Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Biharamuna

Ahal Dugu-k ez du Urkullu babestuko, baina oposizio «eraikitzailea» egingo du

Edozein gobernu formula baztertu du. Albak dio emaitzak urrats bat direla alderdia egituratuz joateko eta gehiengo berri bat sortzeko
Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusia eta Eduardo Maura kanpainako arduraduna, atzo, Bilbon.
Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusia eta Eduardo Maura kanpainako arduraduna, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE

Jokin Sagarzazu -

2016ko irailak 27
Ez dute gobernua babestuko. Oposizioan kokatu dute beren burua Elkarrekin Podemoseko kideek. Aurka egiteko modua, baina, «ezberdina» izango da: «Irmoa, baina eraikitzailea». Koalizioak uste du PSE-EEri dagokiola orain erabakiak hartzea, Eusko Jaurlaritzari begira —EAJrekin bat egin edo ez—, eta baita Espainiako gobernabideari begira ere. Han, Podemosek eskaintza egin dio alderdi sozialistari PPri gobernua kenduko dion alternatiba bat saiatzeko, Kataluniako eta Hego Euskal Herriko abertzaleei keinuak eginda, besteak beste.

Bilbon eginiko agerraldi batean, Elkarrekin Podemoseko parte den EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusi Nagua Albak eta alderdi bereko kanpainako zuzendari eta Espainiako Kongresuan diputatu den Eduardo Maurak herenegungo emaitzen analisi «baikorra» egin dute, nahiz eta inkestek ematen zizkieten emaitzen eta lorturiko botoen artean aldea egon, eta ekainean egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan hiru herrialdeetan lorturiko botoen erdiak baino gehiago galdu (179.069 boto). Hori aitortuta ere, Maurak adierazi du koalizioak ez duela «inoiz» helburu gisa jarri «ekainean lorturiko emaitzekin lehiatzea». «Euskadin hauteskunde autonomikoek beti dute erritmo ezberdin bat». Ahal Dugu-ko zuzendaritzako kideak konparazioetarako «mugarri» gisa jarri ditu iazko maiatzean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginiko foru hauteskundeak. 177.774 boto lortu zituzten orduan, Irabaziarenak —Ezker Anitza eta Equok osatutako koalizioarenak— batuta. 20.000 boto galdu badituzte ere, Maurak azaldu du Ahal Dugu-ren proiektua «egonkortu» egin dela, eta hirugarren indar politikoa izatea «emaitza ona» dela. «Bikaina» izan da, harentzat, Bilbo Handian bigarren izatea eta «itxaropentsua» Gasteizen eta Donostian hirugarren geratzea.

Albak, berriz, azaldu du «orain» Ahal Dugu-ren egitekoa dela «zoru» hori egonkortzea eta hiru lurraldeetan erakundea «eraikitzen jarraitzea eta egiturak sendotzea», eta mezuak herritarren artean zabaltzea. Aurrera begira, Albarentzat helburua izan behar da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «gehiengo sozial berri bat artikulatzea», beste talde batzuekin elkarlanean, inoiz EAJren hegemoniari aurre egin ahal izateko.

EAJ Ajuria Enetik kanporatzeko xedearekin ekin zioten Eusko Legebiltzarrerako bozei Elkarrekin Podemoseko kideek, baina, kanpainak aurrera egin ahala, koalizioaren diskurtsoa oposiziorako joan zen egokituz. Azken astean, bigarren indarra izatea jarri zuten helburu, baina, azkenean, 67.583 botoren aldea atera dio EH Bilduk. Eta, EAJrekin gobernu akordioa egitea baztertu badute ere —baita Arnaldo Otegik proposatutako EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos balizko gehiengoa babestea ere—, gai jakin batzuetan jeltzaleekin akordioak egiteko prest agertu dira. Oposizio «umila eta eraikitzailea» egingo dutela azpimarratu dute.

Uriarte: «Kea saldu dute»

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izandako Roberto Uriartek —iazko azaroan dimititu zuen— gogor kritikatu du bere alderdiak erabili duen estrategia. Gogoratu du bere taldea zuzendaritzan zenean herenegungoak baino emaitza hobeak lortu zituztela foru bozetan, «eta estatuko zuzendaritzaren inolako babesik gabe». Alba buru duen lantaldeari leporatu dio «proiektu propiorik ez izatea Euskadirentzat» eta «kea saltzea»: «Marketin estrategiak baino ez dituzte». «Argi geratu da Euskadin ezin dela proiektu politikorik gabe lehiatu», azpimarratu du, eta Espainian ez bezala, hemen EAJri aurre egingo liokeen alternatibarik eskaini ez izana oker larria izan dela adierazi. «Ez dezatela orain pagaburu bat bilatu», esan du, Pili Zabalari buruz ustez alderdi barruan egin diren kritika batzuei erantzunez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna