Prefetaren proposamenak ikertzeko eskatuko du Hautetsien Kontseiluak

Jean-Pierre Massias eta Jean Gourdou juristei egitekoa die eskaera.Lurralde elkargoa haiek ikertu zuten garaian, eta baita hobetsi ere

Durand prefeta eta Lasserre hautetsia, besteak beste, atzoko bilkuran. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Berezia da egoera. Hautetsien esku jarri dituzte kartak, baina berriz nahasi ditzake aurki Frantziako legeak, eta, dena den, kartak Frantziak ditu marraztuak. Eta azken hitza prefetak ukan dezakeela mehatxua helarazia du, nahiz eta bozkatu, tokiko hautetsiek bozkatuko duten, noiz eta nola, hori ez delarik jakina. Jakinez jokoan dagoela hamarkadak iraunen duen Ipar Euskal Herriko egituraketa instituzionala.

Testuinguru zalantzakor horretan, Hautetsien Kontseilua bildu zen atzo arratsean. Gai nagusietako bat Ipar Euskal Herriko gobernabidearen gaia izan zen, hain zuzen. Pierre-Andre Durand Pirinio Atlantikoetako prefetak egin lau proposamenak -bosgarrena orain bezala segitzea da, eta hori guztiek baztertua dute- aditu batzuekin lanean aritzea erabaki zuen kontseiluak. Jean-Pierre Massias eta Jean Gourdou juristekin, zehazki. Garaian jurista horiek zituzten lurralde elkargoaren aukera juridikoak aztertu. Eta, funtsean, antolaketa hori hobetsi zuten. «Aukera guztiak barne- barnetik aztertzea erabaki dugu», esplikatu zuen Jean-Jacques Lasserrek Hautetsien Kontseiluko presidente gisa, bilkura amaitu ondoren.

Bi hitzez, prefetaren proposamenen artean, bi proposamen federatzaileak dira: sindikatu misto baten itxura lukete. Eta beste bi, berriz, integratzaileak dira, eskumen propio batzuekin: dela hiri elkargo edo hirigune elkargo gisa antolatuak.

Bilkuraren bigarren parte bat lurralde kontratua izan zuten. Garapen Kontseiluak bere ekarpenak aurkeztu zizkion duela hilabete bat. Orain, Hautetsien Kontseilua azken ukitu batzuk eman, eta negoziazioen hasteko atarian da, besteak beste, Frantziako Estatuarekin. Ipar Euskal Herriko ondoko sei urteetarako proiektu nagusiak eta diru parteak adosteko, abendu bukaera dute muga. Negoziazioak udazkenean burutzekoak dituzte. Baina proiektuak baino gehiago, eztabaida sakona izan zuten Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren funtzionamenduaren finantzaketaz, Lasserrek azaldu zuenez. Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Akitaniako Eskualdeak finantzatzen baitituzte egiturak partez, eta horien ekarpena ez dela «nahikoa» salatu zuen hautetsiak. Esplikazio gehiagokorik eman gabe, gaineratu zuen atzoko bilkurak udazkenari begira lan metodologia bat abian jartzeko balio izan duela.

Bozka asteartean hasiko da

Bizkitartean, delako karta banaketari begira, uztailaren 15ean hastekoak dituzte bozketak Frantziako senatariek lurralde erreformaren koadro orokorraz. Jadanik legearen lehen irakurketa egin dute, eta gobernuak aurkeztu eskualdeen mapa berria atzera bota. Legebiltzarrera iritsi zen legea, eta, oro har, senatariek kenduak berriz sartu eta senatariek sartuak kentzen aritu ziren diputatuak.

Astearteari begira, karta berri bat marraztu dute, eta aldaketa nagusi eta bakarra da Limousin eskualdea Akitaniari lotu izana. Eta, iduriz, departamenduek beren eskualdea hautatzeko aukerak eskainiko lituzke lege berriak, hautu eskubidearen bidez, nahiz eta aukeraketa hori doi bat giltzapetua izan. Izan ere, Bretainiaren kasuan, Loire Atlantique departamenduak aspalditik eskatzen du Bretainia eskualdeari lotua izatea. Baina, kasu honetan, aukera ez da hain librea, iduriz. Hamazazpi parlamentariek duela zenbait egun Pays de la Loire eskualde osoaren fusioa eskatu zuten Bretainiarekin, horien artean, Frantziako lehen ministro ohi Jean-Marc Ayraultek.

Frantziako Auzapezen Elkarteak, bere aldetik, agiri bat idatzi berri du erreforman tokiko hautetsien esku sartze handiago bat galdetuz. Kritikatzen dute, halaber, erreformak ez duela aterabiderik eskaintzen populazio txikiko eremuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.