Bortxaketa baten «istorio larria», Giza Eskubideen jaialdian saritua

Kauther Ben Hania tunisiarraren 'Aala Kaf Ifrit'-ek irabazi du Amnesty Internationalen sari nagusia. Cesar Vallejo espainiarraren 'El viaje a Islandia' hautatu dute film labur onena

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko apirilak 28
Epaimahaiak ostegunean erabaki zuen sari nagusia Kauther Ben Hania tunisiarraren Aala Kaf Ifrit / Beauty and the Dogs filmari (2017) emango ziola; artean, ez zuten publiko egin 2016ko sanferminetako bortxaketaren epaia. Epaimahaiaren iritzian, Aala Kaf Ifrit filmean «zehaztasunez landua dago bortxaketa bat salatu nahi duen emakumeak nola sufritzen duen jazarpena eta nola egozten dioten errua berari». Istorioa egiazko gertakizun batean oinarrituta dago, eta «xehetasunez» ageri da Mariam protagonistak jasaten duen «urraketa fisiko eta moral larria». Bortxaketa izan ondorengo «gau luzea» nola doan kontatzen du filmak, Mariam salaketa egiten saiatzen denean. «Ikusten da onarpen falta dagoela, eta errua egozten diotela jendearengana joaten denean, eta Poliziak mehatxuak eta gutxiespenak egiten dizkio, kasua salatu ez dezan».

Filmak erakundeen «zurruntasuna» agertzen du, epaimahaiaren ustetan: «Segurtasun indarren zigorgabetasuna eta korporatibismoa ikusten dira, bai eta biktima defendatzen saiatzen direnek hartzen dituzten arriskuak ere». Atzo eguerdian jakinarazi zuten Giza Eskubideen Zinemaldiko palmaresa, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta Joxemi Beltran zuzendariak goraipatu zuen «emakumeen aldarrikapenak goraldian diren honetan, film honek gogoetarako beste elementu bat» dakarrela.

Heriotzaren tabua

Cesar Vallejo espainiarraren El viaje a Islandia filmak irabazi du film labur onenaren gazte epaimahaiaren saria. Filmak Luis de Marcos Veraren kasua azaltzen du, bera protagonista hartuta. Luisek 50 urte ditu, eta esklerosi anizkoitza du duela hamar urtetik. Epaimahaiaren iritzian, Cesar Vallejok oso ondo adierazten du gizarteko taburik handienetako bat: heriotza. Aldarrikapena ere egiten du: «Gai horretaz hitz egin behar da, pertsona askoren errealitatea baita, eta ezin du ezkutuan jarraitu: heriotzaz, lagundutako suizidioaz eta eutanasiaz hitz egin behar da gizartean, normalizatu arte».

Ikusleen film onenaren saria, berriz, Ales Paya espainiarraren La cifra negra dokumentalak jaso du. Nola gauzatzen da tortura Espainian? Zergatik kostatzen da hainbeste salatzea? Zer ondorio ditu biktimentzat eta egileentzat? Biktimen, abokatuen, polizien, akademikoen, giza eskubideen aktibisten eta abarren ahotsak jasotzen ditu lanak. Oso alde txikiarekin gailendu zaio film hori Felix Colomer kataluniarraren Shootball dokumentalari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna