Hiltzeko bidelagun bila

Vaiven konpainiak 'Barre bere buruaz beste egiteko (HappyEnd)' umorezko ikuskizuna estreinatuko du, gaur 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean

Xabi Donosti eta Iñake Irastorza aktoreak, Barre buruaz beste egiteko (HappyEnd) antzezlanean. VAIVEN.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Etorkizuna ilun ikustean, heriotza irtenbide bakarra izan daiteke, baina inork ez du bakarrik hil nahi. Lagun suizidak topatzeko zerbitzua ematen duen elkarte klandestinoaren istorioa kontatzen du Vaiven konpainiak Barre buruaz beste egiteko (HappyEnd) ikuskizunean. Duela aste batzuk Gasteizen estreinatu zuten, gazteleraz, eta gaur euskaraz eskainiko dute, 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Iñaki Rikartek zuzendu du ikuskizuna, eta Ainara Ortegak moldatu du euskarazko bertsioa. Borja Ortiz de Gondraren testu batean oinarritzen da ikuskizuna, eta jatorrizko izena Barre buruaz beste egiteko izan arren, etorkizunean HappyEnd izenarekin bakarrik aurkeztuko dute. Umore beltza eta esperpentoa eta zentzugabekeria erabiliz, krisiak sortutako ondorioen inguruan hausnarketa egitera gonbidatzen ditu ikusleak: «Uste dugu gaiak interes sozial handia duela, baina, ikuspegi errealista eta dramatikotik hartuta, ez genuen distantzia hartzeko modurik ikusten. Umorea tresna baliotsua da halakoetan, hausnarketa librea egin dezakegulako testuinguru erosoago batean». Ikusleak gaiarekin gustura sentitzea eta haiei ondo pasaraztea da konpainiaren erronka nagusia. «Gaia oso serioa da, eta ez genuen arinkerietan erori nahi. Horregatik, ikuskizuna moldatuz joan gara, une bakoitzean egokiena zena erabakiz. Istorioan umorea eta zentzugabekeria landu arren, benetako gertaeretan oinarritu gara».

Istorioa gaur egungo gizartean kokatuta dago, krisialdiaren garai latzenetan, hain zuzen ere. Jendearen ezkortasun orokorrari etekina atera nahian, suizidatu nahi dutenei laguntza eskaintzen die HappyEnd elkarte klandestinoak. Elkarteak arau zorrotzak ditu, eta harro dago huts moralik ez duen taldea izateaz. Arauak argiak dira; suizidatu nahi duten bezeroek aurretik beste bati lagunduko diote azken nahia betetzen, eta, hala, kate bat sortuko dute. Baina krisia amaitu egingo da; jendearen ongizatea berpizten den aldi berean, elkartea krisian murgilduko da. Testuinguru bitxi horretan, errealitatearen logika aldaketarekin jolastuko dira Xabi Donosti, Garbiñe Insausti eta Iñake Irastorza aktoreak. Egoera zoroa orekatzeko, Rikarteren esanetan, errealista eta sinplea izango da taula gaineko agertokia: «Gehienetan, HappyEnd elkartea azalduko da. Pertsonaiak modu errealistan aurkeztuko ditugu, hori delako testuinguru zentzugabekoaren gakoa. Elkartea, legez kanpokoa izatearekin batera, erabat zoroa da kideen planteamendua».

Krisiaren amaiera amesten

Elkarte suizida izan arren ideia nagusia, krisia da antzezlanaren gaia. Hainbat politikarik behin baino gehiagotan aipatu dituzten kimu berdeak azaltzen dira, eta ideia hori ironikoa iruditzen zaio Rikarteri. «Krisiaren amaierak jendearengan sortutako pozaz eta optimismoaz ari gara antzezlanean, hain zuzen ere, antzerkiaren mundua krisiaren ondoriorik gogorrenak jasaten ari denean. Egoera dena da, txarra alegia, baina antzerkian gabiltzanok oholtzara igo eta egoerarekin barre egiteko ahalmena dugu. Barre egin behar dugu, negar ez egiteko».

Gaztelerazko bertsioa antzeztu zuten Gasteizen, eta harrera ona izan zuen, zuzendariaren arabera; euskaraz ere ikusleengana iristea espero dute. «Obra berbera izan arren, hizkuntza aldatzean hainbat elementu ezinbestean aldatzen dira; horrekin batera, aktoreak ere beste batzuk dira. Baina ziur nago jendearekin konektatzeko gai izango garela. Ezdugu epaiketa moral bat egin nahi, ez eta hausnarketa bat eginarazterik ere; obra sortu dugunoi interesgarria iruditu zitzaigun gaia, eta jendeak libreki nahi duena sentitu eta pentsa dezan nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.