du aukera hara bildutakoen arteko elkarrizketa sustatzeko, eta horixe nahi du artistak ere; ideien trukea. Uste du galdua dela artisten eta ikusleen arteko harremana egiteko ohitura, eta horregatik antolatu du gaurko inaugurazio festa. Garai bateko ohitura onak hartu eta infinituraino birsortzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna