Segurtasuna sarera hedatzeko zentroa prest da lanari ekiteko

Zibersegurtasunerako Euskal Zentroan eskainiko dituzten zerbitzuen berri eman dute. Europan erreferente izatea da arduradunen asmoa

Zentroa aurkezteko agerraldia, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Basque Cybersecurity Center edo Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa prest da sarean herritarren eta enpresen segurtasuna bermatzeko. Zentroak denetariko zerbitzuak eskainiko ditu: alertak eta oharrak zabaldu, intzidenteen erantzunak aztertu eta koordinatu, abisu proaktiboak igorri, segurtasun diagnostikoak egin, eta dibulgazio lanak. Urrian hasi ziren ideia garatzen, eta atzo aurkeztu zuten, Arabako Parke Teknologikoan, Arantza Tapia eta Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako sailburuek, Javier Dieguez zentroko zuzendariak eta Alexander ArriolaSPRI Taldea Jaurlaritzaren enpresa garapenerako agentziako zuzendariak.

«Kalean herritarrek duten segurtasun pertzepzioa sarera zabaltzea da gure helburua», zehaztu zuen Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Izan ere, haren hitzetan, kalean gertatzen diren delitu guztiek dute parekoren bat Interneten. «Halere, enpresa askok ez dakite zer-nolako arriskuak hartzen dituzten», nabarmendu zuen Dieguezek.

Pausoz pauso

Zentroaren kudeatzaileek azpimarratu zuten jaioberri izateari utzi eta oinez hasi berria den haurra bihurtzeko garaia dela. Hazkuntza horretan, CERT zentro bilakatu nahi dute; gerora, FIRST foroan sartzeko. Gertakari informatikoei erantzuteko lantaldeen mundu mailako foroa da FIRST, eta, hor Europako zibersegurtasun zentro gutxi daudenez, «erreferente bilakatuko litzateke Euskadi». Talde lana ezinbestekotzat jo dute hazteko.Bertako eta atzerriko enpresekin ari dira kooperatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri asmo duen zentroarekin ere ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.