GAKOAK

2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Memoriaren Nafarroako Institutuak memoria historikoaren esparruko politika publiko guztiak koordinatuko ditu. Hainbat lan ildo izanen ditu.

1. Kronologia. Bi multzo kronologikotan banatu dute institutuaren jarduna: batetik, 1936ko kolpe militarrarekin eta diktadura frankistarekin lotutako gertakariak ikertuko ditu; bestetik, «gertuko memoria», 1960tik aurrerakoa, alegia.

2. Lurpetik ateratzen. Aranzadi zientzia elkartearekin sinatutako itunari jarraikiz, institutu berriak segida emanen dio 1936ko gerran eta ondorenean fusilatutako pertsonen gorpuzkiak aurkitzeko, identifikatzeko eta familien esku uzteko prozesuari. Orain arte, 64 pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte. Bestalde, iaz sortutako DNA bankuari esker, 144 espediente zabaldu dituzte, eta 21 gorpuzki identifikatzea lortu dute.

3. ETA. Memoriaren Institutua azken hamarkadetako biktimez ere arduratuko da. ETAren jardun armatuari buruzko dokumentazioa bildu, biktimei ordaina eman eta ikastetxeetan auziari buruzko saioak antolatuko dituzte, besteak beste.

4. Motibazio politikoko indarkeria. Erakundeak ikerketagai izanen du frankismoaren hondar urteetatik aurrerako «motibazio politikoko indarkeria» ere: eskuin muturreko talde paramilitarrek nahiz estatuko funtzionarioek eginiko erasoak ikertu, eta biktimei «egia, justizia eta ordaina» ematen ahaleginduko da. Hala ere, Espainiako Estatuak auzitara eraman zuen horri buruzko 16/2015 Foru Legea, eta Auzitegi Konstituzionalean dago orain.

5. Ikerketa guneak. Orain arteko lan ildo guztiak indartzeaz eta koordinatzeaz gainera, Memoriaren Nafarroako Institutuak bi baliabide berri eskainiko ditu : oroimen historikoan espezializatutako liburutegia, eta Memoriaren Dokumentazio Zentroa. Hainbat elkarte memorialistekin elkarlanean, funts dokumental zabala osatu dute, eta «herritar guztien eskura» jarriko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.